Max Weberrek Politik als beruf (Politika, lanbide bokazio; 1919) idazlanean dio politikan jarduteko bi modu daudela: edo politikarako bizitzea edo politikaz bizitzea. Aurreneko kasuan printzipioen arabera jokatuko litzateke, bigarren mailan utzita ekintzen ondorioak. Eta, bestean, erantzukizunaren etikaren arabera; emaitzak gidatuta. Baina gauzak ez dira hain sinpleak. «Kontrajartze bat dago», dio: «Batak ez du, inondik ere, bestea ukatzen». Izan ere, dena zuri edo beltz ikustean, balioak erlatibismoaren zurrunbiloan jaurtitzean sortu ohi dira diskurtso demagogikoenak. Eta gai honetan askotan gertatzen da hori.
Politikarako bizi denak, segitzen du Weberrek, jarduera hori jartzen du bere bizitzaren oinarrian, zentzurik intimoenean eta baita modu zabalago batean ere. Bere bizitza jartzen du «zerbaiten» eta «zenbaitzuen» zerbitzura. Eta hori emateko prest daudenak, ideologiak ideologia, ez dira soberan, ez behintzat egungo gizartean. Politikarako bizi ahal izatea zerbait utopikoa izan baitaiteke ia, gizarte sektore batzuetan ez baita erraza hori soilik egiteko aukera duten herritarrak topatzea; jarduera horri eskaini ahal diotenak behar duen denbora, eta baliabide ekonomiko nahikoak dituztenak politikoarekin loturiko errentetatik soilik ez bizitzeko. Hori, duela ehun urte eta gaur egun ere, egin ahalko lukete pertsona edo talde jakin batzuek soilik. Horregatik izan zen aurreko mendeko ezkerraren eta hastapeneko mugimendu liberalen aldarrikapena jarduera politikoaren lan baldintzak ere duintzea, herritarren parte hartzea zabaltzeko eta instituzioak demokratizatzeko, besteak beste.
Bestalde, politikaz bizitzeak ere baditu bere «arriskuak»; are alderdi politikoen arabera antolatutako sistemetan. Alderdiek boterea eskuratzea dute helburu, beren printzipioak aurrera eramateko, baina badute erantzukizuna alderdiko kideekiko ere, besteak beste, haien artean karguak banatzeko, eta ez soilik instituzio publikoetakoak, Weberrek azpimarratzen duenez. Helburuak aurrera eramateko xedez, alderdiek beste erakunde batzuetan ere izaten dituzte adarrak, eta alderantziz; kasurako, enpresa handietan, eta ez soilik hor. Duela ehun urte —eta honetan ere gauzak ez dira asko aldatu—komunikabideak jartzen zituen adibide soziologo alemaniarrak. Kazetari politikoak eta politikari kazetariak bereiziz, enpresari politikoez eta politikari enpresariez hitz egin daitekeen moduan.
Arazoak, beraz, hor dirau, eta agian, intentsitate handiagoz. Aurreko mendean saiatu baziren politika demokratizatzen, gaur egun helburua berbera da, edo beharko luke, alderdien sistema bere horretan zalantzan jarriko ez bada. Eta horretaz jada ohartu dira batzuk. Politikaren gehiegizko profesionalizazioa saihesteko, esaterako, neurriak hartzen ari dira zenbait alderdi —gutxi batzuk oraindik, eta ezkerreko mugimendu eraldatzaileetakoak, bereziki—; adibidez, denbora epeak jarriz karguetan —alderdikoetan zein instituzioetakoetan— aritzeko, aurrez zituzten lanbideetara itzultzea ahalbidetuz, mugak ezarriz politikan aritu ondoren lanbide zehatz batzuetan aritzeko...Baina neurriokin ez litzateke aski. Alderdi horiek, eta denek oro har, beharko lukete barne demokrazia ere zabaldu, parte hartzea zabaldu. Hala nahi duenak aldi batean politikaz bizi ahal izateko, baina baita politikara emateko bere bizitza ere, nahi edo ahal duen denbora eta baliabideak eskainiz, eta ez soilik alderdiko kide gisa edo instituzioetan arituz.
Weberrek dio efikaziaren izenean politikariak erantzukizunaren etikaz jokatu beharko lukeela, emaitzen arabera; baina politikaren jarduna printzipiorik gabe nekez ulertuko litzatekeela ere esaten du. Politikaz bizi eta politikarako bizi; batak ez duela bestea ukatzen.

Ate errotak. ANALISIA
Idealistak eta profesionalak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu