TOKIO 2020

INOIZKO PODIUMIK GAZTEENA

Jokoetan aurrenekoz dago skateboardinga; kaleko modalitatean, emakumezkoetan, Nishiyak lortu du urrezko domina, 13 urterekin. Adin bera du zilarrezkoa eskuratu duenak.

Momiji Nishiya, Rayssa Leal eta Funa Nakayama, atzo, dominekin. JIJI PRESS / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2021eko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Askoren ametsa da Olinpiar Jokoetan parte hartzea; kirol ikuskizun eta ekitaldi preziatuan noiz edo noiz aritzea. Baina ez da nolanahiko gutizia, eta ez dira asko horretarako aukera izaten duten kirolariak. Bada, alde horretatik, badago Tokioko Olinpiar Jokoetan nabarmendu beharreko kirol bat, eta azpimarratu beharreko pare bat izen. Historia egin zuen atzo Momiji Nishiya japoniarrak, kaleko skateboardingean urrezko domina eskuratuta. Bi ertz ditu haren arrakastak: batetik, skateboardinga aurrenekoz izan da Olinpiar Jokoetan, eta, beraz, emakumezkoetan modalitate horretan jokatu den lehen urrea kolkoratu du; bestetik, haren adina: 13 urte baino ez ditu.

Ez da atzean geratzen zilarrezko domina irabazi zuen brasildarra, Rayssa Leal: 13 urte ditu hark ere, eta bigarren postua lortu zuen, maniobretan erakustaldia egin ondoren. Brontzezko domina, berriz, urrezkoa bezala, Japonian geratuko da. Funa Nakayamarentzat izan zen, 16 urteko skaterrarentzat.

Hiruren lorpenak batuta, beste balentria bat ere egin zuten. Izan ere, Olinpiar Jokoetan inoiz izan den podiumik gazteena osatu zuten: orotara 42 urte. Konparazio bat egite aldera, 66 urte ditu Jokoetan parte hartzen ari den kirolari zaharrenak, Mary Hanna zaldunak; hiru skaterren adina batuta baino 14 urte gehiago.

Nishiya eta Leal, beraz, domina bat irabazi duten Jokoetako kirolari gazteenen zerrendan sartu dira. Finalean, 15,26ko puntuazioarekin erdietsi zuen urrea Nishiyak. Skatearekin egindako trukoetan zehatza izan zen, eta, gehiegi arriskatu gabe, perfekzioa bilatu zuen. Ezin hobeto atera zitzaion jokaldia.

Lealek urrats bat gehiago egin zuen estetikoki, eta maniobra ikusgarriak utzi zituen. Kale egin ez balu, harena izan zitekeen urrea. Baina ausart jokatzeak badu bere arriskua, eta erorikoek baldintzatu zuten brasildarraren erakustaldia. Halere, ez zen makala izan lortutakoa: Jokoetan Brasilgo historiako dominadun gazteena bilakatu zen. Egindakoarekin «oso gustura» agertu zen Leal, eta adierazi zuen amets bat bete zuela; 14,64 puntu batu zituen. «Izugarria da Tokion egotea... Brasilera itzulitakoan egingo dudan aurreneko gauza lagunei lortu dudala esatea da, esfortzu guztiek emaitza ekarri dutela».

Aurreiritziei kontra egin behar izan die 13 urteko skaterrak. Lealek nabarmendu zuen ez diela «inoiz kasurik egin» kirol hori mutilena dela zioten hotsei. «Kirol guztiak baliozkoak dira emakumeentzat nahiz gizonezkoentzat, ez dago barrerarik. Ez dut sinesten horrelako ideietan, edo diotenak ikastea eta skate egitea bateraezinak direla». Balentria bat egin du brasildarrak, baina ez du ahaztu bere adina. «Ez nuke erantzukizun handiegirik izan nahiko, baizik haur maitagarria eta alaia izan nahi dut aurrerantzean ere».

Kirol horretako hurrengo proba, parkeko skateboardinga, abuztuaren 4an eta 5ean jokatuko da. Emakumeen txanda izango da 4an, eta gizonezkoena 5ean kalekoan, Yuto Horigome japoniarra nagusitu zen.

Emakumezkoetan badira aipatu beharreko izen batzuk: Kokona Hiraki, Sky Brown eta Misugu Okamoto. Hirakik 12 urte ditu; Brownek, 13, eta, gainera, domina lortzeko hautagai sendoa da. Australiako skaterrak etorkizun oparoa du. Eta zer esanik ez Okamotok: 15 urterekin, munduko lehen postuan dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.