Ugaitz Susperregi eta Odei Arregi

Erremonteak xarma dauka oraindik ere

Denbora gutxian bi erremontistak egin dute debuta: Odei Arregi atzelari tolosarrak eta Ugaitz Susperregi aurrelari oiartzuarrak. Beste modalitateetan bide luzea egindakoak dira biak. «Oso gustura» ari direla diote.

Ugaitz Susperregi eta Odei Arregi, Galarreta pilotalekuan. JON URBE / FOKU.
Julen Etxeberria.
2022ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Garai hobeak izandakoa da erremontea, baina oraindik ere eutsi egiten dio xarmari. Azkenaldian, adibidez, bi pilotari harrapatu ditu: Odei Arregi atzelariak bi hilabete daramatza profesionaletan jokatzen (Tolosa, Gipuzkoa, 1993); Ugaitz Susperregi aurrelariak (Oiartzun, Gipuzkoa, 1995), berriz, hilabete pasatxo.

«Oso gustura» ari dira biak. «Emaitzak emaitza, gustura ari naiz. Oso argi nuen jauzia handia izango zela, eta poliki-poliki joan beharra nuela. Halaxe ari naiz: gero eta hobeto. Uste baino gertuxeago nago; hortxe nago», dio Arregik. «Sasoiko jartzea, modalitateari neurria hartzea eta martxa hartzea ziren lehen helburuak. Eta pozik nago, horiek lortzen ari bainaiz», esan du Susperregik.

Argi dute non duten gehien hobetzeko: «Afizionatuetan baino erritmo eta abiadura askoz handiagoan jokatzen da. Materiala ere oso ezberdina da. Nik, gehien bat, sake-bueltan hobetu behar dut», azaldu du Susperregik. «Aurrelari hasi nintzen, baina atzera pasatu ninduten gero. Atzeko lanetan dut hobetzeko: errebesa, errebotea...», gaineratu du Arregik.

Aitortu dutenez, «zur eta lur» geratzen dira Javier Urriza, Endika Barrenetxea eta Imanol Ansa ikustean: «Koska bat gorago daude. Oraindik ez dugu haiekin jokatu. Lanean ari gara eguna irits dadin», azpimarratu du Arregik. Beren ogibideekin uztartzen dute: hezitzailea da Susperregi, eta industria teknikaria, Arregi.

Pilotalekuan ordu mordoa eginikoak dira biak: Arregi, esku pilotan, frontenisean eta palan; Susperregi, berriz, joko garbian. Zergatik orain erremontean? «Nirekin palan ibilitako batek animatu ninduen. Esan zidan jakin zuela erremontean aritzeko jende bila zebiltzala, eta nire izena eman ziela. Ia ez nekien ezer erremonteaz, baina pandemia betean zen, dena itxita zegoen, eta aitzakia ona zen pilotalekura joateko. Hiruzpalau entrenamendu egin nituen, eta oso zaila iruditu zitzaidan. Palan hasi nintzen berriro, udako torneoak jokatzeko. Baina, horiek bukatu, eta berriro probatu nuen, eta ikusi nuen gero eta hobeto moldatzen nintzela. Lehen ezinezkoak ziruditen gauzak egiten hasi nintzen. Konturatu nintzen debutatzeko aukera izan nezakeela, eta erronka horrek zeharo harrapatu ninduen», kontatu du Arregik.

Hark ez zuen inoiz zestarik erabili. Susperregik, ordea, eskarmentu handia zuen horretan, hamabi urte baitzeramatzan joko garbian: «Abantaila handia izan da, diziplina ezberdina izan arren, oinarria bainuen: lehen entrenamenduan berehala hasi nintzen pilota jotzen». Ansak animatu zuen: «Elkarrekin ikasi genuen unibertsitatean, eta batak bestearen zesta probatzeko tratua egin genuen. Galarretara joan, probatu, eta gustatu egin zitzaidan. Biak egiten hasi nintzen, baina egun batean erremonteko entrenatzaileak esan zidan aukeratu egin behar nuela. Debutatzeko aukera izan nezakeela esan zidan. Pena eman zidan joko garbia uzteak, baina sekulako aukera zen».

Biek aitortu dute erremontearen alde egiteko orduan «oso kontuan» izan zutela «eskura» ikusi zutela debuta egitea; «ametsa» zuten biek. Eta iritsi zen eguna. Biek «oroitzapen ederra» dute estreinakoaz. Kontaketa bera egin dute: «Eguna gerturatu ahala, gero eta urduriago jarri ginen. Komunikabideetan atera zen, eta horrek oihartzuna eman zion. Familia eta lagunak gozatzen ikusi nahi genituen. Zorionez, jokatzen hasi, eta nerbioak bazter batean utzi genituen. Ondo joan zen partida, baita ondorengo ospakizuna ere».

Aurrera begira, helburu bera dute: «Lanean jarraitzea, eta gero eta hobeto aritzea», dio Susperregik. Ez dute zesta uzteko asmorik. «Katigatuta» daudela dio Arregik: «Abiadura, pilotaren soinua, teknikoki duen zailtasuna... Ederra da erremontea. Gainera, azkenaldian, lan handia egin da ikusgarriagoa eta erakargarriagoa izan dadin. Gu harrapatu egin gaitu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.