Udalen osaketa. Bilbo

Bilbo. Aburto hirugarrenez, PSE bidelagun

EAJk PSErekin egindako gobernagarritasun akordioa defendatu du Aburtok. Oposizioari elkarlana eskaini dio hiru arlotan: bizikidetzan, mugikortasunean eta segurtasunean.

Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, agintea hartu ostean, atzo. MIGUEL TOÑA / EFE.
gurutze izagirre intxauspe
2023ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Hirugarrenez altxatu du aginte makila Juan Mari Aburtok udal osaketen ekitaldian Bilboko udaletxean. Nagusitasunez irabazi zituen maiatzaren 28ko hauteskundeak, nahiz eta 17.500 boto eta bi zinegotzi galdu. Jeltzaleek hamabi zinegotzi lortu dituzte —gehiengo osotik hirura geratu ziren—, eta Aburtok PSE-EEren bost zinegotziren babesa ere jaso du. Alderdi biek gobernagarritasun akordioa egin dute, eta batera kudeatuko dute Bilboko Udala datozen lau urteetan.

EH Bilduko sei zinegotziek zuri bozkatu dute. PPko lau zinegotzik Esther Martinez bere hautagaiaren alde egin dute, eta Elkarrekin Bilbaoko biek ere Ana Viñals hautagaiaren alde egin dute.

Ikusi gehiago:Bermeon EH Bilduk hartu du alkatetza, Guzan herri plataformarekin itunduta

Aburtok, aginte makila hartu ostean, ziurtatu du bide orria ondo zehaztu duen gobernagarritasun akordio bat egin dutela, lantalde berritu batekin, «Bilbo eta bilbotarren bizi kalitatea hobetzeko». Aburtok munduari irekiagoa izango den Bilbo bat nahi du, enpresentzat eta unibertsitateentzat erakargarriagoa: «Nahi nuke Bilbo gazte bat, euskalduna eta poliglota, segurua, garbia, erakargarria eta kohesionatua». Gogoan hartu du zenbat boto galdu dituzten, %42,6k egin baitzuten duela lau urte Aburtoren alde, eta %36,5ek azken bozetan. «Aintzat hartuko dut», esan zuen. Abstentzioaren igoeraren gaineko kezka ere agertu zuen, eta botoetan gehien igo den alderdia Vox izan dela ohartarazi.

Herritarrek akordioetara iristeko eskatzen dutela uste du, eta oposizioari elkarlana eskaini dio, hiru arlotan: mugikortasunean, segurtasunerako itunean eta bizikidetzan.

Nora Abete PSE-EEko bozeramaileak EAJrekin egindako akordioa defendatu du: «Hiriaren lehentasunak sustatzen segitzeko beharrezko tresna da». Garrantzitsutzat jo du egonkortasun akordio bat eskaintzea kudeaketa publikorako eta eskubide sozialetarako.

Ikusi gehiago:Mireia Elkoroiribe jelkidea alkate Durangon, PSE eta PPren babesarekin

Maria del Rio EH Bilduko hautagaiak esan zuen Bilbo harrera hiria izan dadin lanean segituko dutela: «Denon artean eraiki behar dugu Bilbo bat zaintzen duena, zerbitzu publiko indartsuekin eta berrikuntza sozialekin».

PPko Martinezek esan zuen bilbotar guztien alde egingo duela lan, «bazterkeriarik gabe». Viñalsek benetako elkar ulertzea helburu duen elkarrizketa eskatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.