TOKIO 2020. ERAZTUN MOREA

BABE DIDRIKSON. 1932. urtea

XX. mendeko kirolaririk onenetako bat izan zen. oso ona zen lehiatzen zen kirol guztietan, baina golfean eta atletismoan nabarmendu zen.

HARRY WARNECKE.
jakes goikoetxea
2021eko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Ona zen golfean. Ona saskibaloian. Ona softbolean. Ona atletismoan. Ona baino gehiago, oso ona. Mildred Ella Didrikson Zaharias, Babe. Beste hainbat kirol ere egiten zituen: boleibola, billarra, igeriketa, tenisa, txirrindularitza, boxeoa... XX. mendeko kirolaririk onenetako bat.

1932an, AEBetako AAU Amateur Athletic Unionek antolatutako atletismo txapelketa irabazi zuen. Didriksonek bere enpresa ordezkatu zuen. Hamar kiroletatik zortzitan parte hartu zuen: bost irabazi zituen, eta beste batean ere lehena izan zen, beste lehiakide batekin berdinduta. Berez, taldeentzako txapelketa bat zen, baina Didrikson bakarrik lehiatu zen.

1932ko Los Angelesko Olinpiar Jokoetan lehiatzeko sailkatu zen, bost kiroletan. Baina arauek emakumeei debekatu egiten zieten —gizonei ez— hiru kiroletan baino gehiagotan parte hartzea. Didriksonek urrezko bi domina eta zilarrezko bat irabazi zituen, oso kirol ezberdinetan: urrea 80 metroko hesidunetan eta xabalina jaurtiketan; zilarra, berriz, gorako jauzian. Olinpiar Jokoetan korrika, jaurtiketetan eta jauzietan banakako dominak lortu dituen kirolari bakarra da. Markak ere jarri zituen Los Angelesko lehiaketan.

Gero, golf jokalari profesional bihurtu zen, eta 41 txapelketa irabazi zituen 1934 eta 1956 bitartean; horietatik hamar, torneo handiak. 1946tik 1947ra, golf jokalari amateurra zela, hamalau txapelketa irabazi zituen jarraian. Beste inork ez du lortu. Gizonen aurka lehiatu zen hainbat txapelketatan. LPGA Emakume Golfari Profesionalen Elkartearen sorrera bultzatu zuen.

Garaiko hainbat kazetariren —gizonak— kritikak, gutxiespena eta irainak jasan behar izan zituen: ez zuela emakume itxura, emakumez mozorrotutako gizona zela, etxean egon beharko zukeela, gizonak erakartzen ez zituelako egiten zuela kirola...

1953an, koloneko minbizia aurkitu zioten, eta ebakuntza egin zioten. Hala ere, lehiatzen eta irabazten jarraitu zuen. 1954an bere hirugarren AEBetako Irekia irabazi zuen. Gorputzeko hondakinak kanporatzeko kolostomia poltsa bat jarrita jokatu zuen lehiaketa. Lau txapelketa gehiago irabazi zituen 1954an. 1956an hil zen.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.