Bertol Arrieta.
Brasilgo Munduko Kopa. 'O TEMPLO DO FUTEBOL'

Bebe to

2014ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Gol eta gol artean enamorada bila natorrek ni! Gaur duk nire eguna! —esan zidan Sebastiaô izeneko beltz ihar batek, albotik pasatzen ari zitzaizkigun hiru mulata pinpirinak seinalatzen zizkidan bitartean. Kroaziaren aurkako garaipenak dantzan jarrita zeukan hiri osoa—. Horiekin bai, horiekin egingo nuke nik jogo bonito. Bai, oso superstiziosoak gaituk Brasilen! Pentsa!, Scolarik egun bat aurrerarazi zian Munduko Koparen hasiera, bere taldearen lehen partida 13an joka ez zedin!

Antzeko istorioak kontatzeko eskatu nion.

- Mordo bat zagok! Vasco de Gamaren zelaian igel bat lurperatu omen zian behin sorgin batek, esanez: «Ez duzue txapelketarik irabaziko hamar urtean!», eta zer uste duk gertatu zela? Zer kaka zahar ari haiz edaten? Caipirinha? Har ezak hau, motel, har ezak hau —bere botilatik eskaini zidan—. Bebetorena jakingo duk, noski!

- Joder! Zer da hau?

- Cachaça.

- Zakur pixa ematen dik!

- 30 gradutan gaudek! Zer nahi huen?! Ba al dakik Bebetorena? Baina hi ze mundutan bizi haiz! Flamengotik Vasco de Gamara joan zuan, traizio handia Rion!, eta hemengo sorgin ezagun batek begizkoa bota zioan! Akabo Jose Roberto Gama de Oliveira.

- Zein?

- Bebeto! Akabo, Bebeto!

Tipo ona Sebastiaô. Istorio interesgarri dezente kontatu zizkidan, Brasilen lehen garaipenaren gau eroan. Edo hori uste dut behintzat.

- Ez Brasil, ez Alemania, ez Argentina! —esan zidan Bruxo Marcelok bere onetik aterata, eta entzun nahi ez nuen hori entzuteko prestatu nintzen: Uruguai! Uruguaik irabaziko du txapelketa!

Ez dakit asmatuko duen, baina 41 euro eskaintzen dituzte apustu etxeek jokatutako euro bakoitzeko...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.