«Gaur egungo gazteekin sekulako arrakala ikusten dut»

mikel lizarralde
Mungia
2018ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Hainbat diskoetxerekin kaleratu izan dituzu diskoak, eta zuk zeuk ateratzea zer den ere badakizu. Orain Elkarrekin atera duzu. Zer ekarri du horrek?

Musikari eskaini nahi izan nion arreta. Bi disko egin ditut erantzukizun guztia nire gain hartuta, eta badakit zer lan den. Esperientzia polita da, baina orain ez nuen horretan indar gehiegi jarri nahi. Elkarri proposatu nion, prest azaldu zen, eta aurrera. Baina gaur egun ez dago aukera handirik ere... Diskoetxe baten zigiluarekin kaleratzen diren disko asko ere autoekoizpenak izaten dira.

Pi.L.T.-ren itzulerarekin, esaten zenuen gehiago begiratu beharko litzaiokeela gaur egun egiten denari, eta ez hainbeste iraganari. Zer indar du euskal musikak egun?

35-40 urtetik gorako jendeak kontsumitzen du musika. Pentsa, nik gitarra eskolak ematen dizkiet gazteei, eta ikusten dut ez dutela musikarik entzuten. Eta, gustuko kantu bat ekartzeko eskatuz gero, ez dakite esaten nola aurkitu duten, nola iritsi zaien hori belarrietara. Amnesia kasu itzela da, eta oso orokortua dago. Gaur egun, rock kontzertuak orain dela 30 urte musika klasikoa zenaren parekoak dira. Glaukoma bezalako talde batek kontzertu batera bere tribua eraman dezake. Baina zer tribu izan dezaket nik? 45 urterekin? Ez daukat triburik! Eta, horrela, kontzertuen kontua oso endogamikoa bihurtzen da. Beti berberak gara kontzertuetan. Klub batekoak ematen dugu.

Zure kontzertuetan hori nabaritzen duzu?

Ez dut masa handirik mugitzen, baina esango nuke beste batzuek ere nabaritzen dutela hori. Gaur egungo gazteekin sekulako arrakala ikusten dut. Musikariok ez dugu asmatu eskaintzen dugun hori haientzat erakargarri egiten.

Eta zergatik gertatu da hori?

Gauza asko izan daitezke, baina, adibidez, musika ez da sartu hezkuntza sisteman, literatura sartu den moduan. Eskolan bertan, 13-14 urteko edozein gaztek jakin dezake zein den Harkaitz Cano. Baina askok ez dakite zein den Ruper Ordorika! Literaturak ez du musikak bezainbeste jende mugitu, baina, hala ere, musikan arrakala handi bat dago. Are gehiago, gazteei ez zaizikie interesatzen popa eta rocka. Zilegitasun osoa dute, e! Baina kezkatzen nau gazteek kultura nola bizi duten. Edo zer garrantzi ematen dioten. Uste dut hor arazo handia dugula.

Badira gazteak eramaten dituzten taldeak ere...

Bai, Glaukoma, Gatibu... eramaten dituzte gazteak, baina ez pentsa asko direnik! Orain gazteak reggaetoiarekin daude. Eta pentsa zer den ondorioztatzea orain arte gazteei lotutako kultura bat zaharren kultura bat dela gaur egun! Sekulako kolpea da.

Zuk onartua ikusten duzu zeure burua?

Ni komunikabideetan asko agertzen naiz, baina gero hori ez da orekatzen kontzertuetara doan jende kopuruarekin. Bitxia da hori, eta izugarrizko eskizofrenia sorrarazten dizu. Ikasi behar duzu laudorioak oso ondo neurtzen.

Etsigarria da?

Horrekin bizitzen jakin behar da. Nik musika dut ogibide, eta badakit errealitatea zein den. Eta badakit hogei zerrendatan agertzeak ez duela esan nahi bestelako oihartzuna izango duzunik. Diskoak egitea, beste lantxo batzuk ere bai, eta erdi bizitzea... hori niretzat sekulakoa da. Hori hogei urte barru ez da posible izango. Eta pribilegiatua naiz, nahi dudanaz bizi naizelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.