Udal eta foru hauteskundeak. Araba. Gorka Urtaran. EAJren Gasteizko alkategaia

«Herritarrek badakite ez garela abenturazaleak, pausoz pauso goazela»

Inkestek diotena gorabehera, Urtaranek uste du EAJk «arazorik gabe» irabaziko dituela igandeko hauteskundeak Gasteizen. Berriro alkate bada, gobernu «plural» bat eratzeko prest dago.

Edurne Begiristain.
Gasteiz
2019ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
EAJ hirugarren indarra izan zen duela lau urte Gasteizko udal bozetan, baina, EH Bildu, Ahal Dugu eta Irabaziren babesari esker, alkate izan zen Gorka Urtaran (Gasteiz, 1973). Legealdian, baina, hautsi egin dira ezkerreko alderdiekiko zubiak. Urtaranek EH Bilduren «estrategia alderdikoiari» egotzi dio haustura.

Udal legealdiaren balantze bat eginez gero, aurreikuspenak bete dituzula uste duzu?

Bai, zalantzarik gabe. Hasiera oso zaila izan zen, baina, oztopoak oztopo, lortu dugu proiektuak aurrera ateratzea eta hiria hobetzea. Oso balantze positiboa egiten dut.

Aginteak higatu ala indartu egin zaitu?

Indartuta atera garela esango nuke. Egia da lau urte hauek ez direla errazak izan; aldaketak ez dira samurrak izaten, eta denbora bat behar dute sendotzeko. Gasteizen aldaketa inportantea gauzatu dugu azkeneko lau urteotan: enplegu gehiago sortu dugu,mugikortasunaren aldeko proiektuak aurrera atera ditugu, AHTaren proiektua adostu dugu Espainiako Gobernuarekin... Gasteizko agendan daude definituta etorkizuneko proiektuak, eta finantzaketa badute.

Zertan egingo zenuke autokritika?

Nahiago izango nuke aurrekontu guztiak onartu izan bagenitu aurrenekoa bezala. Niretzat etsigarria izan da EH Bilduk izan duen jarrera. Elkarrekin abiatu genuen bide hau, baina, EH Bilduk ikusi zuenean gobernuak aurrera egiten zuela eta proiektuak onartzen zituela, aldaketaren gurditik jaitsi zen, eta gure kontrako politika abiatu zuen. Hori ez dago ulertzerik. Niri hitza ez betetzea egotzi zidaten, baina errealitatea zen ez zegoela diru sarrera nahikorik proiektu batzuk gauzatzeko.

Alkatetzara eraman zintuzten alderdiek jada ez zaituzte babesten. Zer gertatu da?

2016an, EH Bilduk bere estrategia alderdikoia lehenetsi zuen. Ikusi zuenean gobernua martxan zegoela, akordiotik aldendu zen, eta PPrekin estrategia bera partekatu zuen. Estrategia politikoagatik hautsi da gure arteko harremana.

Damutu al zaizu 2015ean egindako apustua?

Ez, inola ere ez. Harro nago hartutako erabakiaz. Banekien oso erabaki arriskutsua zela, giro politikoa oso nahastuta zegoelako eta oso zaila zelako alkatetza hartzea bost zinegotzirekin. Baina izugarrizko lana egin dugu, eta gure konpromisoa erakutsi dugu Gasteizko hiriarekin.

Inkestek oso lehia estua iragarri dute Miren Larrionen eta bion artean. Zer espero duzu?

Inkestek diote hor dagoela EH Bildu eta, beraz, kontuz ibili beharko dugula, baina ziur nago gasteiztarrek kontuan izango dutela gure lana. Badakite nolakoa den gure kudeaketa, lan gardena,zuzena eta gertua egin dugula, eta ziur naiz igandean arazorik gabe irabaziko dugula.

Larrionek irabaziz gero, haren inbestidura babestuko al zenuke?

Ez dut egoera hori aurreikusten. Uste dut gasteiztarrek kontuan izango dutela gure lana. Badakite ez garela abenturazaleak, pausoz pauso goazela, eta badakite hiria gure lehentasuna dela.

Alkate bazara, PSE izango da berriro zure lehentasunezko bazkidea?

Gasteiz plurala da, eta ni gobernu plural baten aldekoa naiz. Horrek esan nahi du alderdi batek baino gehiagok egon beharko luketela gobernuan, PSEk ez ezik beste batzuek ere bai. Ni koalizio gobernuen aldekoa naiz, eta prest nago gobernu plural bat eratzeko.

Zein da zure hauteskunde programaren proiektu nagusia?

AHTaren sarbidea Gasteizen. Lau urte hauetan lortu dugu AHTaren sarbidea lurperatua izatea. Horrekin batera, Salburuaren eta Zabalganaren arteko ekobulebarra sortzea da gure erronka.

Gasteiz antzokiaren obrak lizitatu berri dituzue. Zergatik atzeratu da hainbeste?

Oposizioak ez du bereziki lagundu, baina errealitateak erakutsi du gure apustua Gasteiz antzokia aurrera ateratzea zela. Kolektibo euskaltzaleen eta gobernuaren artean lortu dugu aurrera ateratzea.

Alkate bazara, zer gertatuko da Errekaleor auzoarekin?

Gure asmoa da auzoa hustea eta etxebizitza horiek suntsitzea. Okupazioa ez da eredu baliogarri bat, ez duelako bermatzen berdintasun printzipioa. Negoziazioaren bidea agorturik dago, eta okupazioa amaitu behar da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.