PSOEk 155.a aipatzeak haserretu egin ditu Kataluniako independentistak

JxCk baztertu egin du Sanchez babestea, eta ERCk Ciudadanosetik aldentzeko exijitu dio

Quim Torra Kataluniako presidentea, atzo, Generalitateko gobernuaren bileran, Bartzelonan. ALEJANDRO GARCIA / EFE.
mikel rodriguez
2019ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Kataluniako alderdi independentistek ez dute jarrera aldatu uztail bukaeran egin zen inbestidura saioaz geroztik. Laura Borras JxC Junts Per Catalunyako Espainiako Kongresuko ordezkaria atzo goizean elkartu zen Felipe VI.a Espainiako erregearekin, eta baieztatu zuen JxCk ezezko botoa emanen ziola Pedro Sanchezi, hura berriz aurkeztuko balitz inbestidurara. ERC Esquerra Republicanak uko egin zion Felipe VI.arekin elkartzeari, baina lehengoari eutsi zion: PSOEk eta Unidas Podemosek akordio bat egiten badute abstentzioa emanen duela. PSOEk, ordea, beldur bat haizatu du independentistengan, Kataluniari autonomia kentzeko 155. artikulua aplikatzeko prest dagoela adierazi baitzuen herenegun, «konstituzioaren urraketaren bat edo Espainiaren interes orokorraren aurkako eraso larriren bat» gertatuko balitz.

«Badirudi 155. artikuluak ez duela bereizketarik egiten ezkerraren eta eskuinaren artean», adierazi zuen Borrasek Felipe VI.arekin elkartu ondoren. «Kataluniarekiko ezinikusia orokortuta dago». Gabriel Rufian ERCk Espainiako Kongresuan duen bozeramailea ere kezkatuta agertu zen Ciudadanosek PSOEri egin zion proposamenarekin. Rufianen ustez, «Sanchez eta Rivera bulego batean» negoziatzen aritu dira «Katalunian 155 bat ezartzeko hagitz aukera posiblea». Rufianek dei egin zion «Ciudadanosekin akordiorik nahi ez duen PSOEko sektoreari», jarduneko presidentea Albert Rivera Ciudadanoseko buruaren «besoetatik urrundu» dezaten.

PSOEk herenegun argitaratu zuen ohar bat, inbestidurari begira zuen jarrera azaltzeko. Twitter sare sozialean jarri zuen agiria, mezu aski argi batekin: «Indar independentista katalanen beharra edukiko ez duen gobernu aurrerakoi baten alde». Kataluniari buruzko paragrafoan 155. artikulua aipatzeak ezinegona eta haserrea eragin ditu independentisten artean.

Quim Torra Kataluniako presidenteak sare sozial berberean eman zuen agirian aipatutakoari buruzko iritzia: «Egiaz aurrerakoia den gobernu batek, herriaren borondatea eta herrien autodeterminazioa errespetatuko dituenak, ez luke inoiz halako agiri bat argitaratuko. Deitoragarria, tristea eta patetikoa da 155. artikulua aplikatzearekin mehatxatzea inbestidura bozkatzeko».

Hurrengo astean, Espainiako politika hauteskunde deialdi baten ondorenean egonen denean—egoera irauliko duen ezusterik ezean—, Torra protagonista bihurtuko da, hilaren 25ean hastekoa baita haren aurkako epaiketa Kataluniako Auzitegi Nagusian, Espainiako Gorteetarako azken hauteskundeen kanpainan ez zituelakoan agindutakoan kendu eraikin publikoetan zeuden xingola horiak. Hura epaituko duen bertze epaile bat errekusatzeko eskatu zuen atzo Torrak, magistratua PSC Kataluniako Alderdi Sozialistari «estu lotuta» dagoelakoan —aitzinetik bertze biren errekusazioa eskatua du—.

Epaia gibelatzeko eskaera

Espainian gobernurik osatu ez, eta hauteskundeetara deituta, litekeena da Espainiako Auzitegi Gorenak bozak baino lehen ematea Kataluniako buruzagi independentisten aurkako epaiketaren epaia. Oriol Junqueras auzipetuak Gorenari eskatu dio epaiaren jakinarazpena gibelatu dezala Europako Batasuneko Justizia Auzitegia immunitateari buruz mintzatu arte. Europarlamentari hautatu zutelako Junquerasek argudiatzen du immunitatea dagokiola, eta Espainiako Auzitegi Gorenak berak Luxenburgokoari eskatu zion kasua argitzeko. Urriaren 14an da aztertzekoa. Junqueras espetxean dute 2017ko azaroaz geroztik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.