Garai oso batera bidaia, Muguruzaren bidez

Etzi 25 urte hil zuten Josu Muguruza, tiroz. Hari buruzko 'Zohardia' dokumentalak 70 eta 80ko hamarkadako egoera politikoaren berri ematen du, HBko diputatu zenaren lagun eta kideen ahotsetatik.

Eskuinetik hasita, Ane Muguruza Josuren alaba eta Elena Bartolome bikote zena, atzoko aurkezpenean. M. R. / ARP.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2014ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Pertsona baten erretratua ez ezik, garai oso baten erretratua da Zohardia, etzi 25 urte tiroz hil zuten Josu Muguruzari buruzko dokumentala. Euskal Herriaren hurbileko historiaren zati bat bizitzeko modua da. HBko diputatu zena ezagutu zutenen begietatik ematen du «Josu laguna, Josu politikoa, Josu kazetaria eta izan ez zen aita» ezagutzeko aukera, besteak beste; 70 eta 80ko hamarkadako Euskal Herri gorabeheratsua bizitzeko modua. «Altxor bat egin dute», esanez eman dizkie eskerrak Markel Andia eta Lander Iruin zuzendariei Ane Muguruzak, Josu hil ondoren jaiotako alabak. Elena Bartolome amari ere eman dizkio esker bereziak, «berriz ere garai hartako bizipenetara itzultzeak» urtea «zail» bihurtu dion arren, alabari berari zein belaunaldi berriei «altxorra» uzteko egin duen ahaleginagatik.

Muguruzak bikotekide izan zuen Bartolomeren kontakizunak harilkatzen dute Muguruzaren beraren zein bizimodu oso baten kontakizuna. Ezagutu zuten beste hamarnaka lagunen laguntzarekin ematen dute haren izaera, «indarra», «alaitasuna», «karisma» eta «argitasunaren» berri. Jaio zen Bilboko Errekalde auzoan mobilizatzen hasi zen urteetako istorio eta irudiek ondo erakusten dute kaleetan urte haietan zegoen grina eta indarra.

Erbestea, GAL, Aljer

Lagun batek pairatu zituzten atxiloketa eta torturengatik ihesi Ipar Euskal Herrian egin zituen urteen berri, beste errefuxiatu batzuen bidez ematen du filmak. GALek errefuxiatuen bizitzak nola baldintzatu —eta moztu— zituen erakusten du. Estradizioak. Kontrako protestak. Entregak. Espainiako eta Frantziako gobernuen elkarlanaren hasiera.

Huts egin zuten Aljerreko negoziazioen zioak Iñigo Iruin abokatuak emandako gakoen bidez irudikatzen dira. Kazetari gisara eta politikari gisa zituen bertuteak, Egin-eko zuzendaritzako kide zein HBko kideen bidez. Baita beste alderdietako politikarien begi urrunagoetatik ere.

Atzo iluntzean Bilboko Campos Eliseos Antzokian egin zen estreinaldian egon ziren, gainera, horietako asko eta asko. Bai Muguruzaren kide edo garaikide izan ziren politikari zein lagunak, bai belaunaldi berriagoetakoak. Adi jarraitu zuten emanaldia, esaterako, Itziar Aizpurua, Tasio Erkizia, Rufi Etxeberria zein Joseba Permach ezker abertzaleko buruzagiek; Iñaki Goioaga abokatu eta senatariak; Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusi eta Muguruzaren garaian Egin-eko zuzendaritzako kide zenak; Iñigo Iruin abokatu eta HBko diputatu izandakoak; eta Xabier Arzalluz zein Joseba Egibar EAJren lehen eta oraingo buruzagiak.

Pernando Barrenak emanaldiaren aurretik egindako adierazpenetan euskal herritarren «bide propioa» adosteko «prestutasun osoa» erakutsi zuen hedabideen aurrean, Sorturen izenean. «Estatu terrorismoak hildako biktima bati buruzko dokumentala ikustera gatoz. Lehen eta orain gauzak ez dira asko aldatu estatuaren aldetik: beti erabili ditu bide guztiak herri librea izan gaitezela eragozteko». Hartu beharreko «bidea» zein den, beraz, argi dagoela dio: «Kataluniak bezala gure bide propioa adostu behar dugu etorkizunari buruz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.