«Eliza eremu hertsia da, eta pentsamenduak ez du tokirik bere barnean»

Mixel Oronoz apaiza da eta erretretan dago. 'S Kalonjearen testamentua' liburuan, Elizari buruzko gogoeta sakonak ageri dira, Elizaren hierarkiak baztertu nahi izan dituen gaien inguruan.

Aitor Renteria.
2009ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
S kalonjearen testamentua, Bazterketa eliza katolikoan (1954-2008) izeneko liburua idatzi berri du Mixel Oronozek. Bertan Eliza katolikoari buruzko ikuspegi zorrotza islatzen du, ironia sarkorrez osatua. Eliza katolikoak historian egindakoagatik hainbat alditan barkamena eskatu badu ere, hainbat arlotan egindakoengatik sekula ez du jarrera hori erakutsi. Gertakari, pentsamendu eta pertsonaia errealetan oinarrituz, literaturaren bidez, Elizaren hainbat jarrera gaitzesten ditu liburuak. Zerbait berria lortzeko zedarri zaharrak hautsi behar direla dio Oronozek, eta Elizak ez du ildo hori hartu azken urteotan. Aitzitik, bazterketaren eredua nagusitu dela dio. Elizan pentsatzeko askatasunik ez dela uste du.

Liburuaren ardatza S kalonjearen gogoeta da. Umore zorrotzaren bidez, Elizari buruzko ikuspegia azaltzen duzu. Zergatik hautatu duzu zortzi kapituluko egituraketa hori?

S kalonjeak bihotzekoa dauka, eta eritasun bitxia du ondorioz. Egindakoarengatik hainbat aldiz eskatu du barkamena Elizak. Baina kalonjea ohartzen da azken denboretan ez duela egin, eta preseski, gai batzuen inguruan, sekula ez duela egin. Zortzi ataletan antolatua da, Elizak gai horietan erakutsi dituen hutsuneak hobeto nabarmentzeko.

Lehen kapituluetan aipatzen dira apaizen kanporaketak. Pentsamendu askatasunik badago Elizan?

Apaizen kanporaketa izugarria eman zen 1953an, eta horren isla da 4. Garabia izeneko kapitulua. Apaiz langileak deitzen zirenak kanporatu zituen Elizak. Kalonjeak 50 urtean izandako kanporaketak zenbatzen eta azaltzen ditu. Apaizak herritarren artean, gizartearen sustraian egon behar zutela uste zuten apaiz haiek, baina Erromako hierarkiak apaiz haiek baztertzea deliberatu zuen, eredu bakarra jarriz indarrean. Kalonjeak ironia zorrotzez hartzen ditu Elizako agintariak.

Emazteek pairatu duten tratua ere ez da gelditzen kritikatik at. Kapitulu bat eskaintzen diezu.Mehatxu gisa hartzen ditu Elizak?

Domremy la pucelleko Rave deitzen da kapitulu hori. Herri txiki batean seroren elkarretaratze edo Rave bat eginen dela aipatzen da. Elizak ez du horren berri, Renseignement Generaux zerbitzuetako poliziak horren berri eman arte Elizako agintariei. Txarrago oraindik. Zurrumurruek zabaltzen dute emazte horietariko anitz apaizen lagun edo maitaleak direla. Ororen buru, Gaillot apezpikuaren aipamena ere egiten da bertan eta bertze kapitulu batean. Erromako hierarkiak ez du onartzen emaztearen presentzia agintean edo erantzukizun postuetan. Vatikano II. Kontzilioko erabakiak sekula ez dira gauzatu, eta haren irakurketa egin behar zutenek, hura garatu behar zutenek, nahiago izan dute begiak itxi eta deus ez mugitu. Azken elementu horrekin lotura handia du hurrengo kapituluak. Bertan apaizen zelibatoa aipatzen da. 1968an bazirudien gauzak mugituko zirela eta askatasun handiagoa helduko zela. Baina ez zen hala gertatu. Garaiko nahikari eta aldarrikapenen lekukotzat Bernard Besreten hitzak agertzen dira. Baina Paulo VI.ak bide hertsitik hartu zuen kontzilioa, apaizen zelibatoa hobetsiz.

Elizari ezkontzeko baimena eskatu zioten apaizen lekukotasuna agertzen duzu liburuan. Zergatik?

Lagunen hamalau lekukotasun aipatzen ditut, batzuk izena emanik eta bertze batzuk ez. Izugarria da Elizak erakusten dien mespretxua, ezdeusak balira bezala erantzuten die. Dogmatik ateratzen zen oro baztertzea deliberatu zuen Elizak. 50 urtean 37 teologo kanporatu zituen Elizak, jakitatez Vatikanoko edozein teologok bezainbat balio arren. Elizan ezin da pentsatu dogmen hesiekin jo gabe. Eremu hertsia da eta pentsamenduak ez du tokirik. Elizak sinestunen eta Jainkoaren arteko ararteko funtzioa aitortu dio bere buruari. Norbanakoak Jainkoarengan bila dezakeen harremana itotzen du, egitura atxikitzeko. Eginkizuna bereganatu eta baztertuak ekoiztea Elizaren izaera bihurtzen dela salatzen du Joseph Moingt teologo jesuitak.

Apaiz homosexualen egoera aipatzen duzu kapitulu batean. Zergatik dute horren egoera dorpea?

Homosexualak ez dira Vatikanoaren gustukoak. Haren iritziz ez omen dira gizonak, ez emazteak. Samin handia eragiten du Elizaren jarrera horrek nigan. Hierarkiaren itsukeriaren edo jarrera hertsiaren adibide mingarria da.Gero eta kontserbatzaileagoa da, eta erauzi du pentsatzeko askatasuna. Molde hertsi horiek hautsi behar dira zerbait berri kausitzeko.

Pentsamendua libre atxiki nahi izan duen apaizaren ibilbidea



Mixel Oronoz 1935ean sortu zen, Baigorrin, eta 1960an apaiztu zen, Baionan. Ondoren, sei urtez aritu zen apaiz, Boli Kostan. Baionara itzultzean, Baionako apezpikuaren zerbitzuko egon zen, Baionako katedralean. Afrikara itzultzea eskatu zuen, baina Belgikara igorri zuen Elizak, 1969tik 1971ra. Teologia ikasketekin segitu zuen han. Geroztik, irakasle gisa aritu izan zen, Istanbulen, Bordelen eta abar. Ez ditu Elizarekiko loturak atxiki. Egun erretretan da, eta Baionan bizi da. Organoa jotzen du Baigorriko katedralean. «Hori da Elizaren hierarkiarekin atxikitzen dudan harreman bakarra, organoa jotzea otoitz egiteko molde bat baita niretzako», dio ironiaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.