ALEMANIAKO LEGEBILTZARRERAKO HAUTESKUNDEAK. Bazkideari begira

Angela Merkel kantzilerraren garaipena ziurtzat jo dute inkestek, baina egungo koalizioa utzi eta liberalekin osatu nahi du

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2009ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Zenbakiz eta inkestaz josita daude egunotan Alemaniako komunikabideak, gaurko Legebiltzarrerako hauteskundeen aurrean. Hortik aterako diren emaitzek ez dute Angela Merkel kantzilerraren buruzagitza zalantzan jarriko, datuon arabera, baina ez dago argi CDU/CSU taldea norekin nahasiko den; FDPko liberalekin joan nahi du Merkelek, bi alderdien zenbakien batuketa hortxe-hortxe ibiliko dela esaten duten arren. SPD alderdi sozialdemokratarekin lau urteotan sortutako aliantzak buruhauste handiak eragin dizkio Merkelen alderdiari, eta aurrera egitea lortu badu ere, ahal dela liberalekin aliantza «naturalagoa» egin nahi du.

Lau urteotan, gobernukide sozialdemokratak hainbat kuota sozial jarri dizkio Merkelen politika kontserbadoreari, politika liberalari nolabaiteko galga, baina FDPko liberalekin koalizioa egiten badu, bera izango da kutsu soziala eman beharko diona jarduera liberalari. Dena den, Merkelek gustuko duen merkatuaren ekonomiaren aldeko apustu erradikala egiteko aukera izango du, eta sozialdemokratekin gobernua osatu aurretik iragarri zituen kaleratze arauak kentzeko asmoari bidea egin diezaioke, baita sistema fiskalaren eta zergen aldaketari ere.

Horiek dira Guido Westerwelle liberalaren nahiak, gehien dutenen poltsikoak mesedetuko lituzketen neurriak, eta CDUk norabide bera du gai horietan, liberalak bezain urruti joaten ez bada ere.

Liberalek iragarri dute oposizioan jarraituko dutela CDU/CSU taldearekin koalizioa egiteko aukerarik ez badute, eta bigarren indarrak, SPDko sozialdemokratak, nabarmendu nahi izan du bigarren indarra dela, eta inkesta berrienen arabera Merkelen eta Westerwelleren aliantzak ez luke nahikoa indar izango. Beraz, egun gobernatzen duen koalizioak berriz lekua izan dezake. Gainera, duela lau urte galtzailetzat jo zuten inkestek SPD, eta azken unean Merkelen alderdiaren botoak ia berdindu egin zituen. Mezu hori eman du kanpainaren azken txanpan: galtzailea botoen emaitzek ematen dutela, ez inkestek.

Ezkerreko alderdien alternatiba ere hor dago, baina SPDko buruarekin eta Merkelekin egindako koalizioari esker Frank Walter Steinmeier Atzerri ministroak esandakoa betetzen badu, Die Linke Ezkerra alderdiarekin ez du koaliziorik egingo, arerioak direlako eta bere alderdikide ohiek osatua delako. Berdeekin soilik, berriz, ez du nahikoa indar.

Merkelek bere pragmatismoa aplikatzen du etengabe. Eta bi alderdiekin koalizioak egiteko ez dauka arazorik, ez itxuraz behintzat. Zailena egina du aurreko legegintzaldian, eta kanpaina amaieran ez da Alemanian egon. Irabaziko duela ziur agertzeaz gainera, nahiago izan du AEBetan egin den G20koen bileran egon, Alemaniak atzerri politikan duen indarra erakusten.

Ezkerra gora, eskuina behera

Ezkerrarekin ez du inork joannahi; edo hori esaten dute behintzat, batez ere SPDko sozialdemokratek, Die Linke Ezkerra alderdia Oskar Lafontaine eta SPDko beste alderdikide izandako batzuen artean sortua baita, neurri handi batean. Beste zati bat Gregor Gysi eta Alemania ekialdeko komunista izandakoen PDS Sozialismo Demokratikoaren Alderdiko ordezkariek jarri dute.

2007an batu ziren formalki Lafontaineren eta Gisyren indarrak, Alemanian G8koek egin zuten bileraren harira sortutako protesten eta iskanbilen testuinguruan. Ordurako Ezkerrak lortua zuen botoen %8,7 2005eko hauteskundeetan, eta gaur igoera handia espero dute, krisi ekonomikoak gehien jotakoengandik, eta sozialdemokratek Merkelekin gobernuan egindako lana gustuko izan ez dutenengandik. Globalizazioaren kontrako mugimenduko ordezkarien alderdia ere bada, eta Merkelek nazioartean egindako proiekzioak talde horretan elkartu ditu.

Lafontainek 40 urte egin zituen SPDn militatzen. Alkate, diputatu, eta 1990ean SPDko presidente eta kantzilertzarako bere alderdiaren hautagai izan zen. Gherard Schroederren lehen gobernuan Ogasun ministro izan zen, ekonomia ardura handiekin, baina zazpi urtez barne disidentziak izan ostean, 2005ean alde egin zuen, eta plataforma bat eratzea erabaki zuen RDA izandakoaren ezkerreko kideekin.

Gregor Gisyk eta Oskar Lafontainek bikote bitxia osatzen dute, eta oso jende ezberdina erakartzeko gaitasuna dute. Biak dira hizlari onak, eta Angela Merkelek eta Frank Steinmeierrek telebistaz egindako norgehiagoka aspergarriaren aurrean kazetari batek esandakoak balio du erakusteko horien balioa: «Merkeli eta Steinmeierri eskatu behar diegu ikastaro trinko bat egin dezaten oratoriaz eta erretorikaz, Gysi eta Lafontaine irakasle dituztela».

Gaurko bozetan Piraten Alderdiak lortuko duenak ere jakinmina eragiten du, Europako Legebiltzarrerako hauteskundeetan izandako arrakastaren ondoren. Interneten informazio trukaketa askea eskatzen duen alderdiak gazteenen eta «atsekabetuen» botoak eskuratzea du helburu, eta gazteenen artean lortuko dute batez ere boto gehien.

Konstituzioaren kontrakoa

Alemaniako egungo hauteskunde sistema zalantzan jarri du Auzitegi Konstituzionalak, baina 2011 arte hori moldatzeko denbora eman duela-eta Angela Merkelen alderdiari lagun diezaioke gobernuan liberalekin joaten botoetan behera eginda ere.

Sistema mistoa erabiltzen da Alemaniako ordezkarien hautaketan. Batetik, gehiengo soilez aukeratzen dituzte ordezkari batzuk, eta, bestetik, botoen proportzioen arabera. Legebiltzarrerako ordezkarien erdiak zuzenean emandako botoz aterako dira, eta beste erdiak alderdien zerrendetatik. Kasu horretan gerta daiteke proportzionalki ordezkaritza lortuko ez luketeen batzuek zuzenekoarekin ordezkaritza lortzea, eta horrek Merkeli egiten dio mesede.



Angela Merkel

Kamaleoi politikoa

Egoera ezberdinetara egokitzeko gaitasun handia du. Hori erakutsi du behintzat SPDrekin gobernua osatu eta hartu dituen erabakietan. Nazioartean erreferente bilakatu da batez ere G8koan eta Europako Batasunean presidentetza izan duenetik, 2007tik. Langilea, aztertzeko eta ezin den lekuan egiturak sortzeko gaitasun handia duela esaten dute.

Eskuin soziala, estatuaren egiteko erregulatzailean eta merkatuaren mugetan sinesten duela esaten du berak, populismoari lekurik utzi gabe, autoritarismoaren aurkaria dela, baina liberalekin egin nahi duen koalizioan benetako eskuin sena erakutsiko duela diote aurkariek.



Frank Steinmeier

Gobernuaren kontrola

Egungo Atzerri ministroa da Frank Walter Steinmeier SPD alderdi sozialdemokratako burua. Krisiak trebetasunez saihesteko gaitasuna nabarmentzen dio; bere alderdiaren barruan bata bestearen atzetik bizitzea egokitu zaio, eta onik atera izan da orain arte . Bere alderdian Gerhard Schroederren itzalean egon zen ministro izatetik Angela Merkelen bigarren izatera igaro da pixkanaka, eta 2008. urtetik bere alderdiko hautagaia da kantziler izateko. Gobernuaren korapiloak ongi ezagutzen ditu, eta haren eskuetatik igarotzen dira gai garrantzitsu asko. Merkel presionatzea eta hainbat erabaki atzera botatzea lortu izan du maiz.



Guido Westerwelle

Neoliberal sutsua

Joan den hauteskundeetan espero baino emaitza kaxkarragoak lortu zituen, baina horrek ez du atzera utzi, eta gobernuan egotea lor dezake Angela Merkelen alderdiak hala nahi duelako. Atzerri ministro bilaka daiteke gaurko bozetan. Alemaniako finantzaburuen eskaerak jasotzen ditu Westerwellek, baina horien botoak nahikoa ez dituelako klase ertainarentzat hobekuntzak ekarriko dituen zerga sistemaz aritu da.FDPk iraganean egindako adierazpen faxistek ez zioten onik egin, eta mezu horiek baztertu egin ditu Westerwellek. Pragmatikoa dela dio, eta berak dioen bezala, pragmatismoa merkatua da,eta horrek dirua ekartzen du.



Hauteskundeen ondoren politika sozialen sistemaren desegituraketa handia egongo dela uste dute sindikatuek, eta horrek Europa osoari eragingo diola, horiek ez baitira Bruselan erabakitzen.

Europako gai sozialak Berlinen lantzen dira

A. Mujika

Rheingold Expressen bidaiatu du Angela Merkelek. Konrad Adenauerrek, II. Mundu Gerra osteko lehen gobernuburuak, trenez, geltokiz geltoki, lortu zuen alemaniar boto emaileen %50,2, duela 60 urte. «Ezin dugu inolako esperimenturik onartu», esanez jaisten zen trenetik.

Merkelek tren historikoa hartu du, bere alderdikidearen esloganak eraginik izango ote duen esperantzan. «Ez dugu esperimenturik nahi» esanez jaitsi da bera ere trenetik, Alemaniako hiri nagusietako geltokietan. Ariketa matematikoen eta fisikoen desafioa baztertu nahi du, badaezpada, aukera gutxi, baina ezkerraren, sozialdemokraten eta berdeen batuketak gobernatzeko boterea ken diezaioketelako. Sozialdemokratek esan dute Die Linke Ezkerrarekin ez direla joango, baina politikan ia dena da posible.

Merkelek trena hartu bitartean, SPDko sozialdemokrata eta gobernukideek abesti bat jarri dute egoitza aurreko bozgorailuan. «Norarik gabeko bidaia», kantatzen du, baina noraeza haiena izango da Merkelen eskutik ez badoaz, «postkomunistekin, populistekin eta alarmistekin» joan baino nahiago dute-eta eskuinaren babesa. Gobernuan egindakoaren edo ez egindakoaren desilusioagatik Ezkerrari botoa eman nahi diotenen atentzioa berreskuratzen saiatzen ari dira sozialdemokratak, errusiarren aldeko mamuaren mezuarekin.

Merkelek ezkerraren boterearen suspertzea geldiarazteko ohartarazi die herritarrei, esperimentuak okertu egin dezakeela egoera txarra. «Alemaniarentzat harreman egonkorra nahi dugu».Harreman egonkorraren alde egiten duenak egoera ekonomiko txarrak «hondoa jo» duela esaten du, ekonomistek «penagarria»izaten jarraitzen duela esan arren. Bundesbankeko arduradunen azterketen babesa du Merkelek: «Ezin dugu esan egoera azkar hobetzen ari dela, baina nolabaiteko egonkortasuna lortu dugu».

Ekonomiak okerrera

%8,6ko langabezia tasa eramangarria dauka Alemaniak, baina adituek ohartarazi dute datozen hilabeteak gogorrak izan daitezkeela, udazkenetik aurrera. Azken urteotan maiatzero 150.000 langabetu gutxiago egoten ziren, baina aurten 50.000 baino gutxiago hasi dira lanean, eta langabezia masiboa geldiarazteko Merkelek hartutako erabakiek ez dute kopurua gehiago puzten utzi: arazoak dituzten enpresetan lanorduak murriztu dituzte, batez ere langile kualifikatuenak, eta ordu horien ordaina estatuak ordaindu die. Merkelek krisiari aurre egiteko neurria sei hilabeterako hartua zuen, baina orain 24 hilabetera luzatu du.

Egoera ekonomikoak okerrera egin duela esateko beste adierazle bat ere badago. Berlingo harresiaren erorikoaz hogei urtera, desagertutzat jotzen dute ekialde deprimigarri kronikoaren eta mendebalde aberatsaren arteko ezberdintasuna, eta ez bereziki ekialdeak aurrera egin duelako. Joan den ekainean aurkeztutako lehen atlasak erakutsi du lurralde osoan banaturik dagoela depresio ekonomikoaren arriskua. Herrialdea jada ez dute bi aldetan banatzen, hirutan baizik. %11ko pobrezia duen hegoaldea, %15ekoa duen ipar-ekialdea eta %20koa duen ekialdea, pobrezia neurtzeko Europako irizpidea erabilita. Batez besteko soldataren %60 baino gutxiago irabazten duena da pobrea; Alemanian 764 euro baino gutxiago.

Arriskuaz ohartarazi duten politikariak «alarmista hutsak» dira gainerakoentzat, baina ez horrenbeste sindikatuentzat. Verdi sektoreko sindikalista Michael Schlechteren arabera, Alemania ez da bakarrik esportazioen munduko txapelduna; soldata baxuetan ere bada, hitzarmenetan adostutakoa baino txikiagoak dira ordainak, eta maiz pobreziaren mugatik oso gertu daude. Merkatuaren %23 hartzen dute; AEBetakoak soilik dituzte herri garatuetan aurretik, %25arekin.

Schlechtek iragarri du babes sozialerako sistemak gehiago gutxituko dituztela hauteskundeak igaro ondoren, bai egungo gobernuko koalizioa berresten bada, baita Merkelen alderdiak liberalekin talde berria sortuz gero ere. Eta esana dauka: «Murrizketa sozialak ez dira txarrak soilik Alemaniarentzat», Europako politika sozialaren joera ez baita Bruselan markatzen, Berlingo kantzilertzan baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.