Maider Galardi F. Agirre.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. BOZGORA

Super (his)trionikoak

2020ko uztailaren 2a
00:00
Entzun

Abiada bizian galtzen dute gaurkotasuna albisteek, eta edonork eman dezake iritzia sare sozialetan; beraz, zutabe hau idazterako ia dena esanda dago Elkarrekin Podemosen Supertrionikoak eta Urkutron bideo laburren gainean. Anekdotikoa balitz, merezi ere ez luke egingo gaiari arreta gehiago ipintzea, baina segitu dute alderdi morekoek sagarekin, eta badirudi kapitulu gehiago ere izango dituela. Alain Badiou filosofo, teorialari eta dramaturgoak behin baino gehiagotan nabarmendu izan du antzerkiak eta politikak dituzten antzekotasunak: bi eremuak dira errealitate bat sortzeko gai, eta bietan dago joko dialektikoa. Bideoek jatorrian zuten xede komunikatiboa zein den ezin jakin, baina lortu dute eztabaida zabaltzea, eta akaso errealitate berri bat sortzea ere bai. Ideia histrionikoa dela, behintzat, ezin uka.

 

Bideoetako protagonistak nor diren asmatzeko hipotesiak askotarikoak dira. Batzuek diote Elkarrekin Podemosen kanpainako koloreak —eta, hortaz, koalizioak sustatu nahi dituen balioak— direla power ranger-ak: feminismoa, ekologismoa eta ezkerreko politikak. Beste batzuek diote koalizioa osatzen duten taldeenak direla: Ezker Anitza, Ahal Dugu eta Equo. Aukera hori baztertu egin dute ikusleek; izan ere, Equo bere kabuz aurkeztu da Eusko Legebiltzarreko bozetara.

Indar handiena hartu duen hipotesia, beraz, hauxe da: PSEkoa da pertsonaia gorria, EH Bildukoa berdea, eta Elkarrekin Podemosekoa morea. Aukerak badu zentzua; izan ere, Miren Gorrotxategi hautagaiak hasieratik aldarrikatu du ezkerreko alderdien koalizioa Eusko Jaurlaritza osatzeko. Gainera, bideoetako protagonistek hala iradokitzen dute: gorria alferra da, «inoiz ezer egiten ez» duena. Berdeak badu grina, baina «gaizki» irteten zaizkio gauzak beti —euskaraz hitz solteak erabiltzen dituen bakarra da—, eta morea da etxea «txukun» mantentzen duena. Urkutron etsaia kanporatzea dute xede. Metafora argia da: ezkerreko hirukoak gidari on bat behar du, eta, batez ere, besteak lozorrotik esnatuko dituen norbait: Elkarrekin Podemos.

Demagun balekoa dela hipotesi hori. Paradoxikoki, Elkarrekin Podemoseko, PSEko eta EH Bilduko zerrendaburuak, hirurak dira emakumeak: Miren Gorrotxategi, Idoia Mendia eta Maddalen Iriarte. Are gehiago, hirurak dira euskaldunak. Alabaina, bideoan gaztelaniaz ari dira gizonezkoak diruditen hiru power ranger-ak.

Badiouk zioen antzerkiak eta politikak, biek dutela errealitatea sortzeko gaitasuna, eta, oraingoan, fikzioak gainditu du errealitatea, baina txarrera. Egon, aukera badago ezkerreko hiruko koalizio bat sortzeko: emakumeek gidatua eta euskalduna, gainera. Andreak ari dira lehen lerroa hartzen, eta, halere, ezin ditugu ikusi ez eztabaidan eta ez errealitatea sortzen. Bideoak sortutako iruditerian, klixeak nagusi: anaidian beti erdaraz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.