Iker Iraola Arretxe.
BOZGORA

Ezkerreko jeltzaleak

2020ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Zein alderdi da EAJ baino ezkerrekoago?», galdetu zuen Iñigo Urkullu behin-behineko lehendakari eta hautagaiak herenegun COPE irratian. Lehenago Euskadi Irratian esandakoa konpondu nahi zuen, ordukoan ezkerraren eta eskuinaren arteko banaketa zalantzan jarri baitzuen: «Ezkerreko aliantza baten ideia zaharkitua da», adierazi zuen. Idoia Mendiak, bere aldetik, Errenterian jakinarazi zuen PSE dela «ezkerreko gobernu baten» berme bakarra. Non eta Oreretan, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek udal gobernua partekatzen duten udalerri handienean. Ezkerreko udal gobernu horren oposizioaren buru da Alderdi Sozialista.

Bistan denez, ezkerraren eta eskuinaren arteko desberdintzea ez da dirudien bezain sinplea. Berez parlamentarismoariloturiko ikuspegia dugu, eta esentzia bat bainoago, kokapen bat da. Horregatik, eskuineko komunistak izan ditugu historian zehar —Nikolai Bukharin edo comunisti di destra italiarrak adibidez, zeinekiko kokatzen zaren baita ardatz honen funtsa, eta ez hainbeste ideia zehatz batzuekiko lotura. Orain EAJren hautagaiak ezkerreko jeltzaleak proposatu dizkigu. Baina gure hautagaiak ez dira honi buruz ari, iruditzen zait, kanpainan indarra hartu duen ezker-eskuin ardatzean kokatzeko asmoz baitabiltza.

Azken Soziometroak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako jendartea zentro-ezkerrean kokatzen zuen (3,9an, 0 ezkerra eta 10 eskuina izanik). Inork gutxik lotzen du, lurralde honetan, bere burua eskuin puruan. Baina alderdien artean desberdintasunak ere badira. EAJren boto emaileak zentrorago kokatzen diren bitartean (4,5), ezkerreren EH Bildurenak kokatzen dira (2,3), eta tartean PSErenak (3,8) ditugu. Horrela uler daiteke Iñigo Urkulluk bere diskurtsoa eskuinetik aldentzeko egindako saio argia, bertan arrantzatzeko gutxi dagoela pentsatzen duelako; edo, agian, handik datorkion boto fluxua dagoeneko ziurtzat ematen duelako. Espainiako CISek—prebentzioz hartu beharreko inkesta bada ere Alderdi Popularretik EAJranzkoa eta Elkarrekin Podemosetik EH Bilduranzkoa agertzen ditu alderdien arteko boto transferentzia nagusi moduan.

Kanpaina honetan, momentuz, zentraltasun handia eskuratzen ari da ezker-eskuin ardatza. Salbuespen nagusia Alderdi Sozialista eta PP-Ciudadanos dira, zeinak momentu askotan auzi identitario espainiarrari kateaturik baitabiltza. Idoia Mendiak Euskadiko Alderdi Sozialista «nazionalismoan nahasten ez den ezkerra» dela adierazi digu, eta bere alderdia haiek soilik aurreikusten duten «nazionalisten arteko akordio» bat ekiditeko berme gisa aldarrikatu. Nazionalistak beti besteak dira, noski; baina gainontzeko alderdiak beste gai batzuk azpimarratzen dabiltza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.