inaki petxarroman
Kataluniako hauteskundeak. Biharamuna. ANALISIA

Egitasmo bateraezinak

2017ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Alderdi unionistek galdu egin dute hauteskunde lehia, independentistek eutsi egin baitiote parlamentuko gehiengoari, boto portzentajeari eutsiz eta euren aurka ezarritako partida zail batetik osorik eta sendo irtenda.

Horrek ez du esan nahi, ordea, hemendik aurrerako bidea erraza izango zaienik. Indar subiranisten garaipenaren biharamunean, Espainiako Auzitegi Gorenak matxinada egotzita auzipetu ditu Marta Rovira, Artur Mas, Anna Gabriel eta beste hainbat buruzagi independentista, eta hori aurrerantzean Katalunian egon litekeen giroaren erakusgarri ezin grafikoagoa izan daiteke.

Ikusteko dago ea diputatu preso eta erbesteratuei —zortzi lagun guztira, zerrenda gizentzen ez bada, esaterako, Rovirarekin— aukera ematen dieten parlamentuko saioetan —besteak beste, gobernua osatzeko inbestiduran— parte hartzen. Haiek gabe, ezinezkoa litzateke normaltasun politiko eta instituzionala berreskuratzea Katalunian.

Haien egoera Espainiaren esku dago, eta ez litzateke harritzekoa xantaia moduan erabiltzea aldi politiko berri honetan. Hau da, estatuak preso eta errepresaliatuen egoera konpontzea eskain lezake aldarrikapen eta proiektu independentistak alboratzearen truke. Indar unionistek badakite zigor neurriak, espetxe eta ondasunak galtzeko arriskua eta, azken finean, 155. artikulua Damoklesen ezpata bat direla independentisten buru gainean. Eta, dar-dar handirik gabe utziko dute erortzen haien aurka, askapen bidean sakontzen saiatzen badira, behintzat.

Independentziarako aldebakarreko edo aldebiko bideen artean hautatu baino gehiago, 155. artikuluaren hesia nola gainditu izan lezakete orain jomugan hauteskundeetako irabazleek. Eta, horretan ari diren bitartean, Espainiak badaki ez direla hasiko estatu egiturak martxan jartzen.

Hauteskundeetako emaitzek ez dute panorama argirik erakusten. Mariano Rajoyk porrot egin du botoen lehian, baina Kataluniakoaren gisako estatu auzi batean hori ez zaio baldintzagarri gertatuko. Espainiako erregearen urriaren 3ko agerraldiaren ostean, estatua errepresio judizial, polizial, politiko eta ekonomiko neurtuan ari da Kataluniaren aurka. Eta horretan jarraituko du aurrerantzean ere.

Besterik da Espainiara hauteskundeek daramaten mezua. PPk C's-en hatsa suma dezake lepo atzean, eta horrek ekar dezake nazionalismo espainiarra oraindik gehiago muturtzea. Zalantzarik gabe, horrek eragin handia eduki dezake, Katalunian ez ezik, baita Euskal Herrian ere. Izan ere, C's epe ertaineko mamu bat da, besteak beste, PPren aliatu bilakatu den EAJren egitasmoetarako. Ikusteko dago, bestalde, ea jeltzaleek zer jarrera hartzen duten orain Espainiako aurrekontuak negoziatzeko, zeren Kataluniako egoerak ez baitu berehala baretzeko itxura handirik.

Urriaren 1ean lehertu zen 1978ko erregimen autonomikoa, eta denbora beharko da piezak berrantolatzeko. Baina Madrildik hel daitekeen eskaintza C's-en programak baldintza lezake inoiz baino gehiago, eta horrek egitasmo bateraezinak jarriko lituzke aurrez aurre: nazionalismo espainiar baztertzailea eta Kataluniako eta Euskal Herriko nazio eta eskubide politikoen aitortza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu