Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Abiapuntua. Betaurreko moreen premia

Osasun krisiak ageriago utzi du sexu arrakala, eta agendaren erdigunean jarri ditu berdintasun politikak. Irene Montero Espainiako Berdintasun ministroa Donostian izan da, eta zaintza sistema publiko bat eskatu du.

Elkarrekin Podemoseko kideak, Irene Montero Berdintasun ministroa tartean, atzo, Donostian. J. C. RUIZ / FOKU.
Edurne Begiristain.
2020ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Osasun krisiak baldintzatuta ari da garatzen uztailaren 12ra begirako hauteskunde kanpaina. Hautagaiek euren mezuetan presente dituzte koronabirusak eragindako krisi ekonomikoa eta soziala, eta horiei irtenbidea emateko proposamenak mahai gainean ari dira jartzen. Izan ere, izurriak agerian utzi ditu desberdintasun sozial eta ekonomikoak, eta baita sexuaren ingurukoak ere: krisiak sexu arrakala handitu du, eta zaintza lanen krisia areagotu.

Astebete egin du gaur hauteskunde kanpainak, baina oraindik hautagaien ahotan ez da egon emakumeei zuzendutako berdintasun politikarik. Errealitateak erakusten du, ordea, osasun krisiaz geroztik betaurreko moreen premia handiagoa dela. Alderdi guztiek jaso dituzte politika feministak edo berdintasuna bermatzeko neurri sortak euren hauteskunde programetan, eta datozen egunetan ikusiko da zer proposamen egiten duten.

Atzo, Elkarrekin Podemosek Donostiako Kursaalean egindako ekitaldian izan zen Irene Montero Espainiako Gobernuko Berdintasun ministroa. Hain zuzen ere, Monteroren asmoa da kontziliazioa eta lana berdintasun baldintzetan egitea bermatuko duen lege bat onartzea, eta haren bitartez, besteak besteak, telelana genero ikuspegitik arautzea.

Monteroren hitzetan, osasun krisiak erakutsi du Espainiako zaintza sarea feminizatuta dagoela eta lan hori «ikusezina» dela. Ohartarazi zuen zaintzarik gabe gizartea kolapsatu egiten dela, baina gobernu bat bera ere ez dela arduratu gaiaz. Haren ustez, ezinbestekoa da «zaintzaren aldeko akordio» bat egitea, zaintza sistema publiko bat martxan jartzeko.

Izurriak eragindako krisiak osasunari, arlo sozioekonomikoari eta klimari eragiten diola azpimarratu zuen Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko lehendakarigaiak bere hitzaldian, eta horiei aurre egiteko ezinbestekotzat jo zuen «gehiengo progresista» bat eratzea ezkerreko alderdien artean. Azpimarratu zuen «aukera historikoa» dagoela gobernu «aurrerakoi eta feminista» bat eratzeko. Monterok bere babesa eman zion koalizio gobernu hori eratzeko.

Gorrotxategirekin batera, beste bi emakume daude lehian Ajuriaenerako lasterketan: Maddalen Iriarte (EH Bildu) eta Idoia Mendia (PSE). Hiru andrazkoek zentro-ezkerreko ideologia ordezkatzen dute. Zentro-eskuinekoak dira, berriz, alderdi nagusienetako gizonezko lehendakarigaiak: Iñigo Urkullu (EAJ) eta Carlos Iturgaiz (PP eta Ciudadanos koalizioa).2016ko hauteskundeetan ere hiru emakume eta bi gizon izan ziren lehian: Iriarte eta Mendiarekin batera, Pili Zabala izan zen Elkarrekin Podemoseko hautagaia. Urkullu eta Alfonso Alonso, berriz, EAJtik eta PPtik. Orduan ere, ezkerreko alderdiek emakumezko zerrendaburuen alde apustu egin zuten.

Historikoki, ia beti izan da horrela. Salbuespen bakarra 1994ko hauteskundeetan izan zen: emakumezko lehendakarigai bakarra izan zen Enriqueta Benito Unidad Alavesa alderdiarekin. 2005ean, hiru emakume lehiatu ziren lehendakari izateko: Nekane Erauskin EHAKtik, Aitzane Ezenarro Aralarretik eta Maria San Gil PPtik. 2009an, Ezenarro izan zen Ajuriaenerako lehian egon zen andrazko bakarra, eta 2012an ere emakume bakarra aurkeztu zen lehendakarigai: Laura Mintegi, EH Bildutik.

Industriaz, goizean

Hauteskunde kanpainaren lehen astea igarota, programak aletzen jarraitzen dute hautagaiek, eta, atzo, ia alderdi guztiek industriarekin, enpleguarekin eta nekazaritzarekin lotutako proposamenen berri eman zuten goizeko ekitaldi sektorialetan. Emakumeak dira lan munduan prekaritate handiena pairatzen dutenak, baina alderdiek apenas aipatu zuten hori atzoko ekitaldietan. EH Bildu izan zen bakarrenetarikoa: Zamudioko (Bizkaia) parke teknologikoan izan zen Jasone Agirre Bizkaiko zerrendaburua industriarako neurriak iragartzeko, eta, besteak beste, emakumeak industriara erakartzeko estrategia bat abiatzea proposatu zuen, ikasketak eta administrazio kontseiluetan kuotak ezarrita.

Arratsaldeko ekitaldietan, berriz, bestelako norabide bat hartu zuten hautagaien diskurtsoek. Maddalen Iriarte EH Bilduko lehendakarigaiak murrizketak egitea aurpegiratu zion Iñigo Urkulluri, eta «sinesgarritasunik» ez izatea eta «hitza ez betetzea» egotzi zion: «Murrizketak egiten ari da jada. Osasun arloan egin ditu, gizarte politikan eta hezkuntzan ere bai». Idoia Mendia PSEko lehendakarigaiak, bestalde, botoa eskatu zuen hurrengo Jaurlaritza «ezkerreko politikak» garatzeko gai izan dadin.

EAJk iluntzean egindako ekitaldian, Andoni Ortuzar EBBko presidenteak «garaipen argia» eskatu zuen «EAJren aurkako itunik» egin ez dezaten EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PSEk. Ortuzarrek iradoki zuen ez dela fio PSErekin: «Gaur baztertu egiten dute koalizio hori, baina kontuz hauekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.