Narrazioa 

Gaueko azken trena

Baionan jaio zen, 1959an, eta Oragarren (Nafarroa Beherea) hazi. Hainbat hedabidetan kolaboratzaile izan da, tartean BERRIAn, urte luzez. Maiatz aldizkariaren sorreran ere parte hartu zuen. 1984an argitaratu zuen lehen lana, Bizitza nola badoan poesia liburua. Ordutik, ia genero guztietan aritu izan da, baina eleberrigintzan eta poesian jardun du gehien, eta ibilbide oparoa osatu du. 2002an, Euskadi saria jaso zuen, %100 basque eleberriarekin.

Itxaro Borda
2017ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
-Argia, otoi!

Behereko oheko trauskilaren ahots zakarra entzun zuen. Larderiatsua. Marguerite Durasen La Pluie d'été nobelaren hiru hogeita zazpigarren orrialdearen gainaldean tolesdura bat egin eta buru aldean zeukan argitxoa hiltzeari ekin zion. Liburua kaiertzako denda batean erosi zuen eta Palombe Bleue abiatu aurretik jadanik puska polita irakurria zuen.

Trena eta Duras. Istorio luzea.

SNCF letra gorriz zigilatutako mihise zurien artean troxatua zetzan. Mutzutu usaineko manta grisa ekarri zuen kokotseraino. Ez zen berorik. Ilun pean mentalki berriz irudikatu zituen ohe-kideak: neska gazte polit bat zeukan saihetsean, erdiko ohantzeetan ezpainetan musukatuz lotaratu ziren senar-emazteak eta azpian, behinolako zahar kuskuilatu erasiatzailea. Ez zekin nor zitzaion hain arraiki zurrungari eman Ivryko zubia iragan orduko.

Gaineko couchette-a eskatzen zuen aldi oroz Auzterlitzeko bezeroen harrera gunean. Klaustrofobiaz sufritzen zuela ametitzekoa zukeen. Oroitzen zen beti langile berdinarekin pasatzeko igurikatzen zuela. Haurridetzat zeukan. Gune hartatik pasatu eta geltokiko tabernan ausatzen zen garagardoa hurrupatzeko eta zigarreta bildua pizteko Le Monde edo Libération hostokatuz.

Familia ohitura mutuaren arabera, bere ama ere Auzterlitzera heltzen zen, Parisera sehi izateko ekartzen zuen ke beltzak bazterretan hedatuz aitzinatzen zihoan trenarekin. Bidaiaria jendeei begira egoten zitzaien arratsaldeak lanetik libre zituenetan: amaren inguma hor zebilen anonimoen itsasoan, bikoteak, eta bera bezalako izaki bakartiak, bizitzaren parte handia Paris-Hendaia linearen puntan baizik ez zutena gozatzen.

Transiter nortasuna eta izena onartzen zuen. Izpiritu eta gorputz ibiltaria zen, arrotz eta pixka bat galdua. Munduan barna ehun milaka ziren horrelakoak, lana toki batean eta haurrak zein sendia beste batean zeuzkatenak. Herrian ez omen zen lanik denentzat, partitzeko tenorea jiten zitzaien askori, eskolatuak izan ala ez. Sakonean, hargatik, iruditzen zitzaion zerbait edo norbait traditzen zuela igande arratsetan 23:31tan Baionako kaia abandonatzen zuenean kolkoa handi eta betazalak astun.

Vitryko brothers eta sisters delakoak Ivrykoen antzekoak zitezkeen. Duras erraldoiaren nobelakoen parekoak: jestu zabalez mintzo ziren, NY txapelak atzera jartzen zituzten kaskoetan eta guztia fuckatzera bidaltzen zuten. Behialako sasi-hiri gorrian udako euriak ere ezberdinak ziren. Herrialde orlegi bezain ekitsuaren eta itxuraz nahikoa andeatua zen Cité Gagarine harekiko lotura intimoa Palombe Bleue trenak egiten zion.

Gauaren erdian altzairuzko erroten soinua eta hegatsa kolpeka jotzen zuen uhar gaitzaren zarata sehaska kantarik gozoenak zitzaizkion. Bakarretan ordea ez zezakeen begirik itxi ohantzeren batean gizon bat edo beste oihuz hasten zelako, bazterrak sakreka iraintzen edo monologo pornografikoak harilkatzen.

-Lo daudenak badira hemen... Isil zaitez!

-Nahi dudana egiten dut. Puta zikina!

Elealdiak ez ziren bereziki jendekinak. Alderantziz.

7:15etan iristen zen Parisera. Batzuetan bazuen astia treneko ezagun batekin café-calva edateko kruasan bat murtxikatuz, baina gehienetan ziztu bizian metrora zuzentzen zen, lurraren sabelean bihurdikatuz eta Place d'Italie geltokian aldatuz, tenorez lanera agertzeko. Muturra garbitzen zuen, kideak agurtzen zituen xaloki eta bizkar zakua zoko batean pausatzen zukeen. Ordu biak arterako zerbitzua automata moduan konplitzen zuen, ez-munduetan zebilen alderraia baizik zelako.

Izan gabe zen, bizi modua eramaten zuen itsumandoka, gibel eta aitzintoka. Jean-Jacques Rousseauren bideetan urturiko ibilaldi luzeak egiten zituen hirian zehar, aspaldian urbanizatuak diren Chemin Vert eta Charonne eskualdeak oinez zeharkatuz. Urrats bederak bertan errotzen zuen alabaina, gogoa etxera hegalda zihoakiola aldi berean, maite zituenen aldamenera.

Ostiraletan, hiru asteetatik behin, larunbat goiza libre zeukanean, arratsaldeko trenean kokatzen zen. Ilun pean sartzen zen Baionako geltokian. Bozgaragailuen iragarkiak entzuten zituen: trois minutes d'arrêt,correspondance pour Saint Jean Pied de Port, buffet campagnard... zortzi orenez musikak oro entzunak, egunkariak oro arakatuak eta liburuak oro irakurriak zituela sinets zezakeen. Andetan, umea besoetan tinkatzen zuen, bozkariozko negarra begietatik bihotzaren itotzera lerratzen zitzaiola matelan behera.

Love rescue me, sha na na na...

2017ko uztailaren leheneko gauean bere azken itzulia egin zuen Palombe Bleue tren mitikoak Parisetik Hendaiaraino. Historiara iragan ziren hainbat transiter belaunaldien hausnarrak, beldurrak, barne-arrangurak, iraupen xedeak eta ezinak. Biharamunean distantzia lau ordutan, denbora erdiz halatan, eginen zuen AHT hasi zen ibiltzen. Politikariek eta ministro apurrek besta egin zuten Bordeleko kaia berrituan. Ederki ospatu zuten burdin bide puskarik garestienaren eraikitzea: txin txin!

Garaiak aldatu dira eta harekin gu. Hiru hamarkada eta agudoago, urrunago, ustez merkeago joan nahi dugu leku batetik bestera. Pazientzia galdua dugu. Vitryko brothers eta sisters loriosak ere ez dira haboro udako euri epelarekin jolasten etxe bizitza gorakoien arteko labakietan. Periferikoaren hegiko apirileko zeruak berdetzen doaz eta jadanik jendarteko klaserik pobreenak solasen haritik arras desagertuak dira: ez dute sasi-hiri suntsituetatik ateratzeko eskubiderik.

AHT berria ez da haientzat pentsatua.

Izerdi tepuek, malko gazien ildoek eta hasperen itsuek hantzen zituzten Palombe Bleue treneko bagoiak. Bakoitzak berea egiten zuen etxean bailitzan, zenbaitetan elkarrizketak hazten zirela, eman dezagun iparraldeko kartzelatara seme-alabak bisitatzera zihoazen gurasoekin. Gauak, errealitatearen muinera eramaten zituen ez-lekuetan hobekien sentitzen ziren gizakiak.

AHTetan jagoitik ez da zaratarik. Ibiltariek ez dute erretzen eta begiak eta behatzak iltzatzen dituzte ordenagailu, telefono eta tauleta koloretsuetan. Norbaitek ahotsa altxatzen baldin badu, segurtasuneko piztiak berehala agertzen dira lasaitasun artifiziala hautsi duen bekatariaren jabaltzeko. Periodikoki muga zaintzako poliziak pasatzen dira klandestino bila.

Gaua dagoeneko umezurtz dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.