Pilota. Buruz buruko finala

Txapela, sentimenen gainetik

Jokin Altunak eta Erik Jakak buruz buruko finala jokatuko dute gaur, Bilbon. Lagun minak dira, baina kantxan alde batean utziko dute euren adiskidantza, saririk handiena baitute jokoan

Julen Etxeberria.
2020ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Jokin Altuna eta Erik Jaka. Erik Jaka eta Jokin Altuna. Txiki-txikitatik lagun minak; pilotan elkarrekin makina bat ordu egindakoak, gazteen mailan, afizionatuetan eta profesionaletan; bidelagun momenturik garrantzitsuenetan, eta babes eta konplize unerik zailenetan; beti elkarrengandik gertu; beti elkarren ondoan. Gutxitan jokatuko dute horren harreman estua duten bi kirolarik final bat.

Alde humanotik benetan berezia izango da Altuna III.ak eta Jakak gaur Bilboko Miribilla pilotalekuan jokatuko duten finala (17:00, ETB1). Kirol aldetik, ordea, beste bat gehiago izango da: txapel bakarra egongo da jokoan, eta onenak irabaziko du. Beti izan da horrela, eta gaur ere halaxe izango da. Gainera, jakina da lagunik ez dagoela kantxan, are gutxiago zerbait jokoan badago. Eta gaurkoa saririk handiena da: buruz buruko txapela. Edozein sentimenen gainetik dago.

Biek utzi dute oso argi: «Gure laguntasunak eten bat izango du ordubetez, txapela egongo baita jokoan. Gero helduko diogu berriz ere», esan du Jakak. «Ez naiz gutxiago poztuko Eriki irabazten badiot, eta ez nau gutxiago izorratuko haren aurka galtzen badut», Altuna III.ak.

Joseba Ezkurdiaren zutabea: Altuna da faborito, baina erne Jakarekin

Finalak amaiera emango dio aspaldiko buruz burukorik ezohikoenari: ezohikoa, koronabirusaren pandemiagatik lehenbizi, eta Baiko enpresako pilotarien lan gatazkagatik ondoren, ohi baino urte erdi pasatxo geroago jokatu baita; ezohikoa, atzerapen horien ondorioz, eta, osasun egoeragatik bertan behera geratzeko arriskua saihesteko, 24 egun besterik ez duelako iraun; ezohikoa, hamabi pilotari bakarrik aritu direlako; eta ezohikoa, osasun egoera dela eta, estreinako partida ez beste guztiak ikuslerik gabe jokatuko direlako, tartean gaurko finala. Inoiz ez zen ikusi halakorik: irabazlea, txapela buruan, eta haren parean, harmailak huts-hutsik, eta sekulako isiltasuna frontoian.

Ados ziren guztiak buruz burukoa hasi aurretik: horren txapelketa berezia izateak ohi baino ezusteko gehiago eragin zitzakeen. Eta halaxe izan da: zerrendaburu bakar bat ere ez da ariko finalean; hots, iaz finalerdietan aritu ziren pilotarietatik bakar bat ere ez da izango azken partidan: ez Iker Irribarria txapelduna, ez Mikel Urrutikoetxea txapeldunordea, ezta Joseba Ezkurdia eta Danel Elezkano ere. Are gehiago, Elezkano II.a besterik ez da gai izan gutxienez iazko lana berdintzeko. Beste guztiek aurreneko partidan galdu zuten: Irribarriak, Dario Gomezen aurka (22-13); Urrutikoetxeak, Jakaren aurka (22-13); eta Ezkurdiak, Altuna III.aren kontra (22-18). Elezkano II.ak, berriz, bigarren norgehiagokan eman zuen amore, Jakaren aurka (22-6).

Kale egin ez duen bakarra

Altuna III.a ez zen zerrendaburu, baina bazegoen faboritoen artean. Hura da huts egin ez duen bakarra. Sufritu egin du, eta arriskuan ikusi bere burua, batez ere finalerdietan, Darioren kontra. Baina kapaz izan zen burua hotz izateko, estrategia aldatzeko, eta Jakarekin batera txapelketako ustekabea izan den pilotaria kanporatzeko: 22-15. Horri esker, bigarren aldiz jokatuko du finala. Duela bi urte Aimar Olaizolari irabazitakoari beste bat gehitzen saiatuko da. Gora iristea ez, bertan irautea da zailena. Bada, Amezketakoa (Gipuzkoa) lortzen ari da: 2016an, debuta egin eta bi urtera jokatu zuen aurreneko finala, Oinatz Bengoetxearen aurka lau eta erdian galdu zuena, eta ordutik gutxienez urtero jokatu du final bat. Lehen Mailako seigarrena du: bi ditu irabaziak. Sufrituta iritsi da gaurkora, baina momentu zailetan txapeldunen patxada eta odol holtza erakutsita. Bera da faboritoa.

Altuna III.ak baino askoz denbora gehiago behar izan du Jakak gora ailegatzeko, baina, ekinaren ekinez, lortu du aurreneko aldiz maila nagusiko final batera iristea. Nekez pentsatuko zuen halakorik duela hilabete pasatxo, birus batek ia buruz burukotik kanpo utzi baitzuen. Baina garaiz osatu eta partidaz partida goraka egin du: gogotik sufritu zuen final-zortzirenetan Joanes Bakaikoari irabazteko (22-20), baina txikitu egin zituen gero Urrutikoetxea eta Elezkano II.a. Asko kostatu zaio gora iristea, eta iritsi izanak sekulako konfiantza eman dio. Lizartzakoak (Gipuzkoa) esana du ez duela ezer galtzeko. Lagunak du presio osoa.

Bizi-bizi joan da txapelketa, eta, ezusterik ezean, bizi-bizi joango da finala ere, biek erritmo bizian jokatzen baitute. Zer gerta ere, galtzaileak bihotzez zorionduko du irabazlea, eta irabazleak bihotzez kontsolatuko du galtzailea. Horretarako daude lagunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.