Donostiako 61. Zinemaldia

Todd Haynes zinemagilea izango da epaimahai ofizialeko presidentea

David Byrne Talking Headseko burua, Paulina Garcia aktorea eta Cesc Gay zuzendaria daude epaimahaikideen arteanAbdellatif Kechicheren 'La vie d'Adèle' pelikulak jasoko du kritikaren Fipresci saria

Igor Susaeta.
Donostia
2013ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Todd Haynes, Far From Heaven (2002) pelikula laudatu eta sarituaren egilea izango da 61. Donostiako Zinemaldiaren epaimahai ofizialaren presidentea. Jose Luis Rebordinos jaialdiaren zuzendariak jakinarazi zuen, atzo, aurtengo ekitaldiaren aurkezpen ofizialean. Rebordinosen hitzetan, AEBetako zinemagintza independente berriaren ikurretako bat da. Zuzendariak jakinarazi zuen, gainera, Zinematografiako Kritikarien Nazioarteko Federazioaren (Fipresci) saria Abdellatif Kechicheren La vie d'Adèle-k jasoko duela.

Pelikularik onenaren Urrezko Palma irabazi zuen zinemagile tunisiarraren lanak Cannesko (Frantzia) zinema jaialdian, joan den maiatzean. Mundu osoko 245 kritikarik osatzen dute Fipresci, eta azken urtean estreinatutako filmeen artean bat aukeratzen dute; ohi bezala, Donostiako Zinemaldian saritzen dute. Hilaren 20ko inaugurazio galan, Kursaalean, emango diote Kechicheri, eta gero, 23:30ean, jauregiko 2. aretoan proiektatuko dute, emanaldi bakarrean.

Cannesko Urrezko Palma inoiz ez du irabazi Haynesek (Los Angeles, Kalifornia, 1961), baina 1998an ekarpen artistiko onenaren saria eman zioten han, Velvet Goldmine filmagatik. Zazpi urte lehenago estreinatu zuen haren lehen film luzea, Poison, eta lan hark ere irabazi zituen sariak: Sundanceko jaialdiko epaimahaiaren saria, eta Teddy saria Berlinen. Urte batzuk geroago jo zuen goia, ordea, Far From Heaven-ekin. Kontatzen zuen diru arazorik gabeko 50eko hamarkadako AEBetako etxekoandre baten istorioa. Oscar sarietarako lau izendapen izan zituen pelikulak, baina ez zuen bakar bat ere lortu. Beste hamaika sari irabazi zituen, baina, munduaren luze-zabaleko jaialdietan.

I'm Not There (2007) da Haynesek osatutako azken film luzea, eta, gainera, film laburrak, telesailak eta beste egin ditu ia 30 urteko ibilbidean. Haren azkeneko lana Mildred Pierce da, James M. Cain idazlearen eleberrian oinarrituta HBO katearentzat egindako bost orduko minitelesaila.

Epaimahaikide izango ditu estatubatuarrak David Byrne Talking Heads taldearen sortzaile eta burua —argazkilaria eta zinemagilea ere bada, eta bideo instalazioak egin izan ditu, adibidez—, Mariela Besuievsky ekoizlea, Valeria Bruni aktore italiarra, Paulina Garcia eta Diego Luna zuzendari eta aktore txiletar eta mexikarra eta Cesc Gay zinemagile kataluniarra. Haien zeregina izango da Sail Ofizialaren barruan emango dituzten hamahiru pelikulak baloratzea.

Euskal Zinemaren Irizar sariko epaimahaiburua Asier Altuna zinemagile bergararra izango da, eta alboan eduki ditu Anari Alberi musikari azkoitiarra eta Itziar Nogeras Donostia 2016 Bulegoko zuzendari aukeratu berria. Kutxa Zuzendari Berriak sariko epaimahaia ondokoek osatuko dute: Marina Stavenhagen gidoilari mexikarrak —bera izango da presidentea—, Oskar Alegria zinemagile iruñearrak, Carmen Cobos ekoizle espainiarrak, Sophie Mirouze La Rochelleko (Frantzia) zinema jaialdiko koordinatzaile artistikoak eta Karel Och Karlovy Varyko (Txekiar Errepublika) zinema jaialdiko zuzendari artistikoak.

Donostiako Zinemaldiak, gainera, beste hiru pelikula iragarri zituen atzo. Batetik, Dallas Buyer's Club (Jean Marc Vallee) eta L'amour est un crime parfait (Arnaud Larrieu eta Jean-Marie Larrieu) Perlak sailean; eta, bestetik, Paraiso (Mariana Chenillo), Zuzendari Berriak sailean.

Hilaren 20an hasiko da aurtengo ekitaldia, eta Juan Jose Campanella argentinarraren Futbolín animazioak irekiko du. Ixtea, berriz, Jean Pierre Jeunet frantziarraren The Young and Prodigious T.S. Spivet-i tokatuko zaio, 28an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.