BAKARRIZKETA

Negu hotz eta luzeak hondoratu egin du H&M

BERRIA.
Jon Fernandez.
2018ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
2017. urtea txarto amaitu zuen Suediako moda multinazionalak, eta hasi ere txarto hasi du 2018a: H&Mren irabazi garbiak %44 hondoratu dira urte hasieratik. Errua, nagusiki, eguraldiari bota diote.

1. Egia da leihotik begiratzen dugula arropak jantzi aurretik eta aurten negua luze (luzeegi!) dihoala, baina hortik eta multinazional baten salmentak hainbeste jaistera... Ba, halaxe argudiatu du konpainiak: iazko udazken epelak eta aurtengo negu izoztuak salmentak txikitu dizkiote. H&Mk neguko bilduma deskontuekin saldu behar izan zuen urte amaieran, udazken epelean jendeak ohi baino neguko beroki gutxiago erosi zuelako. Eta gauza bera gertatu da aurtengo lehen hiruhilekoan. «Ohi baino hotzagoa izan da negua Europan», argudiatu du Karl-Johan Persson enpresako kontseilari ordezkariak, eta gutxi animatu dira udaberriko arropa arina erostera.

2. Orduan, udaberriko arropa ere deskontuekin salduko dute? Bai, hala iragarri du Perssonek. Izan ere, biltegiak arropaz beteta dauzka H&Mk, eta saldu egin nahi ditu merke bada ere. Pentsa, arropa biltegiaren balioa %7 igo da aurtengo lehen hiruhilekoan, 3.426,7 milioi euroraino. Biltegia hustu behar du. Baina soilik neguko bildumaren deskontuek %6,7tik %2,6ra txikitu dute multinazionalaren irabazi tarte operatiboa: ondorioz, zergak ordaindu aurreko irabaziak %61,7 txikitu zaizkio (%44 zergak ordaindu ostekoak).

3. Deskontuak, behintzat, mesede dira erosleentzat. Bai, erosleak pozik egongo dira; ez horrenbeste Persson. Salmentak %6 txikitu zaizkio Alemanian (merkatu nagusia du), %10 Frantzian, eta %5 Italian eta etxean, Suedian. Stockholmgo burtsan H&Mren akzioaren balioak 2015ean balio zuenaren heren bat baino ez du balio orain.

4. Mesfidatia naizela pentsatuko duzu, baina ez dut sinisten meteorologia dagoenik gainbehera horren guztiaren atzean. Arrazoi duzu. Ez da bakarrik eguraldia, H&Mren ekaitz perfektuak osagai gehiago ditu.

5. Zeintzuk? Eguraldi txarrari sektoreko lehia ikaragarria eta iraultza digitala batu zaizkie.AEBetan retail apocalypse izena jarri diote ekaitzari: saltoki handien apokalipsia.

6. Azken batean, Amazonen ereduak irauli egin du merkatua, eta prezioak merkatu ditu. Jendea gero eta gutxiago doa dendara, eta Interneten erosten du, baita arropa ere. Fenomenoak AEBetan indar bereziki handia badu ere, Europan ere ari dira denboralea igartzen. Bai, behintzat, H&Mn. Kontsumitzaileen ohiturak aldatu egin dira, eta Suediako moda multinazionalak 170 denda itxiko ditu. Halere, munduko bazter batzuetan oraindik ikusten du aukera denda fisikoak zabaltzeko: 390 ireki nahi ditu epe motzean.

7. Eta, hala ere, burtsan ez dira fio H&Mz? Inbertitzaileek ez dute uste marka gai izango denik garaiz moldatzeko merkatuaren egitura aldaketara. Negu luzea du aurretik H&Mk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.