Klima larrialdia. G20koen isurketak

OHARTARAZPENA KUTSATZAILEEI

Bihartik 13ra, Klima Aldaketaren Inguruko NBEren Goi Bilera egingo dute Madrilen. Horren atarian, eta Parisko Ituna indarrean sartu aurretik, Climate Transparency argi mintzo da G20koen konpromisoak aintzat hartuz osatu duen txostenean: tenperaturaren igoera hiru gradukoa izango den egoera baterantz doa planeta.

OHARTARAZPENA KUTSATZAILEEI.
Igor Susaeta.
2019ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Baikorregiak izateko motiborik ez dago Climate Transparency GKE gobernuzko kanpoko erakundearen Brown to Green (Marroitik berdera) txostenari erreparatuz gero. Hainbat adituk aztertu dute ea munduko ekonomia boteretsuenek osatzen duten G20 taldeko herrialdeak politika egokiak garatzen ari ote diren Parisko Itunak (2015) klima larrialdiari aurre egiteko ezarritako xedeak betetzeko. Potentzia guztiek sinatutako akordio horren arabera —AEBak ateratzekotan dira—, helburua argia da: industrializazioaren aurretikoarekin alderatuta, XXI. mendean lurrazalaren tenperatura ez areagotzea bi gradu baino gehiago, eta, ahal bada, igoera hori 1,5 gradukoa izatea. Baina beroketa globala eragozteko ahaleginean, G20ko herrialde bakar batek ere ez ditu etxeko lanak egin: txostenak iazko datuak kontuan hartuta adierazten duenez, herrialde horietan guztietan areagotu egin zen berotegi gasen isurketa. «Txostenak egiaztatzen du tenperaturaren igoera hiru gradukoa izango den egoera baterantz goazela», nabarmendu du Alvaro Umaña GKEko presidenteordeak.

1986 eta 1990 artean Costa Ricako Energia eta Ingurumen ministroa izandakoak BERRIAri adierazi dioenez, EB Europako Batasuneko herrialdeek, oro har, «anbizio handiagoa» dute, eta berotze globalaren kontrako «plan zehatzagoak» dituzte. «Baina, oraintxe, inork ez du 1,5 graduko igoera bateko jokalekura eraman gaitzakeen proiekturik». Txostenak dioenez, nolanahi ere, EB, Erresuma Batua, Italia, Alemania, Frantzia, Errusia, Txina, India, Indonesia, Saudi Arabia eta Turkia «teknikoki» gai izango lirateke bere konpromisoak betetzeko.

Behin Kyotoko Protokoloaren iraunaldia bukatuta, datorren urtean sartuko da indarrean Parisko Itunak jasotakoa. Eta herrialde bakoitzak karbono dioxido (CO2) isuriak murrizteko bere plana egokitu beharko du, eta zehaztu zein helburu dituen 2025-2030 eperako. «Helburu nagusia da 2050erako erabateko karbonogabetzea gertatzea ekonomian», azaldu du Umañak.

«Adibide on asko daude»

COP25 Klima Aldaketaren Inguruko NBE Nazio Batuen Erakundearen urteroko goi bileran, eztabaidagaietako bat izango da herrialde bakoitzaren doitze maila Parisko Itunak eskatutakoarekin. Txilen egitekoak ziren aurtengo bilera, baina herrialde horretako egoera ezegonkorra dela eta, Madrilen egingo dute, bihar eta hilaren 13a bitartean. Mahai gainean izango dituzten gaiak dira, gainera, nork ordainduko dituen natura hondamendiak; CO2 isurketak murrizteko planak bost edo hamar urtez behin aurkeztu beharko dituzten estatuek; eta, besteak beste, Parisko Itunaren seigarren artikulua. Horrek, funtsean, arauen esparru bat ezartzen du, herrialdeek lankidetza bultzatu dezaten «garapen jasangarria sustatzeko eta murrizketa ekinbideak anbiziotsuagoak izateko». CO2-aren merkatu moduko bat litzateke, finean.

Horrekin lotuta, Umañari iruditzen zaio badaudela baikorrak izateko arrazoiak: «Adibide on asko daude. Herrialde batek bere baldintzetara egokitu dezake beste herrialde batean egiten ari direna. Beraz, erreparatzen badiogu panorama globalari, eta bildu ahal izango bagenitu hainbat herrialdetan garatzen ari diren irtenbideak, askoz ere gehiago egin ahal izango genuke».

Herrialde bakoitzak orain arte hartutako konpromisoen «balorazio bat» egin beharko du datozen hilabeteetan, eta Climate Transparencyko presidenteordeak uste du erakundeak argitaratu duten txostena dela, «nolabait», balorazioaren «aurretiko ohartarazpen moduko bat». Argi dauka, bestalde, zein ari den izaten oztopo nagusia berotze globala moteltzeko. «Arazoa da herrialde gehienek anbizio oso handia dutela epe luzera begira, baina oso txikia epe motzera begira».

Herrialdeak ez daude behartuta Parisko Itunak ezarritako helburuak legez betetzera. «Ez da herrialdeetako parlamentuek berretsitako hitzarmen baten modukoa. Gobernuek onartutako akordio bat izan da», azaldu du Costa Ricako Gobernuko ministro izandakoak. Eta hala izan zen, haren esanetan, «AEBek ez luketelako lortuko Senatuan onartua izatea».

Klima larrialdiari eragiten dioten aldagai nagusiak aztertuz osatu du txostena GKEak.



ENERGIA

Nagusiki energiaren erabilerak sortzen ditu berotegi gasak, eta, hazkunde ekonomikoaren ondorioz, isurketa maila %1,8 handitu zen iaz G20ko herrialdeetan. Erregai fosilen bidez ekoitzitako energia areagotu zen Australian, Kanadan, Txinan, Indian, Indonesian, Errusian, Hegoafrikan, Hego Korean eta AEBetan. Igoera handiena, hain zuzen, zerrendatutako Amerikako bi herrialdeetan gertatu zen.

G20ko herrialde guztiek energia nola ekoizten duten aintzat hartuta eta batez besteko bat eginda, txostenak zehaztu du energia ekoizterakoan erregai fosilen pisua %82koa dela G20koen artean. Eta Parisko Itunak eskatzen duenarekin bateragarria izateko, proportzioa, maila globalean, %67raino txikitu beharko litzateke 2030erako, eta %33ra arte mendearen erdialderako. Hori bai, klubeko herrialde industrializatuenek gainontzekoek baino lehenago iritsi beharko lukete erabateko karbonogabetzearen helburura.

GARRAIOA

Garraioak eragindako isuriak %1,2 handitu ziren iaz. Hori dela eta, oso kritiko mintzo da Umaña: «Zamaren garraio publikoan erregai fosila da nagusi, eta elektrikoen sartze maila nahiko txikia da ia herrialde guztietan». Horregatik, G20ko herrialde bati salbu, gainontzekoei belarrietatik tira egin behar zaielakoan dago. «Txinan, esaterako, gorakada oso handia gertatu da ibilgailu elektrikoei dagokienez. Hori da albiste onetako bat. Beste herrialde batzuek iragarri dute debekatu egingo dutela erregai fosila darabilten ibilgailuen inportazioa».

Garraioan CO2 gutxi isurtzen duten erregaien erabileraren portzentajea %6 da G20ekon artean, eta 2050erako hamar aldiz handitu beharko litzateke proportzio hori. Hori gauzatu ahal izateko errezeta bat ematen jarrita, Umañak pentsatzen du, hasteko, gobernuen «borondate politikoa» behar dela. «Garraio publiko masiboa bultzatu behar da. Gainera, erregai fosilarekin funtzionatzen duen garraio pribatua murrizteko moduak bilatu behar dira». Ibilgailu elektrikoak hauspotu behar dira, «horientzako argindarra iturri berriztagarrietatik ekoizten baldin bada, betiere».

ERAIKINAK

Eraikuntzan gertatu da hazkunderik handiena isurketei dagokienez: %4,1ekoa izan da. Sektore horretan, EBko herrialdeak dira tenperaturaren igoera 1,5 gradukoa izateko beharrezkoak diren helburuak betetzen ari direnak. Badituzte plan batzuk eginak, bai eraikin berriak eta bai eraikita daudenak akordioaren alderdi horretan eskatzen denera egokitzeko .

Aldagai horri dagokionez, herrialde batean jarri du arreta Umañak, Kanadan: «Kokapen geografikoagatik eta klimatikoagatik, Kanadan oso inportantea da eraikinen eraginkortasun energetikoa». Horregatik, txostenak gomendatu dio Kanadari osatu dezala hori garatu ahal izateko plan bat.

INDUSTRIA

Jarduera industrialean ere gehitu dira isuriak: 2017arekin alderatuta, %3,1ekoa izan zen hazkundea iaz. Climate Transparencyk nabarmendu du batik bat Errusian, Txinan eta Indian izan dela gorakada, eta hori gertatu dela material astunarekin lan egiten duten herrialde «garatuagoetako» enpresen deslokalizazioagatik. Horri buruz galdetuta, Umañak erantzun du Txinan, adibidez, ikatz asko kontsumitzen dela, eta gehitu du CO2 isurketen erdiak, «oro har», Txinak berak eta AEBek egiten dutela. Halere, deslokalizazioa aipatuta, zehaztapen bat egin nahi izan du: «Nazioarteko komertzioa hain handia denez, askotan zaila da erabakitzea nork isuri duen». Adibide bat jarri du hori azaltzeko: «Txinan egindako iPhone bat, AEBetan saltzen dena, eta 15 herrialdetako osagaiak dituena: nork egiten ditu isuriak?».

Hainbat unibertsitate prestigiodunetan (Stanford, Duke, Harvard...) irakasle izandakoarentzat, enpresa asko «orain» hasi dira isuriak neurtzen. «G20ko denek ez diote zergarik ezarri CO2 isurketei, baina herrialde asko ari dira hori egitea pentsatzen. Tira, Kanadak berriki ezarri dio». Eta Frantziak ekozerga bat hauspotu du hegaldi txarteletarako. Datorren urtean da indarrean sartzekoa. Horrenbestez, hegazkinak egin beharreko distantziaren arabera, 1,5 euro eta 18 euro artean garestituko dira Frantziatik aireratzen diren hegaldietarako txartelak. Gobernuak iragarri du espero duela 180 milioi euro biltzea zerga horrekin, eta diru hori erabiliko duela garraio azpiegitura ekologikoagoak sustatzeko. Umañak Londresen egiten dutena oroitu du: ibilgailuek bidesari moduko bat ordaintzen dute hiriaren erdigunera sartzeagatik.

Halere, G20koen artean herrialde bakar batek ere ez du industriaren isurketak 2050erako %75-90 murrizteko planik.

NEKAZARITZA ETA ABELTZAINTZA

Txostenak gomendio bat eman du nekazaritzak eta abeltzaintzak eragindako isurketak murrizteko: animalietatik eratorritako produktu gutxiago kontsumitzea. Aldagai horrekin lotuta, gainera, arduratuta dago munduko ekonomia boteretsuenen artean oihan tropikalak dituzten herrialdeetan gertatzen ari diren basogabetzeengatik. Hori dela eta, Argentinari, Brasili, Indonesiari eta Australiari eskatu die horri eusteko planak garatzeko. Indiak badu plan bat basogabetzearen aurka egiteko.

FINANTZAK ETA DIRU LAGUNTZAK

Erregai fosilak erabili dituzten egitasmoetarako diru laguntzetan beherakada bat gertatu da: 2017an, 225.000 milioi euro eman zituzten G20ko herrialdeek, baina, iaz, kopuru hori nabarmen murriztu zen, 100.000 milioi euroraino. «Hor arazoa da petrolioa duten herrialdeek diruz laguntzen dutela kontsumoa. AEBek eta Kanadak ere diruz laguntzen dute ikatzaren ekoizpena», azpimarratu du Umañak. Eta, haren irudiko, laguntza horiek «guztiz erauzi» behar dira, eta erregai fosilei zerga bat jarri behar zaie, «bakoitzari berea, proportzionala bere karbono edukiarekin».

Planteatu du energia berriztagarriak jartzea erdigunean. «Ezinbestekoa da. Finantzatu beharko genuke erregai fosilekin daukagun kapitala iturri berriztagarrietarantz bideratzeko trantsizioa». Adibide «oso argi batekin» esplikatu du bere planteamendua: «BPGarentzat [barne produktu gordina], gauza bera da Hummer ibilgailu handi bat ekoiztea —geroz eta gutxiago daude— edo haize turbina bat; baina gizadiaren etorkizunarentzat, ez da gauza bera». Iruditzen zaio trantsizio horretan «interesgarria» litzatekeela ikatzetik gasera pasatzea aurrena, eta gero berriztagarrietara. Bai, badaki «transformazio erraldoi bat» ari dela mahai gainean jartzen. «Erronka izugarri handia da, eta 20 urte baino gutxiago ditugu transformazio hori gauzatu ahal izateko». Iruditzen zaio diseinatu daitezkeela «lorpen handiak» ekar ditzaketen politikak. Jabetuta dago, ordea, gertatzen ari denaz: «Berandu dela? Nik baietz uste dut. Egokitzapen klimatikoaren kostu oso handiak nozituko ditugu». Bero boladak, desizozte masiboak, itsas mailaren igoerak... Climate Transparencyren txostenak ez du ahaztu, ez, gertakari klimatiko muturrekoek 16.000 bat heriotza eta 129.000 milioi euroren galerak eragin dituztela G20ko herrialdeetan urtero, batez beste, 1998tik 2017ra. «Ezer egiten ez badugu, askoz ere okerragoa izango da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.