Inflazioa %10,4ra apaldu da Espainian, eta %8,8 igo da Alemanian

Espainian inflazio tasa lau hamarren murriztu da uztailetik erregaien prezioengatik. Gaur emango dute euroguneko abuztuko datua

Iaz erregaiak garestiago zeuden. Irudian, gasolindegi bat Madrilen. L. MILLAN / EFE.
Irune Lasa.
2022ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Albiste ustez on baten atzean kezkarako datuak ezkuta daitezke. Prezioen igoera moteldu egin dela erakusten du gaur INE Espainiako Estatistika Institutuak emandako abuztuko inflazioaren datu aurreratuak, baina azpiko inflazioa igo egin da. Urte arteko inflazio tasa %10,4ra apaldu da uztaileko %10,8tik, eta eten egin da azken hilabeteetako goranzko joera.

Apaltze horren muinean erregaien prezioa dago, txikiagoak izan direlako iazko abuztuan garestitu ziren salneurrien aldean.

Beste aldean, prezio igoera handiak izan dituzten gaien zerrendan daude, nola ez, argindarra, elikagaiak, jatetxeak eta pakete turistikoak.

Prezioak zertxobait apaldu izanak, hala ere, ez ditu arintzen inflazioaren inguruko kezkak. Batetik, oraindik bi digitutik gora dago urte arteko tasa, eta, bestetik, urte arteko azpiko inflazio tasak —elikagai ez-elaboratuak eta energia gaiak at uzten dituenak— gora jarraitzen du, hiru hamarren igota, %6,3raino, erakutsiz prezio igoerak handiak direla ekonomiaren beste sektoreetan ere.

Euroguneko ekonomia ahaltsuenean, Alemanian, aldiz, berriz ere gora egin du inflazioak abuztuan. Urte arteko tasa harmonizatua %8,8ra itzuli da, uztailean %8,4ra jaitsi ostean. Elikagaiek eta energia kostuek izan dute pisurik handiena igoeran, nahiz eta erregaientzako deskontuek eta garraio publiko merkeak igoera zerbait apaldu duten.

Eta inflazioak gora egingo du hurrengo hilabeteetan Alemanian. Bundesbankek %10tik gorako tasak espero ditu urteko azken laurdenean.

Oro har, eurogunean inflazioa handia izango da aurten eta hurrengo urtean ere, hainbat ekonomistaren ustez. Gaur jakinaraziko dute euroguneko abuztuko inflazioa, eta analistek uste dute tasa %9ra igoko dela uztaileko %8,9ko errekorretik. Aurreikusi dute ere urrian prezioek beste jauzi bat egingo dutela %10eraino.

Horiek horrela, presioa gero eta handiagoa da EBZn. Europako Banku Zentralaren hurrengo Gobernu Kontseilua irailaren 8an izango da, eta jada espero da tasen igoera bat. Orain gutxira arte, 25 edo 50 oinarrizko punturen igoera espero zuten merkatuek, baina %0,75eko igoera handiago bat nahi lukeenik ba omen dago EBZn.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.