Manuel Garrido Sotelo. Hiesduna eta medikua

«Kartzelak larritzen du Iparragirreren egoera»

Ibon Iparragirre presoak bezala, Garridok ere ez du birusaren aurkako botikarik hartzen. Kritikoa da medikuntzaren diskurtsoarekin: «gezurra» dela dio hiesa eragiten duela giza immunoeskasiaren birusak.

LEA-ARTIBAI ETA MUTRIKUKO HITZA.
aitor biain
2015eko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Urteak dira hiesari aurre egiten ari zaiola Manuel Garrido Sotelo (Moaña, Galizia, 1953). Medikua da, eta «ustekabean» jakin zuen GIBduna zela, beste askoren antzera. Hala ere, ordutik ez du botikarik hartzen gaixotasunari aurre egiteko. Ibon Iparragirre preso ondarroarrak ere hautu bera egin zuen, eta «ongi» ulertzen du bere erabakia. Bada, hori bera azaldu du Garridok joan den asteburuan, Ondarroan (Bizkaia), Iparragirreren egoeraren inguruan egindako mahai inguru batean.

Zergatik erabaki zenuen botikei uko egitea?

Duela 28 urte jakin nuen GIBduna nintzela. Lagun batek eman zidan eritasunaren berri, eta proba egitea erabaki nuen, nire xalotasunean. Momentu hura oso gogorra izan zen. Hala ere, bederatzi hilabeteren buruan, Bartzelonako elkarte batekin egin nuen topo, ustekabean. Haiek esan zidaten orduan ematen ziren sendagaiak onartzen ez zituzten edota txarrak zirela adierazten zuten medikuak eta zientzialariak bazirela. Gaiak erakarri ninduen, eta informazio bila hasi nintzen. Ordutik ez dut sendagairik hartu; are, harro diot ez dudala birusaren aurkako botikarik hartzen. Gaixotasunari aurre egiteko modu bat da, eta, nire ustez, modu egokiena.

Zergatik diozu hori?

Garai hartan ematen zen sendagaia minbiziaren aurkakoaren berdina zela jakin nuen. Medikua nintzen ordurako, eta, nahiz eta hiesari buruz asko ez jakin, minbiziari nola aurre egiten zioten banekien. Hau da, botikak zelula onak zein txarrak hiltzen zituela jakin banekien. Orduan jabetu nintzen guztiz kontraesanezkoa zela hura. Jende asko hil zen hiesaren ondorioz 1980ko eta 1990eko hamarkadetan. Hain justu, koktel hura ematen zen garaian; kasualitatea ote?

Bestalde, egun ematen den dosia ez da garai hartakoaren bestekoa, askoz txikiagoa da, eta beste sendagai berri batzuekin nahasten da; jende gutxiago hiltzen da,ondorioz. Hala ere, pozoi azkar batetik geldoago batera pasatu gara.

Eta zergatik jarraitzen dute medikuek hori ematen?

Teoria ofizialak hala dioelako; 80ko hamarkadan estatubatuarrek esan zutenetik hala dela sinetsi delako. Baina hemen kontua da ez dagoela ezer frogatuta. Ez dakigu GIBak hiesa eragiten duenik ere. Hori diotenek hala dela erakutsi behar dute, eta oraindik ez dute erakutsi. Osasun arloan ere erabaki politiko asko daude, eta inork ez du hitz egiten horretaz. Kontrakoa diogunok ez dugu ezer berririk esaten. Guk ez dugu ezer erakutsi behar.

Ikerketak, egon, badaude.

Osasun aldizkarietako artikuluek sekulako astakeriak esaten dituzte, baina normaltzat hartzen ditugu. Halere, kontrakoa dioten aditu asko ere badaude. Urteak dira kontraesanez ohartarazi gintuztela, baina ez entzunarena egiten jarraitzen dugu.

Hain zuzen, teoria hori gezurtatzen duen Superando al Sida taldea osatu zenuten 1998an.

Bai, eta egun mundu osoko pertsonak batzen ditu. Gure helburua, gaur egun, hiesaren inguruan dagoen iritzia eta osasun politika bera aldatzea da. Izan ere, hiesa bi modutara uler daiteke: jaio ondorengo kausen ondorioz garatutako immunoeskasia gisa, edota, birus baten ondorioz garatutako immunoeskasia moduan. Horixe da egungo teoria, eta guk onartzen ez duguna. Testak egiteak ere ez dauka zentzurik. Egun edozerk eman dezake positibo, eta hori jasota dago. Ez du ez hanka ez buru.

Ibon Iparragirre presoak ere hiesa dauka, eta birusaren aurkako sendagairik ez hartzea erabaki zuen. Larri dagoel dela diote, baina epaileak bere errua dela dio. Zein iritzi duzu?

Egoera hurbilekoa dut, eta ongi ulertzen dut Iparragirreren erabakia. Haren hautua da, eta horrek ez du zer ikusirik preso egotearekin. Are gehiago, kartzelaklarriagotzen dio osasun egoera. Hango elikadura oso txarra da, eta, horrek eragin nabarmena dauka. Estresak ere, zer esanik ez, ez du laguntzen. Gizartearekin duen zorra bere osasunarekin ordaintzea izugarrizko bidegabekeria da; oso larria da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.