Koronabirusa. IRITZIA

Nola heldu gara honaino

Ana Galarraga Aiestaran - Elhuyar Zientzia

2020ko abuztuak 11

Duela hilabete, Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeak izan ziren. Iñigo Urkullu Renteriaren eta haren kideen arabera, COVID-19aren egoerak aukera ematen zuen jendea bozetara deitzeko, infektatzeko arrisku handiegirik gabe. Bazirudien birusa kontrolpean zegoela, edo horren itxura eman zuten, behintzat. Ordurako, ordea, berragerpen batzuk izanak ziren han eta hemen; horren ondorioz, berrehun pertsona inguru boza eman ezinik geratu ziren. Bazeuden, beraz, pitzadurak, ustezko kontrol-egoeran.

Geroztik, udako jarduerei helduta, berragerpenak nabarmen ugaritu dira Hego Euskal Herri osoan. Hainbeste, ezen Nekane Murga Eizagaetxebarria Eusko Jaurlaritzako Osasun kontseilariak bigarren olatuaren aurrean gaudela iragarri baitzuen joan den astean.

Iragarpena egin eta ordu gutxi batzuk geroago, Fernando Simon Soria Alerta eta Larrialdi Sanitarioak Koordinatzeko Espainiako Zentroaren bozeramaileak Murgaren esana ezeztatu zuen, kasuen gorakada hiru lurraldeetatik bitan baino ez zela gertatu eta infektatuen gehiengoa asintomatikoa zela arrazoituta.

Bigarren olatua den ala ez eztabaidatzea antzua da, ordea. Ez dago bigarren olatuaren definizio tekniko bateraturik, eta, eztabaidak eztabaida, berragerpenek frogatzen dute birusak gure artean jarraitzen duela.

Kasuen jarraipen-sistemari esker, diagnostiko-proba gehiago egiten dira, eta horrek laguntzen du infektatu gehiago detektatzen, martxotik ekainera bitarteko epearekin alderatuta. Horri esker, ehunekoetan, asintomatikoak ere hazi egin dira, eta, horretan oinarrituta, batzuek adierazi dute birusa ahuldu egin dela. Ez da horrela, ordea: denbora gutxiegi igaro da birusa ahulduko lukeen mutazio bat gertatu eta gainerako aldaerei gain hartu eta hedatzeko.

Oso litekeena da hori gertatzea, alegia, birusa gugana egokitzea eta, talde-immunitatea lortzearekin batera, hain larria izateari uztea. Joera hori izan dute antzeko patogenoek, eta hori iragartzen dute COVID-19aren ereduek ere. Hala, gripearen antzera, sasoikoa bihurtuko litzateke. Baina hori ere ez litzateke hain albiste ona izango; gripea eta COVID-19a elkartuz gero, osasun-sistemak hilabete jakin batzuetan gainezka egiteko arriskuan egongo bailirateke.

Hori guztia gertatu bitartean, birusak udaberrian bezain gogor jo dezake, eta ezinezkoa da haren kolpeak leuntzea, neurri eraginkorrak hartu ezean. Jarduera ekonomikoa babestearen eta osasuna zaintzearen arteko sokatiran, osasuna ari da galtzen. Eta ardura ez da jendearena soilik, agintariek hala badiote ere. Eurena ere bada; edo, batez ere, eurena da.

Ezinbestekoa da jendearen portaera aintzat hartzea arauak ezartzean. Animalia sozialak gara, jokabide batzuk gure izaerarekin bat datoz, eta oso zaila da haiek aldaraztea. Are zailagoa, ez bada pedagogia egiten, ez badira neurri zentzuzkoak, eraginkorrak eta koherenteak ezartzen, eta ez badira prebenitzen kontrako jarrerak.

Hain zuzen, azken egunotan hauspotzen ari dira infekzioak eragozteko helburua duten neurrien aurkako iritziak. Horiek ere aintzat hartzekoak dira, beldurra eta nahasmena hedatzeko arriskua baitute; hortaz, izan dezaketen eragina galarazteko pausoak eman behar dira, pedagogian eta gardentasunean oinarrituta, eta zaintza kolektiboaren ideia berreskuratuta. Iraila begien aurrean dugu.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

PCR proba bat, Gurutzetako ospitalean. ©Luis Jauregialtzo, FOKU

Positibo kopuruak goia jo du Nafarroan

Uxue Rey Gorraiz

Beste 749 kasu atzeman dituzte Hegoaldean, eta nabarmen ugaritu dira Nafarroan: 362 kutsatu detektatu dituzte azken egunean. 501 lagun daude erietxeratuta Hego Euskal Herrian, eta 82 gaixo daude ZIUetan.

Zestoa, artxiboko irudi batean. ©Gorka Rubio / Foku

Eraikin publikoak eta tabernak itxi dituzte Zestoan

Berria

28 kasu baieztatu dituzte azken egunetan, eta neurri murriztaileak hartu dituzte agerraldiari aurre egiteko asmoz. Datozen egunetan egoera «kontrolatzea» espero dute.

Iñigo Urkullu omenaldian ©Eusko Jaurlaritza

Koronabirusaren biktimak omendu dituzte Gasteizen

Uxue Rey Gorraiz

Iñigo Urkullu lehendakariak gidatu du ekitaldia. Pandemiarengatik hildakoak gogoratu ditu, eta elkartasuna adierazi die familiei. «Elkarrizketa soziala» bultzatu dadin galdegin du, bizikidetza sozialaren berreraikuntzarako.

Sindikatuen eta Sareren elkarretaratzea, presoen egoeraren harira Bilbon. ©Marisol Ramires/FOKU

Hainbat espetxetan komunikazioak eten dituztela salatu dute Sarek eta Etxerat-ek

Maria Ortega Zubiate

Presoek eta haien senideek “garai oso zailak” bizi dituztela adierazi dute bi elkarteek, eta pandemiak “salbuespenezko erregimenaren aplikazioa” areagotzen duela. Positibotzat jo dituzte Eusko Legebiltzarrean eta Espainian espetxe politika aldatzeko egindako adierazpenak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna