Miren Basaras Ibarzabal.
Koronabirusa. ZIENTZIAREN TALAIATIK

Akilesen orpoaren bila

2020ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Osasun krisi honetan dagoen arazo larri bat da koronabirus berri hori tratatzeko ez dagoela botika espezifikorik; beraz, hori lortu arte probatu behar da jadanik merkatuan dauden medikamentuak baliagarriak ote diren pazienteak sendatu ahal izateko.

Gaixoak oso larri daudenean, ezagunak diren medikamentu horiek modu errukitsuan erabiltzen dira, baina birus berri horren kontrako eraginkortasuna oraingoz frogatu gabe dago; modu esperimentalean ematen dira.

Medikamentu horien eraginkortasuna eta segurtasuna frogatzeko, saiakera kliniko kontrolatuak eta aleatorizatuak egin behar dira laborategietan eta gizakietan. ClinicalTrials.org orriak jasotzen ditu gaur egun martxan dauden saiakuntza klinikoak, eta COVID-19a tratatzeko 600 proposamen daude —gehienak pazienteak errekrutatzen ari dira—.

SARS-CoV-2aren kontra erabiltzen diren botika horien barnean Remdivisir izenekoa dago; RNA birusen kontrako eremu zabaleko antibirala da, eta jadanik probatu da beste koronabirus batzuen kontra, SARSaren edo MERSaren kontra, adibidez, eta Ebola birusaren kontra ere bai. Haren funtzioa da birusa erreplikatzen ari denean beharrezkoa duen entzima bat (RNA polimerasa) inhibitzea. Baina SARS-CoV-2 birusak beste entzima bat du, exonukleasa, erreplikazioan gertatzen diren akatsak zuzentzen dituena, eta, horrela, Remdivisir botikaren inhibizio ahalmen hori mugatu dezake.

Azken egunetan, antibiral horrekin egindako bi ikerketaren emaitzak jaso dira. Lehenengoa Txinan egin da, 237 pazienterekin, eta Lancet aldizkarian argitaratu berri da. Bigarrenean, AEBetako Alergiaren eta Gaixotasun Infekziosoen Institutu Nazionalak koordinatuta, Ameriketako, Europako eta Asiako hainbat ospitalek parte hartzen dute, eta jadanik mila paziente daude aztergai. Bietan paziente talde bi zeuden: botika eman zaiena eta plazeboa. Helburu nagusia zen gaixoak sendatzeko denbora gutxitzea, eta hori bietan lortu zen; bigarren ikerketan, botika jaso zutenak 11 egunera, eta jaso ez zutenak, hamabost egunera. Gainera, tratatutako taldearen heriotza tasa %8koa izan zen, eta tratatu gabeko taldearena, %11,8koa (plazeboa). Hilkortasun diferentzia hori ez da estatistikoki esanguratsua; beraz, zoriaren ondorio hutsagatik izan daiteke.

Oso garrantzitsua da saiakera kliniko kontrolatuak egitea, saiakeren protokoloak bateratzeko eta argitalpenen zehaztasuna hobetzeko. Argitaratutako emaitza horiek lehenengoak dira: nahiz eta denak ez diren sendatzen, paziente batzuetan erabili ahalko da botika hau. Izatez, entzimak inhibitzen dituzten botikak jadanik erabili izan dira beste birus madarikatu batzuen kontra, hala nola GIB edo C hepatitisaren birusa, eta modu oso eraginkorrean sorrarazten dituzten gaixotasunak tratatzen dira. Espero dezagun botika esperimental honekin egiten ari diren beste saiakeren emaitzek baieztatzea lortutako emaitza horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.