Kataluniako hauteskundeak. Biharamuna

«Gobernu legitimoa» berrezartzeko helburua

Puigdemontek presidente izateko nahia adierazi ondoren, ERC prest agertu da Espainiako Gobernuak desegindako gobernua berriz osatzeko. CUPek gobernuan sartzeko aukera aipatu du. Ciutadansek ez du elkarrizketarik hasiko

Carles Puigdemont Junts PerCatalunyako hautagaitzako kideekin, atzo, Bruselan. MARTA MERINO GOMEZ / EFE.
mikel rodriguez
2017ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Egoera politiko ezezagunean utzi dute Katalunia herenegungo hauteskundeek. Independentistek, elkartuta, gehiengo osoa dute, baina baldintzak zeharo aldatu dira. Carles Puigdemontek Belgikako erbestetik adierazi du bere gobernua «berrezarri» nahi duela, eta ERC ere prest agertu da. Hauteskundeak Ciutadansek irabazi zituen, baina ez ditu hasiko gobernua eratzeko elkarrizketak. Ines Arrimadas hautagaiak erran badu ere independentistak bozetatik ahulago atera direla, ez dio errealitateari uko egin, eta haiei utziko die ekimena. Hala ere, gobernua osatzeko prozesuan, independentisten arteko negoziazioek ez ezik, kanpoko faktoreekere eragin handia izanen dute —lider independentisten aurkako auzibideek eta 155. artikuluaren aplikazioak, nagusiki—, eta horrek handitzen du orain sortu den jokalekuaren ziurgabetasuna.

2015ean, Convergenciak eta ERCk bat egin zuten Junts Pel Si zerrendan. Ordurako, inkesta eta analisi gehienetan aurreikusten zen bakoitza bere aldetik aurkeztuz gero ERCk aurrea hartuko liokeela Convergenciari, diktadura bukatu zenetik egin diren hauteskunde autonomikoetan lehenbiziko aldiz —1980an egin zituzten lehenbizikoak—. Aurreikuspen eta uste horiek azken hauteskundeen kanpainara arte mantendu dira, baina Puigdemonti etaPDECati fruituak eman dizkie estrategiak, eta independentisten artean lidergoari eutsi diote. Alde batetik, urriaren 1eko erreferendumaren eta urriaren 27ko errepublikaren aldarrikapenaren prozesu osoaren liderra izan da Puigdemont; ospea eman dio Kataluniako independentisten artean, eta nazioartean irudi eta ahots nagusia bihurtu da. Bertzetik, nahiz eta erbestean egon, Oriol Junqueras ERCko presidentegaiak baino errazago parte hartu ahal izan du kanpainan —behin-behinean preso daukate Junqueras—. Hirugarrenik, on egin dio alderdiaren izena alde batera utzi eta independenteekin batera zerrenda bat osatzeko erabakiak—Convergenciaren ustelkeria auziak eta murrizketa politiken zama bizkar gainean du oraindik PDECatek—. Eta, laugarrenik, sinbolismoaren indarra alde izan du: bertze gobernu bat eratzea baino gehiago, Puigdemont presidentetzat zuen gobernu legitimoa berrezartzearen ideia, 155. artikuluaren deslegitimazio gisara.

Horregatik, ideia hori defendatu zuen Puigdemontek atzo Bruselan egindako agerraldian. «Hautsitako normaltasuna bueltatu da Kataluniara. Eta [Kataluniako] gobernuaren eskutik bueltatu da. Gobernu hau izan da eta izanen da egonkortasunerako berme bat, jarraitutasun instituzionalaren bidez, eskaerak eta nahiak espresio demokratikoekin eta indarkeriarik gabe aurkeztuta, eta politika publikoak herrialde osoarentzat eginda».

ERCk ere bat egin du Puigdemontekin. «Herritarrek erabaki dute gobernu legitimoa berrezartzea», erran zuen atzo Marta Rovira errepublikanoen idazkari nagusi eta zerrendako bigarrenak. JPC Junts Per Catalunyak Puigdemont presidentetzarako aurkezten badu, Rovirak erran du babestuko dutela.

Korapilo bat baino gehiago dituzte askatzeko, ordea. Nagusia, Puigdemontek zer eginen duen presidente kargua hartzeko, Kataluniara joanez gero atxilotzeko arriskua baitu, matxinada leporatuta auzibide bat baitauka irekita. Bertzetik, Junquerasek rolik izanen ote duen gobernu horretan —urtarrilaren 4an aztertuko dute hura espetxean mantendu ala ez—. Eta, hirugarrenik, gobernua osatuz gero, nola jardunen duen; bai Puigdemontek, bai Rovirak aldarrikatu dute herritarrek errepublikaren alde eman dutela botoa, baina Mariano Rajoy Espainiako presidenteak hauteskundeak baino lehenagotik mehatxu egina dio etorkizuneko gobernuari 155. artikulua berriz ezartzearekin.

Independentismoaren hirugarren alderdiak, CUPek, anitz galdu du: hamar ordezkaritatik laura jaitsi da, eta ia lau puntu galdu ditu bototan —%8,2 lortu zituen 2015ean, eta %4,4 herenegun—. Talde mistora igaroko da PPrekin batera. Gainera, PDECatekin eta ERCrekin zuen indar korrelazioa anitz aldatu da. Gehiengo absolutuaren langa 68 diputatutan dago, eta CUPek 2015ean lortu zituen hamarrek garrantzi erabakigarria izan zuten Junts Pel Siren 62entzat. Orain, JPCk eta ERCk elkarrekin 66 dituzte; CUPen beharra dute gehiengo osora ailegatzeko, baina aitzineko legealdiko sendotasuna galdu du ezkerreko koalizioak, eta ikusteko dago prozesuaren akuilu zorrotzaren rolari eutsiko ote dion. «Errepublika egitea da kontua, eta estatuaren aitzinean errepublikaren proiektuari zutik eustea», adierazi zuen atzo Carles Riera CUPeko hautagaiak. Horrekin batera, erran zuen neurri sozialak hartzeko beharra dagoela. «Programa hori onartzen bada, kargu hartzea babesteaz gain, borondatea izanen dugu gobernuko kide izateko». Aitzineko legealdian ez bezala, JPCk eta ERCk gobernua osatzeko nahikoa lukete CUP abstenitzea.

Akordioak Comukoekin

Alderdi independentistek itun bat egitea litzateke logikoena, baina Puigdemontek bertze elementu bat paratu du mahai gainean, erran baitu En Comu Podemekin akordioak egiten saiatu nahi duela. Xavier Domenech comukoen hautagaiak atzo erran zuen ez dutela Puigdemont presidente eginen «ez modu batera, ez bertzera». Nahiz eta errepublikaren deklarazioaren aurka egin, En Comu Podemek bere burua ez du kokatu unionisten blokean, eta 155. artikulua aplikatzearen aurka agertu da. Lortu dituen zortzi diputatuek, ordea, soilik gehiengo bat lortzeko balioa edukiko lukete JPCrekin eta ERCrekin elkartuta. Gaurkoz, ez dago zantzurik errateko hori gertatuko dela.

Eta arrakasta ospatzen ari bada ere, egoera berean dago Ciutadans, 37 diputatu garaileekin ezin baitu gehiengorik osatu, PSCren emaitza ezin apalagoaren —hamasei diputatutatik, hamazazpira— eta PPren hondoratzearen eraginez —11tik hirura—. «Zalantzan paratzen dut akordiorik eginen ote duten», adierazi zion Arrimadasek atzo Onda Cero irratiari, JPCri eta ERCri buruz. Buruzagi unionistaren ustez, independentistak «hagitz posizio ahulean» daude, bi jarleku galdu dituztelako, eta botoen ehunekoan 0,3 puntu galdu dituztelako, nahiz eta 2015etik 90.000 boto inguru irabazi. Oraingoz, «zain» geldituko da. «Borrokan jarraituko dugu, eta inork ez dezala ondoriorik atera behar baino lehen». Urtarrilaren 23ra arteko epea dute parlamentua osatzeko. Presidentea aukeratzeko lehenbiziko bozketa otsailaren 6an izanen da, eta, beharko balitz, bigarrena handik bi egunera. Horrek ere huts eginez gero, gehienez bi hilabeteko epea izanen dute presidente bat hautatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.