Futbola. Espainiako Kopako finalaren ondorena

Triste baina egindakoaz harro iritsi dira Athleticeko kideak

Taldeko jokalari, entrenatzaile eta ordezkariak finala bukatu eta berehala irten ziren etxera bidean

Marcelo Bielsa eta taldeko hainbat kide, burumakur, herenegun, finala amaitu berritan. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2012ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Athleticeko jokalariek ez zeukaten ospatzeko askorik. Burumakur eta aurpegi tristearekin irten ziren Vicente Calderon futbol zelaiko aldageletatik. Triste irten ziren, baina harro era berean, urte berean bi final jokatzea lorpen handia baita. Baina denboraldia ez dute nahi bezala amaitu. Horregatik, kopetilun egin zuten etxerako bidaia. Partida amaitu bezain pronto egin zuten, gainera. Goizeko hiruretan Forondako aireportura iritsi zen talde zuri-gorria, Gasteizera, Loiukoa ordu horretan itxita egoten baita. Hortik autobusean abiatu ziren Bilbora.

Zaleek, beraz, Bilboko itsasadarrean titulu bat ospatzeko, itxaroten jarraitu beharko dute. Edozein modutan, ez da lehenengo aldia Athleticek bi final jokatu eta titulurik lortzen ez duena. 1977. urtean, UEFA kopako finala eta Espainiako Kopakoa jokatu zituen, eta biak galdu zituen, Juventusen eta Betisen aurka, hurrenez hurren. Baina final horiek ezberdinak izan ziren, tituluak irabazteko merituak egin baitzituen.

Bielsaren geroa, datorren astean

Urte honetako ibilbide oparoa Marcelo Bielsa entrenatzailearen eskutik etorri da, batez ere. Bilbon sekulako onarpena izan du argentinarrak, eta zaleek begirunez hartu dute. Ostiraleko partida galdu izanaren errua bere gain hartu zuen norgehiagoka amaitu bezain pronto. «Aurkeztu nuen proposamena ez zen egokia izan. Ardura guztia nire gain hartzen dut», adierazi zuen. Prentsaurrekora kopetilun agertu zen. «Ez naiz egon zaleek zuten ilusioaren mailan», aitortu zuen.

Edozein modutan, taldeak «etorkizuna» duela azpimarratu zuen, «gaztetasunagatik oraindik hazteko aukera» daukalako. Eta nondik hazi? Etengabe eduki behar den indarra lortzetik, «zirt edo zart egin beharreko partidetan». Horren harira, gogora ekarri zuen ligako bosgarren postua azken unean galdu zutela. Beraz, ildo hori jorratu behar dela azpimarratu zuen.

Landuko dela, bai, baina haren eskutik izango ote den oraindik ez dago garbi. Datorren astean zuzendaritzarekin bilduko dela aurreratu zuen, eta ondoren emango du erabakiaren berri. Josu Urrutia Athleticeko presidenteak Bielsak jarraitzearen alde egingo du. Bielsaren erantzuna airean dago. Edozein modutan, mezu argia utzi zuen herenegun. «Futbola maite duen edozein pertsonak Athleticetik igarotzea beti eskertuko du. Esperientzia bat da». Zaleek eta zuzendaritzak berak bizipen hori bizitzen jarrai dezatela nahi dute, era horretan 28 urtez itxaroten ari diren tituluren bat berriz ere erdiesteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.