Udalbiltza. Berrantolatze prozesua

Martxoaren 2an egingo dute Udalbiltzaren eratze batzarra, Donostian

Erakundea zuzenduko duen taldea aukeratuko dute, eta hurrengo urteetako lehentasunak zehaztuko dituzteParte hartzera deitu dituzte «Euskal Herria aintzat hartzen duten hautetsi guztiak»

Udalbiltzaren talde eragileko kideek aurkeztu zuten batzarra, atzo, Donostian eginiko agerraldi batean. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
jokin sagarzazu
Donostia
2013ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Espainiako Justiziak ezarritako ia hamar urteko etena gaindituta, Udalbiltzak martxoaren 2an ekingo dio berriz lanari. Sei hilabete inguru iraun duen prozesu «parte hartzaile» baten ostean, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian egingo dute Udalbiltzaren eratze batzarra. Bertan, Udalbiltzaren zuzendaritza aukeratuko dute, eta hurrengo urteetako lehentasunak zehaztuko dituzte. Nabarmendu dutenez, Udalbiltza berrantolatzeko prozesuan parte hartzen ari diren udal hautetsien ekarpenak izango dira batzarrean hartuko diren erabakien «bizkarrezurra». Prozesuan parte hartzera deitu dituzte «Euskal Herria aintzat hartzen duten hautetsi guztiak».

Donostian eginiko agerraldi batean eman dute batzarren berri Ordiziako alkate Igor Egurenek, Gasteizko zinegotzi Iratxe Lopez de Aberasturik eta Izurako alkate Daniel Olzomendik, Udalbiltza berrantolatzeko prozesuaz arduratu den talde sustatzailearen izenean. Hamazazpi hautetsik osatzen dute taldea, eta iazko uztailean aukeratu zituzten Iruñeko Karlos III. zinema aretoan eginiko batzarrean parte hartu zuten 400 hautetsiek. Abiatu, baina, martxo amaieran abiatu zen Udalbiltza berrantolatzeko prozesua, Irungo Ficoba erakustazokan. Han izan ziren 27 hautetsiek jakinarazi zuten zazpi herrialdeetako udal eta zinegotzi guztiei bidali zizkietela eskutitzak, prozesuarekin bat egin zezaten. Talde sustatzaileak jakinarazi duenez, ordutik hona, Euskal Herri osoko 1.201 udal hautetsik, 143 alkatek eta 319 udalek bat egin dute. Hots, Euskal Herriko udal hautetsi guztien %18,5 eta udalen erdiak ia. Alderdi askotako hautetsiek egin dute bat prozesuarekin, bereziki, Bildu, Nabai, Aralar eta EH Baikoak eta independente batzuk. Horien artean, baina, badago hutsune nabarmen bat: EAJren udal eta hautetsiena, gaur gaurkoz Udalbiltza-Udalbiden biltzen direnak.

Udalbiltza 2000. urtean banatu zen bitan, Lizarra-Garaziko prozesua hautsi ondoren, eta urtebeteko bide oparoa egin ondoren. 2003an, berriz, Espainiako Auzitegi Nazionalak Udalbiltza Kursaal deiturikoaren jarduna eten zuen, eta 22 lagun auzipetu zituen ETAren aginduz jardutea leporatuta —2011ko urtarrilean absolbitu zituzten denak—. Udalbiltza-Udalbidek, berriz, bere bidea egin du gaur egun arte.

1999ko irailean sortu zen Udalbiltza, Bilboko Euskalduna jauregian. Alderdi abertzale guztietako 1.778 hautetsik eman zioten babesa eta bost printzipio hitzartu zituzten: Euskal Herria nazioa dela aldarrikatzea; Euskal Herriaren egituraketa politikoa eraikitzen laguntzea, lurraldetasuna aintzat hartuz; nazio eraikuntza bultzatzea; herrialde guztietako udalerrien arteko harremanak eraikitzen laguntzea hainbat alorretan; eta nazioartean Euskal Herria nazio berezko eta desberdindua dela adieraztea.

Talde sustatzaileko kideek azpimarratu dutenez, printzipio horiei eustea eta 2000. urteko banaketa gainditzea izan da beraien helburua hasieratik, eta azaldu dute banaketa horri nola aurre egin aztertuko dutela aurrerantzean. Horren harira, esan dute «Udalbiltzaren ateak» irekita jarraitzen duela hautetsi guztientzako, eta, bereziki, «Euskal Herria aintzat hartzen duten guztientzat». Era berean, jakinarazi dute nazio mailako hainbat gizarte eragilerekin biltzen ari direla, eta jaso duten erantzuna «ezin positiboagoa» izaten ari dela.

Ekarpenak biltzen

Oraingoz, prozesuari atxikimendua eman dioten hautetsien ekarpenak biltzen jarraitzen dute talde sustatzaileko kideek. Udalbiltzak egun dituen «bi espresioez» egindako lanaz duten iritziaz galdetu diete hautetsiei: biak batzeko egokitasunaz, Udalbiltzak etorkizunean jorratu behar dituen gaiez, lehentasuneko lan ildoez, antolatzeko sistemaz eta zuzendaritza aukeratzeko prozeduraz. Astebetean ehundik gora erantzun jaso dituztela jakinarazi dute taldeko kideek, eta gaineratu «hautetsien erantzun maila dela-eta», ekarpenak jasotzeko epea urtarrila amaitu arte luzatzea erabaki dutela. Epe hori amaitu ostean, jasotako erantzun eta ekarpenenak aztertu eta ondorioak zehaztuko dituzte, «horren gainean etorkizuneko Udalbiltzaren bizkarrezurra eraikitzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.