Tokio 2020

HOCKEY IKASTARO TRINKOA

Belgikaren kontra galduta, bukatu da Jose Maria Basterraren ibilia Tokion. Pozik dago, asko ikasi duelako, jokalaririk onenen aurka lehiatu delako eta olinpiar hirian gozatu egin duelako. Paris 2024 du gogoan.

Basterra, burumakur, igandean galdu eta gero. KAI FÖRSTERLING / EFE.
jakes goikoetxea
Tokio
2021eko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Belgika oztopo handiegia zen. Espainiak sailkatze fasean izandako ibilbide gorabeheratsuaren ordaina: laugarrenak izan ziren haien multzoan, eta beste multzoko lehenaren aurka jokatu behar izan zuten final-laurdenetan, Belgikaren kontra. Galdu egin zuten, eta, beraz, bukatu da Jose Maria Basterra Chefo belar hockeyko jokalari getxoztarraren olinpiar ibilbidea ere.

«Faboritoak dira, eta normala da haien kontra galtzea». 3-1 galdu zuten Belgikaren kontra, igandean, Oiko hockey estadioan. Basterra ez dago triste. «Gero eta hobeto» ari zirela uste du, baina Belgika «kontrario gogorregia» izan zela. Belgika Olinpiar Jokoetako finalerako sailkatu zen atzo, Indiari 5-2 irabazi eta gero.

«Nahiko ondo jokatu genuen», Basterraren arabera. «Aukerak izan genituen, baina halako taldeen kontra ez baduzu erabaki behar denean erabakitzen, irabazi egiten dizute».

Basterraren lehen Olinpiar Jokoak izan dira. Ez zuen espero Tokion egotea, Espainiako selekzioa egonkortuta baitzegoen, eta zaila baitzen bertan sartzea. Ohiko jokalari batzuek COVID-19an positibo eman zuten, eta hautatzaileak jokalari berriak eraman zituen abenduko deialdira. Tartean zegoen Basterra.

«Oso pozik» dago Tokion bizitako guztiarekin, bai lehiaketari dagokionarekin, baina baita lehiaketatik kanpokoarekin ere: «Asko ikasi dut; nire akats eta ahulguneak ikusteko balio izan dit. Ea orain ikasitako guztia aplikatzen dudan».

Munduko jokalaririk onenetakoen aurka jokatu du. Zeren Basterrak, selekzioan hasiberria izanda ere, hainbat partida jokatu ditu, baita Belgikaren kontrako final-laurdenetakoa ere.

Goleatzailea da. Espainiako hockey ligako goleatzaile nagusia izan zen aurreko denboraldian. Tokion ez du golik sartu. «Alde horretatik», onartu du, «pixka bat triste nago». Penalti kornerren jaurtitzailea da, baina Olinpiar Jokoetan bakarra bota du, Argentinaren kontra. Geratu egin zioten. Pau Quemada, penalti kornerren jaurtitzaile onenetakoa, arduratzen da penalti kornerrak jaurtitzeaz.

Belar hockeya aire librean jokatzen da. Horrek esan nahi du Tokion 33 gradutik eta %60ko hezetasunetik gora izan dutela partidatan. «Erokeria bat», Basterraren iritziz.

Beroak aldaketa taktikoak egitera behartu ditu: normalean gutxi gorabehera bost minututik behin txandakatzen dituzte jokalariak; Tokion hiru minututik behin, «erritmoari eusteko, bestela ezinezkoa baitzen».

Gustatu zaizkio olinpiar hiria eta bertako giroa. Igogailuan eta jangelan mundu guztiko kirolariak topatzea, horietako asko oso ezagunak. «Kirolari pila bat ezagutu ditugu», eta zerrenda egiten hasi da: «Novak Djokovic, Luca Doncic, [Pau eta Marc] Gasol anaiak, Alexander Zverev, Mireia Belmonte... Auskalo zenbat argazki ditudan».

Tokiotik bueltan, opor labur batzuk egin eta ohiko errutinara itzuli beharko du, Madrilen: goizean aholkularitza enpresa batean lan egin eta arratsaldean entrenatzera. Club de Campo taldeko jokalaria da, eta kostako zaie iazko denboraldia berdintzea, Liga eta Kopa irabazi baitzituzten. Pizgarri bat badu: «EHL jokatuko dugu, belar hockeyko Txapeldunen Liga».

2024ko Parisko Olinpiar Jokoak ditu gogoan. Lehen ere bai, baina etorkizuna aurreratu egin du Tokion: «Jokalari garrantzitsua izan nahi dut Parisen, baina hautatzailea aldatu egingo da, eta ikusi beharko da zein jokalarirekin osatzen duen taldea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.