Arantza damurik gabea

Duela 100 urte jaio zen Edith Piaf, Frantziako musika eta kultur ikur nagusietakoa azken mendean; pasioz, teatraltasunez eta bizitzaren isla garden agertuz interpretatu zituen himno bilakatutako hainbat kantu.

Edith Piaf (1915-1963) kantari frantziarra, 1950eko hamarkadako irudi batean.
gorka erostarbe leunda
2015eko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Kolore arrosez ikusi izan zuen bizitza maiz, La vie en rose himno bilakatuan kantatu bezala, edo ikusi nahi izan zuen behintzat. Arantzaz jositako ibilia egokitu baitzitzaion jaioz geroztik hil arterainokoan. Baina damurik ez, inoiz damurik ez; Non je ne regrette rien.

Atzo bete zen mendea Edith Piaf munduratu zenetik (1915-1963), Parisko auzo txiro batean. Europako ahots gailenetako bat izan zen II. Mundu Gerraren garai ilunean —erresistentziak kantatu ohi zuen haren La vie en rose, eta naziei ere gustukoa omen zitzaien— eta haren osteko gizarte abailduan. Chanson-aren lehen figura eta zutarrietako bat.

Edith Giovanna Gassion izenez jaio zen, 1915eko abenduaren 19an. Haren autobiografian azaldu eta gerora elikatu izan zuenez, Belleville kaleko 72. zenbakian jaio zen, farola baten azpian. Haren jaiotza aktak, aldiz, Parisko Thenon ospitalean sortu zela esaten du. Edonola ere, auzo, giro eta zirkunstantzia txiro gogorrean hazi eta hezi zen. Akrobata zuen aita, Louis Alphonse Gassion, eta kantari erraria ama, Annetta Maillard, jatorri italiar-berberekoa. Haurtzaroa gordina izan zuen, txirotasuna eta gaixotasuna ezagutu zituen, eta bere amonak gidatutako prostibuluetako giroa bizi izan zuen, harekin hezi izan baitzen batez ere. Baina damurik ez, inoiz damurik ez.

Damurik ez, baina arantzak beti bidera. Hamalau urte zituela Pigalleko kabaretetan kantuan hasi, eta 20 urterekin kaleratu zuen lehen diskoa, Louis Leplee enpresa gizonak lagunduta. Hark La Môme Piaf ezizena jarri zion: Neskatila enaratxoa. Erail egin zuten gizon hura, eta berriro ere hutsetik hasi behar. Asko markatu zuten bi pertsona ezagutu zituen geroxeago: Raymond Asso konpositorea, maitale eta gidari bilakatu zuena, eta Margueritte Monnot pianista, bizitza osoan alboan izango zuena.

Maitasuna eta tragedia

Lehenago sortua izanagatik ere, 1946an grabatu zuen La vie en rose, zeinetan maitasunari kantatzen baitzion, gizon batenganako maitasunari zehatzago, garai hartako begi eta sentimenduekin kantatu ere, egun bogako dagoen kontzeptu bat erabiliz, maitasun erromantikoz: «Bere besoetan hartzen nauenean/ eta leun hitz egiten didanean/ bizitza arrosa koloreko ikusten dut». Baina modu erromantikoan bezainbat bizi izan zuen modu eroan maitasuna, horrela topatzen baitzuenarantzatik arantzarako bidea egiteko adorea.

Baina tragedia ez zuen alboratzerik izan. New Yorken ezagutu zuen Marcel Cerdan boxeolaria. Sutsuki maitemindu zen hartaz ere, baina urtebete geroago hil zen hegazkin istripu batean, 1949an. Hari eskaini zion Hymne à l'amour ezaguna.

Nazioarteko izar bilakatua zen 1950eko hamarkadan: Jacques Pill kantariarekin ezkondu zen, eta Charles Aznavour eta Georges Moustakiren maitale ere izan zen, haien ibilbide musikala bultzatzeaz bat. Hamarkada hartako bigarren erdialdean osasun arazoak ugaldu zitzaizkion, alkohol gehiegikeriek kalte egin baitzioten haren gorputz txikiari. Medikuek oholtza gaineko jarduna utz zezan aholkatu zioten 1960an. Baina Piafek nahiago zukeen hiltzea kantatzeari lagatzea baino. 1961ean kontzertu historikoa eskaini zuen Parisko Olympia antzokian, hura hondamenditik ateratzen lagunduz. Orduan estreinatu zuen Je ne regrette rien, hainbat eta hainbat lagunen aurrean. Han ziren, besteak beste, Alain Delon, Louis Armstrong, Paul Newman, George Brassens, Duke Ellington eta Jean-Paul Belmondo. Gerora film askotan entzun izan den kantua da, Christopher Nolanen Inception-en, kasurako; Jasone Osororen 12etan bermuta nobela kaleratu berrian ere sarri aditzen da.

Gibeleko gaitzak jota zendu zen Edith Piaf, 1963an, 47 urte zituela, baina ezeren damurik izan gabe. Jaio zen lekutik gertu, haren izena daraman plazatxo bat dago egun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.