Katalunia

Fiskalaren irizpidearen aurka, Forn kartzelan mantendu du Gorenak

mikel rodriguez
2018ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Goreneko apelazio aretoak ez ditu onartu Joaquim Fornek eta Jordi Sanchezek aurkeztu zituzten helegiteak, eta erabaki du bi buruzagi independentistak espetxean mantentzea. Kataluniako Barne kontseilari kargugabetuaren kasuan, Fiskaltzaren irizpidearen aurka egin dute epaileek, hark eskatu baitzuen Forn 100.000 euroko bermepean aske uzteko, arrazoi humanitarioengatik —tuberkulina atzeman diote—. Epaileen ustez, bi espetxeratuek leporatzen zaizkien sedizio eta matxinada delituak berriz egiteko arriskua dute. Biak joan den asteartean igaro ziren Auzitegi Goreneko apelazio aretotik, eta epaileek Jordi Turullen inbestiduraren egunean jakinarazi dute erabakia. Espainiako hiriburutik gertu dituzte preso; Sanchez Soto del Realen, iazko urriaren 16tik, eta Forn, Estremeran, iazko azaroaren 2tik.

Pablo Llarena Kataluniako prozesu independentistaren aurkako auzia daraman Auzitegi Goreneko epailearen tesiarekin bat egin dute apelazio aretokoek. «Kausa honetan ez dago preso politikorik, preso dauden politikoak baizik, bertzeren artean, hagitz larriak diren matxinada eta sedizio delituak egin dituztelako susmoa dagoelako». Efe agentziak azaldu duenez, Forn espetxean mantentzeko eskuin muturreko Vox alderdiaren eskaera erabakigarria izan da. Herri akusazio gisa jarduten ari da Vox, eta fiskalak Forn bermepean aske uzteko eskatu zuenez, Voxek ez balu eskatu Barne kontseilari kargugabetua espetxean mantentzea, epaileek fiskalaren eskaria onartuko zuketen. Magistratuek idazkian diote fiskalak aipatu zuen eritasunaren berririk ez dutela, eta defentsak ez zuela «ez alegatu, ez dokumentatu».

«Argudio politikoak»

Carles Puigdemont Kataluniako presidente kargugabetuak adierazi du Auzitegi Gorenaren azken erabakiak egiaztatzen duela Forn eta Sanchez «preso politikoak» direla. «Forn jaunak dimisioa eman zuen Kataluniako Parlamentuko kide gisa, politika uztea erabaki du, eta konstituzioaren arauak onartu ditu. Hala ere, epairik gabe espetxean jarraitzen du matxinada delitu bat egotzita», adierazi zuen Puigdemontek Helsinkin. Salatu zuen Auzitegi Gorenak «argudio politikoak» erabili dituela, eta Espainiako Justizia independentea izatetik «urruti» dagoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.