KRITIKA. Musika

Batzea eta asetzea

2021eko otsailaren 23a
00:00
Entzun

Musikeneko orkestra sinfonikoa

Zuzendaria: Juanjo Mena.Pianoa: Joan Miguel Fiol. Egitaraua: R. Schumannen Genoveva obertura op.81 eta 4. sinfonia, W. A. Mozarten Pianorako 27. kontzertua (K595) eta Figaroren ezteiak (K492) operaren obertura. Lekua: Musikeneko auditoriuma, Donostian.Eguna: Otsailak 20.

Larunbatean Musikeneko eraikinaren inguruan sortu zen ilarak aditzera eman zuen aukerak murritzak izan arren, publikoak baduela zuzeneko kontzertuetara joateko nahikoa gogo, akaso beharra ere bai. Areto txiki eta entzule kopuru handiaren kudeaketan sortutako anabasak emanaldia ia hamar minutuko atzerapenarekin hastea eragin zuen.

Opera bakarra konposatu zuen Robert Schumannek, Brabanteko Genovevaren Erdi Aroko kondaira oinarri duena. Horren oberturak ireki zuen kontzertua. Hasieratik orkestran batasun falta sumatu zen, baina samurra izan zen une gorenerako bidea, entzulekuan soinua tarteka gehiegi asetzen bazen ere.

Joan Miguel Fiol pianista Musikeneko Orkestra Sinfonikoari batu zitzaion W. A. Mozarten Pianorako 27. kontzertua eskaintzeko. Ez dago argi austriarrak idatzi zuen azken kontzertua ote den, baina badira bertan esperimentazio ukituak. Allegro-an tempoan ezegonkortasun sentsazioa gailendu arren, pianoak malenkonia irribarretsua marraztu zuen, eta aise gidatu zituen modulazioak. Bigarren mugimendua mantsoegi, baina azken allegro-an orkestrak arima dantzaria berreskuratu zuen; Fiol kadentzian jostalari, fraseatzea eta norabidea galdu gabe. F. Chopinen Andante spianato bisa, dotore bezain zoragarria.

Zentsurari ihes egitea lortu zuen Figaroren ezteiak operaren obertura deskribatzen duten izenondoak Mozarti berari ere atxiki lekizkioke: azkarra, zorrotza, gatzduna, umore konpultsiboa. Orkestra gehiegizko pisua hartzeko zorian, oro har, doi eta arin jardun zen.

Kontzertua ixteko, Schumannen 4. sinfonia entzun zen. Orkestra uztartua eta Juanjo Menaren batuta eroso, hariek lehen mugimendua irekitzen duen kemena eta ezinegona haragiztatu zuten. Scherzo-an herrenka ibili zen orkestra, baina laugarren mugimenduan giroa argituz eta bizituz joan zen, lebhaft oharrari zentzua emanez eta azken presto-ari energiaz ekinez. Edonola ere, bai publikoak. bai ikasleek euren lanaren emaitza behar den bezala ustiatu ahal izateko areto handiagoa eta logistika zainduagoa beharko lukete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.