Marina Subirats i Martori. Soziologiako katedradun emeritua

«Ahizpatasuna eta ahalduntzea mundua aldatzeko tresnak dira»

Martxoaren 8ko greba feministaren ostean, Subiratsek uste du badagoela lekukoa nori utzi. Iruditzen zaio emakumeen elkarteen bitartez bideratu behar dela mobilizazioen harira sortu den mugimendua.

Jon Rejado -

2018ko ekainak 17
Ahizpatasuna izan dute mintzagai aste honetan Gasteizko Europa Jauregian. Emakundek Marina Subirats i Martori (Bartzelona, 1943) gonbidatu zuen jardunaldian parte hartzera, Pilar Careagarekin batera. Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Soziologiako katedradun emeritua da Subirats, eta Espainiako Emakumearen Institutuko zuzendaria ere izan da, besteak beste. «Ahizpatasunak irudikatzen du emakumeentzat gizonentzat anaitasuna kontzeptuak irudikatzen duena», laburbildu du.

Zer esan nahi du zuretzat ahizpatasuna hitzak?

Elkar kritikatu beharrean afektuzko lotura bat izatea, elkarri sostengua emateko lotura. Gertuko adibideak daude. La Manada-k egindakoa ezagutarazi eta segituan emakumeen artean ahizpatasuna egon zen: «nik sinesten dizut». Sinesgarritasuna aitortzea; babes pertsonala, politikoa edo profesionala ematea: Hori da ahizpatasuna. Agerian uztea talde zapaldua garela, eta elkar babestu behar dugula egoera horretatik ateratzeko.

Nola sustatu daiteke lotura hori, norbanakoaren eta lehiakortasunaren alde egiten duen gizarte batean?

Hainbat estrategia daude. Batetik, emakumezkoen elkarteak. Elkarteetan bat egitean, bizipenak partekatzean, konturatu gara aurrez genituen arazoak ez zirela gureak bakarrik; ez dira arazo pertsonalak, baizik eta gizarte patriarkal baten emaitza. Hori jakiteak indarrak ematen dizkigu egoera gainditzeko. Badaude elkarteak besteko formalak ez diren beste bide batzuk: zinemara elkarrekin joatea, kontzertu batean elkartzea... Horrez gain, emakumeek alderdi politikoetan duten presentzia handitzeak ekarri du alderdi horiek konturatzea aldaketa bat egon behar dela. Dena den, gizartean elementu misogino asko daude. Belaunaldi gazteek horren kontzientzia izan behar dute, erantzuteko.

Hitzaldian nabarmendu duzu ahizpatasuna helburu bat dela, baita gizartean eragiteko baliabide bat ere.

Urte askotan, ahizpatasunak modu pertsonalean ahalduntzeko balio izan digu. Emakumeoi segurtasun falta txertatu izan digute hezi gaituztenean. Gaur ere txertatzen zaie hori neskei, oharkabean maiz. Hori ahizpatasunaren bitartez baino ezin da gainditu; babesa ematen eta «zuk ahal duzu» esaten dizun beste emakume baten bitartez. Herrialde askotan, Espainian ere bai, emakumeen ikasketa maila gizonen mailaren gainetik dago. Horrek ahalbidetu digu beste etapa batean sartzea.

Zein da etapa hori?

Mundua dagoen moduan ez dugu gustuko, eta aldatu egin behar dugu. Mundua garai arriskutsu batean dago gizadiarentzat berarentzat: hori da errealitatea. Gizonezkoek lasterketa ero bat hasi dute, indibidualismoan oinarrituta. Oraintxe bertan, emakumeak dira hori eralda dezakeen indarrik handiena. Beraz, ahizpatasuna eta ahalduntzea, emakumea aldatzeko bainoago, mundua aldatzeko tresnak dira.

Hitzaldian aipatu duzue ahizpatasunerako bidean emakume bakoitzak bere buruaren egoeraz jabetu behar duela lehenik eta behin. Nik sinesten dizut edo Me too mugimenduek horretan lagundu al dute?

Noski. Albistea ikusita, emakumeek sentitu zuten esperientzia bat partekatzen zutela. Ez naute inoiz bortxatu, eta min hori ezin dut partekatu. Aldiz, parteka ditzaket emakume izateagatik modu bidegabean eta nire borondatearen kontra inposatu dizkidaten esperientziak; kontzientzia hartze kolektibo bat da. Hori dela eta, borroka honetan urteak eman ditugun feministok ikaragarri pozik gaude martxoaren 8an bizi izan genuenagatik.

Zer ekarri zizun zuri?

Askotan, bazirudien gizon eta emakumeen arteko ezberdintasuna konpondutako zerbait zela, eta ez zuela garrantzirik. Hori esaten zen bitartean, emakumeek hiltzen jarraitzen zuten. Martxoaren 8an erakutsi zen ezetz: ez dagoela konponduta. Gazteen belaunaldia horretaz jabetu da, eta ez daude prest hori onartzeko. Lagun batek esan zidan: «Honen ostean, lasai hil gaitezke». [Barre egin du] Kontuz! Ez dugu hiltzeko asmorik! Ikusi nahi dugu zer gertatzen den. Militantzian urte asko igaro ondoren, badago lekukoa nori utzi.

Nola bidera daiteke martxoaren 8ko indar hori guztia?

Emakumeen elkarteen bitartez kudeatu behar da, eta baita elkarteen federazioen bitartez ere. Uste dut hori oinarrizkoa dela. Horri buruz asko hausnartu nuen Madrilen Espainiako Emakumearen Institutuaren zuzendaria izan nintzen garaian.

Zergatik?

Konturatu nintzen erakunde mota horiek zer zailtasun dituzten. Espainiako Emakumearen Institutua, Emakunde... Mugimendu feministaren eta gobernuaren arteko artikulazio lana egiten dute: gobernuak oso zurrunak dira, eta mugimenduen ezaugarria da behin-behinekotasuna eta aldatzeko gaitasuna.

Nolako jarrera izan behar du mugimendu feministak administrazioarekin eta alderdi politikoekin?

Gatazkatsua izan behar du. Mugimenduek eskatu behar dute garai bakoitzean ahal dena baino gehiago. Administrazioak jakin behar du zenbat eman daitekeen; alde batek eskatzen duena baino ez badu egiten, kontrako jarrerak sorraraziko ditu, eta hori okerragoa izan daiteke. Gatazkatsua da egoera, baina artikulatzen asmatu behar dute nolabait.

Martxoaren 8aren ondoren, espero al duzu erantzun patriarkalik?

Egon dira. Lehen erantzuna egunean bertan izan zen: «Nora doaz? Zer nahi dute, ba?». Gizonezkoak beldur dira, pribilegio batzuk galduko dituztelakoan. Niretzat feminismoa ez da berdintasunaren aldekoa bakarrik, askatasunaren aldekoa baizik. Gizonentzat ere askatasun mugimendua da, baina, oro har, ez dira konturatzen. Horregatik, batzuk lubakietan daude, mugimendu feministaren ekintzei modu txarrean erantzuten.

Emakundek antolatutako jardunaldietan haurdunaldi subrogatua aipatu da, zeharka. Gai horrek, aurretik prostituzioak bezala, iritzi kontrajarriak sortu ditu mugimendu feministan. Banaketa horrek badu eraginik ahizpatasuna lortzeko bidean?

Eragiten du, noski. Hemen arazo bat dago. Pertsonak ez ditu soilik generoak banatzen; maila sozialak ere eragina dauka, eta jatorri geografikoak. Mendebaldeko emakumeak tradizioz emakumeei aitortzen zitzaizkien lanetatik ateratzen ari gara. Hirugarren munduko emakumeek hartu dute balio gutxi aitortu izan zaien lan horien ardura. Are gehiago, emakumeenak izan diren beste lan batzuk ere hartzen ari dira; prostituzioa, kasurako. Eta, azkenaldian, haurdunaldi subrogatua.

Zerbait egin al daiteke horren aurka?

Nire ustez, ia geldiezina da. Dirua ahalguztiduna den mundu batean bizi gara. Alde horretatik, alde femeninoa berreskuratzearen alde egiten dut. Balioa eman diezaiogun; bestela, etorkizun iluna dugu. Guk bazter batera uzten duguna beste emakume sektore bati uzten diogu: pobreenei. Haurdunaldi subrogatuen aurka nago, erabat; klasismo maila jasanezina iruditzen zait.

Nola kudeatu behar ditu feminismoak gai horiek ahizpatasuna lortzeko prozesua zail ez dezaten?

Hori da eztabaida nagusia. Gai batzuk ez ditugu hasieratik ondo bideratu: bai ala ez eztabaidatu da, eta horrek banaketa eragin du. Prostituzioaren gaian, emakume prostitutak erabili dira prostituzioa zoragarria dela defendatzeko. Ez zaie hitz egiten utzi gogoz kontra hemen daudenei. Beste ikuspuntu batetik bideratu beharko genuke. Behartutako prostituzioa amaitzea eskatu beharko genuke, gogoz kontra ekarri dituztenena eta bihar zer jango duten ez jakiteagatik prostituitzen direnena.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna