Boaventura de Sousa Santos. Soziologian katedraduna

«Prozesu historiko bat hasi behar dugu egungo ereduak aldatzeko»

Birusak ekarriko duen mundua ez dela hain globalizatua izango uste du De Sousa Santosek, eta herrialdeak burujabeagoak izango direla. Hori bai, beharrezkotzat dauka estatua berriz eraikitzea, baldintza bakarrarekin: erreforma politiko handi bat egitea.

SCARLETT ROCHA.
ander perez zala
2020ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Boaventura de Sousa Santosek (Coimbra, Portugal, 1940) ez du denborarik galdu pandemian: liburu bat idazten ari da koronabirusari eta horrek munduan izango dituen ondorioei buruz, eta obra horretan jorratuko dituen auzien aurrerapen bat sarean da dagoeneko: La cruel pedagogía del virus (Birusaren pedagogia krudela).

De Sousa Santosek nazioartean ospe handia lortu du zientzia sozialen arloko intelektual gisara, eta hainbat gairi buruz idatzi du; soziologiaz, globalizazioaz eta demokraziaz, adibide batzuk aipatzearren. Asteon, Hegoa Institutuak antolatu duen Garapenari buruzko Ikasketen V. Nazioarteko Biltzarra. Garapenari erronkak: eraldaketa prozesuak justizia globalerantz biltzarrean parte hartu du.

1987an, Margaret Thatcher Erresuma Batuko lehen ministroak adierazi zuen gizartea ez dela existitzen. 33 urteren ostean,Boris Johnsonek esan du baietz, gizartea existitzen dela. Paradigma aldaketa baten aurrean gaude?

Pandemia hau paradigma aldaketaren seinale bat da. Ikusi beharko duguna da borroka politikoa nolakoa izango den. Uste dut hiru agertoki daudela aurretik. Lehenean, ez da paradigma aldaketarik egongo, krisi soil bat izango delako, baina egoera pandemiaren aurrekoa baino okerragoa izango da. Herrialdeek ezin dute gehiago jasan, eta mobilizazioen eta protesten garaia izango da. Alegia, kapitalismo basatiarena.

Bigarrenean, aldaketak egongo dira, baina ezer alda ez dadin: osasun publikoa eta azpiegiturak gehiago finantzatuko dira, esaterako. Kasu horretan, konturatuko dira neoliberalismoa gezur bat dela, ez diolako ez ekonomiari, ez enpleguari laguntzen. Pandemia ikusi zutenean, merkatuak desagertu egin ziren; babesa eman duena estatua da; hortaz, estatua da garrantzitsua. Baina arazoa zera da: estatu gehienek ez zutela gaitasunik herritarrak babesteko. Agertoki horrek ez luke ezer aldatuko, lehen agertokiarekin fusionatuko litzatekeelako.

Hirugarren agertokiak zure galderari erantzuten dio. Paradigma aldaketa bat egongo bada, gauza asko exijituko ditu. Batez ere bi. Batetik, estatua berriz eraikitzea. Ordezkaritza bidezko demokraziak ez du etorkizunik, ez delako gai izan demokraziaren aurkakoengandik defendatzeko. Prozesu politiko konstituziogile bat behar da, ordezkaritza bidezko demokraziaren formak eta demokrazia parte hartzaile erabakitzailearenak artikulatuko dituena.

Herritarrek parte hartu beharko lukete horretan, alderdietatik era autonomoan, erabaki politikoetan eragiteko, horiek hartzen laguntzeko, kontrolatzeko; finean, parte hartzea lau urtean behin izan ez dadin. Subiranotasunaren hiru organoak, exekutiboa, legegilea eta judiziala ez dira nahikoak, eta gutxienez laugarrena behar dugu estatuaren politikekiko kontrol demokratiko bat.

Bigarrenik, agertoki horretan garapen eredua aldatu beharko litzateke. Etorkizunak ekosozialista izan behar du, kontsumo eredu desberdinak dituena, gure ohiturak aldatzera behartuko gaituena. Pandemia egungo gizartearen zain irekia da.

Datorren mundua ez da hain globalizatua izango eta estatuak burujabeagoak izango dira?

Bai. Munduaren parte batek mugimendu sozial batzuen kontsignak izango ditu, egun jarrera disidentetzat edo marjinaltzat jotzen direnenak; elikagai subiranotasuna, esaterako. Zure mugak ixten badituzu, burujabea izan behar duzu. [AEB] Ameriketako Estatu Batuek, munduko herrialde indartsuenak, mundu hau eta beste hainbat suntsi ditzakeena bere gaitasun militarrari esker; ez dituzte maskarak, eskularruak eta arnasgailuak bezalako gauza oinarrizkoak ekoizten.

Herrialde batek ondasun industrial batzuk ekoitzi behar ditu, ez da itxaron behar Txinatik etorri arte, hurrengo egunean agian beharrezkoak izango direlako. Europako herrialdeek horregatik izan dituzte hainbeste hildako lehen egunetan; horregatik, eta oso harroputzak direlako, uste baitute beti ondo daudela, eta arazoak dituztenak Hegoaldekoak direla. Ez zeuden prest. Europarentzat, etorkizuna ziurgabea da, etaAEBengandik eta Txinarengandik autonomia handiagoa izan behar du.

Horretaz, deigarria izan zen Emmanuel Macron Frantziako presidenteak pandemiaren hasieran esan zuena: hornidura kateek «frantsesagoak» izan behar dutela, jakiekin hasi eta sendagaietaraino.

Uste dut hori gertatzen ari dela jada, herrialdeak pixkanaka aldatzen ari direla. AEBetan 1950eko lege bat erabili behar izan dute enpresak arnasgailuak egitera behartzeko.

Hil honetan idatzi duzun testu batean, hau diozu: «Egungo pandemia ez da krisi egoera bat, normaltasun egoera baten kontrakotzat jo daitekeena».

Konturatzen bazara, duela 40 urte neoliberalismoa hasi zenetik krisi etengabean gaude. Dena murrizten da: politika sozialak, osasun publikoa, hezkuntza publikoa. Krisi etengabea neoliberalismoaren krisia da, neoliberalismoak soilik krisian egin dezakeelako aurrera, krisiak alternatibak paralizatzen dituelako. Neoliberalismoak estatuei gaitasuna kendu die dirudunei zergak kobratzeko; bere burua zorpetu behar duen estatu bat ez da subiranoa.

Bizitzen ari garen eta biziko dugun krisia Iparraldearena da?

Iparralde bat dago Hegoalde bat dagoelako, eta Hegoalde bat dago Iparralde bat dagoelako. Kapitalismoak beti jardun du bi dominaziorekin: kolonialismoa eta emakumeen aurkako patriarkatua. Horregatik dira gure gizarteak kapitalistak, kolonialistak eta patriarkalak, eta horrek garapen bateratu eta desberdin bat sortzen du. Europak, babes pixka bat izan dezan, Hegoaldeko herrialdeak ustiatu behar ditu; gure ongizatea munduan ekoizten dugun ondoezari esker lortzen dugu. Horregatik daude europarrak konkistatzera ohituak; inoiz ez dituzte inbaditu, orain koronabirusak inbaditu dituen bezala. Orain ez dakite zer egin.

Mendekotasun forma horrek hierarkiak mantenduko ditu kapitalismoan, baina bada aldaketa bat liburuan aztertzen ari naizena: orain arte pentsatzen genuen Iparraldeko herrialdeen nagusitasunak modua ematen zuela nazioarteko erabakietan botere hierarkia bat egoteko. Orain irauli egin da, hierarkiak, botere gordinak berak zehazten baitu nagusitasuna.

Zer lehenetsiko da: aurreko normaltasunera itzultzea ala alternatibak pentsatzea?

Munduko klase ertain guztiak ahulak dira, edozein aldaketarekin mehatxatuak sentitzen direlako. Kasu horietan, goikoekin identifikatzen saiatzen dira, eta ez behekoekin. Klase ertaina kontserbadorea da, eta, botere politikoa duen heinean, normaltasunera itzuli nahiko du. Baina, normaltasuna nahi duen arren, ezingo du lortu, pandemia gehiago izango ditugulako.

Noizbait borroka demokratiko politiko bat egongo da, eta ziur naiz herrialde askotan demokraziak ez diola eutsiko, sistema oso zapaltzailea izango delako. Espainian, adibidez, eztabaidatzen ari diren auziek iragartzen dute zer gatazka demokratiko izango ditugun; oinarrizko errenta unibertsala, esaterako. Laugarren industria iraultza izango litzateke, klima larrialdiaren aurkakoa.

Gizartean gatazka politiko larriak izango ditugu; horregatik da politika inoiz baino garrantzitsuagoa. Prozesu historiko bat hasi behar dugu egungo ereduak aldatzeko, ekoizpen, banaketa eta kontsumo ereduak aldatzeko.

Krisi honek nazioarteko aliantzak aldatuko ditu?

Orain protekzionismo handiagoa dago, eta Europan, nazionalismo arriskutsua. Pandemian, herrialde batzuek maskarak lapurtu dizkiete beste herrialde batzuei. Hori ez da seinale ona etorkizunerako. [EB] Europako Batasunean gatazka bat dago funtsei buruz, eta berez bada modu erraz bat hori konpontzeko, kostu gutxi izango dituena: ez soilik zorra mutualizatzea, galduriko funtsen finantzaketa ere ematea, hau da, diru hori gero ez itzultzea. Europa da mundua ikusiko dugun moduaren laborategi bat.

Ez dut egoera baikorrik ikusten. Osasunaren Mundu Erakundea sendotu beharko da, Nazio Batuen Erakunde eraginkorrago bat izan, arrazoi sinple batengatik: interdependenteak izaten jarraituko dugulako. Ez du ezertarako balio Espainiak osasun sistema ona izatea, Portugalek eta Frantziak halakorik ez badute. Mundu osoko osasun sistema publiko bat behar dugu.

Horretarako, nazioarteko beste lankidetza bat sustatu beharko genuke. Egin daiteke? Ditugun lidergoekin, ez dut uste.

Sobietar Batasuna erori zenean, XXI. mendea AEBena izango zela esan zuten. Orain, ordea, badirudi Txinarena izango dela, are gehiago pandemiaren eraginez.

Garrantzitsua da botere gune hegemonikoen dokumentuak irakurtzea, zer erabakitzen, aztertzen eta pentsatzen ari diren jakiteko. CIAk, institutu zorrotz baten laguntzarekin, txosten bat publikatu zuen duela urte batzuk: Global Trends 2030 [Munduko Joerak 2030]. Txosten horretan, argi dio 2030erako Txina izango dela munduko lehen ekonomia, eta AEBek horretarako prestatu beharko dutela.

Pandemiak egoera hori aurreratu du. Txinak, hasierako krisiaren ondoren, modu eraginkorrean bideratu du pandemia, eta munduari behar zituen produktuak eman zizkion.

EBren erreakzioak eztabaida handia sortu du. Brusela, batez ere, baliabideak erabiliz arazo komunei irtenbidea emateko erakunde bat da. Estatu guztiei eragin dien gaixotasun bati aurre egin behar izan dionean, EBri kostatu egin zaio erreakzionatzea. Horrek zer adierazten digu talde komunitarioaz?

Horrek dio EBk bere ahulezia guztiak erakutsi dituela, hasieratik Europako kapitalismoa sustatzeko batasun ekonomiko bat izan delako, batasun politiko bat baino gehiago. Une horretan, pisua galtzen ari zen mundu mailako kapitalismoan.

Ekonomia Alemaniako logikak menderatu du, eurotik Europako Banku Zentralera. Horregatik dugu batasun sozial hain mugatua, eta horretaz konturatzen ari gara. 2011ko krisian, hegoaldeko herrialdeen antolakuntza txarraz aritu ziren; Europaren barne kolonizazioa da hori. Orain, ordea, pandemia bi herrialde indartsuetatik pasatu da, Alemaniatik eta Frantziatik, eta agerian geratu da ez dela ondasunen kudeaketa txar baten emaitza. Errua ez bada A, B, edo D herrialdearena izan, erabaki dezagun era mutualistan.

Bruselan konturatu dira EBren amaiera izango dela test honetatik ez badira ondo ateratzen. Italiak, esaterako, BPGaren %165eko zorra izango du; ezinezkoa da zor hori ordaintzea. Italiak ez du subiranotasunik, ez du egoera horretatik ateratzeko monetarik. Datorren asteetan ikusiko dugu EB bizirik aterako den.

Horrek esan nahi du Europako nazio-estatuen rolak berretsiko direla?

Berretsiko dira [EBk] etorkizunik ez badu. Baina lehen bezala berrets daitezke, hau da, estatu subirano baten normaltasunera itzulita. Orain gauzak asko aldatzen dira; estatu zentral bateratuak bere dohain guztiak erakutsi ditu, baina ez da gai izan aniztasun nazionalak aitortzeko, Espainiak Kataluniarekin egin bezala. Estatua birsortu behar da, baina baldintza bakarra erreforma politiko handi bat da.

Pandemia gelditu ekonomia suntsituz ala heriotzak onartu ekonomia salbatzeko. Gobernuek bi aukera horien artean erabaki beharko dute?

Ezin da ekonomia salbatu gorpu askoren gainetik. Eskuineko gobernuak hori aplikatzen saiatu dira, baina ekonomia ezin da garatu hilotzekin, baizik jende osasuntsuarekin. Bizia babestu beharko dugu, ekonomiaren aurretik dagoelako; ez soilik pandemiak iraun bitartean: beti.

Krisi honek zer irakatsi digu krisi ekologikoaz, klima larrialdiaz?

Krisi ekologikoa hor dago; krisi horrek pandemiak baino gehiago hiltzen du. Heriotza motela da. Lehorteak, uholdeak, tenperaturen gorakadak, klima aldaketak eragindako errefuxiatuak... Krisi ekologikoa hor dago, eta pandemia krisi horren azpikrisi bat da. Horregatik hasi beharko genuke garapen eredua aldatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.