Ezarian. Mendia

Lehoinabar gaztea

Duela hamar urte lortu zuen Elurretako Lehoinabar titulua Xabier Ormazabal mendizaleak. Aretoz areto dabil Andoni Ormazabal anaia 'Lehoinabarraren aztarna' dokumentalarekin.

2013ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Izen basati horren atzean maitasunez eta minez egindako omenaldi xume bat dago: Xabier Ormazabal Aristegi mendizale urretxuarrari eskainitako omenaldia». Halaxe hasten du Lehoinabarraren aztarna emanaldia Andoni Ormazabalek, Xabier Ormazabal mendizalearen anaiak.

Hain zuzen ere, hamar urte bete dira aurten Xabier Ormazabalek Elurretako Lehoinabarra titulua lortu zuela, lehengo Sobiet Batasunean 7.000 metrotik gorako bost tontorrak igotzeagatik.

Andoni Ormazabal mendizalea aretoz areto ibili da udazkenean. 2005ean aurkeztu zuen Lehoinabarraren aztarna diaporama berreskuratu, eta anaiak goi mendietan utzitako arrastoa berriz marraztu du Euskal Herriko hainbat herritan: «Diaporama honek Xabi bere mendi ibilbidetik harago ezagutzeko aukera ematen du. Xabiren izaera, abenturak eta istorioak haren ahotik eta haren bidelagunen ahotik entzunez bizitzeko aukera. Anaiaren bizitzaren laburpen txiki bat da, eta oroitzapenean bada ere, Xabi bera bizirik mantentzeko modu bat ere bai». Xabier Ormazabal 2004an zendu zen, Cho Oyun, 23 urterekin. Gaztea izanagatik, ordea, arrasto luzea utzi zuen goi mendietan.

Xabier Ormazabal 1981eko martxoaren 26an jaio zen, Urretxun. Betidanik izan zen kirolzalea, eta hainbat kiroletan aritu zen. Aita txirrindularitzazale sutsua zen, eta seme-alabei eretransmititzen saiatu zen, baina lau anai-arrebetan hirugarrenarekin, alferrik. Kirol hori eta beste probatu ostean, mendiari begira gelditu zen Xabier Ormazabal, eta hark sorginduta geratu zen betiko. Urretxun, Irimo mendiaren oinetan bizi ziren, eta han egin zituen lehen urratsak mendian. «Xabi abenturazalea zen, eta mendian aurkitu zuen abentura bizitzeko lekurik aproposena. Mendia zuen gogoko, bai eskalada, bai alpinismoa. Ezaugarri fisiko onak zeuzkan, eta gazte-gaztetatik nabarmendu zen. Xabierrek grina bat zuen: mendia, eta hori egiteko edozein sakrifizio egiteko prest zegoen. Barnean zeraman mendizaletasuna», azaldu du Andoni Ormazabalek. «Buruan zerbait sartzen zitzaionean, ez zuen etsitzen lortu arte. 16 urte zituela, esaterako, Alpeetara joan zen. Egunkarian iragarki bat irakurri eta Madrilgo mendizale batzuek lekua zutela eta, haiekin joan zen.Gure ama koitadua, zenbat buruhauste izan dituen mendiaren kontura!», azaldu du.

Halakoa zen Xabier Ormazabal, sutsua eta abenturazalea, eta hala gogoratzen du Felipe Uriarte (Pasaia, 1944) Mendiak eta Herriak mendi-gidari taldeko arduradunak ere: «15 urterekin ezagutu nuen, eta hasieratik ikusi nuen oso mutil ernea zela. Oso gazte gutxik erakusten dute halako mendizaletasuna eta ikasteko halako gogoa», azaldu du Uriartek.

Himalaia amets

1996an, Candanchun mendi ikastaro bat antolatu zuen Felipe Uriarteren elkarteak, eta izena eman zutenen artean zen Xabier Ormazabal. Urretxuar gaztea berandu ibili omen zen, eta ezin izan zuen taldearekin joan; baina, denen harrigarri, iritsi zen Aragoiko haranera, auto-stopean. «Ikastaroaren lehen zatia gainditu duzu gazte; abenturarena, alegia», esan omen zion Uriartek Ormazabali. Harreman estua sortu zen bien artean, eta Uriarte eredu bihurtu zen Ormazabalentzat. Hala adierazi zion 2004ko urrian Cho Oyuko behe kanpalekutik bidalitako gutun batean: «Ikastaro hartan, konturatu gabe, Felipe, mendia deitzen den erreinu eder horretako ateak zabaldu zenizkidan. Gaur, bederatzi urte geroago, Pirinioak sakonago ezagutzea zor dizut. Alpeetako, Peruko, Pamir eta Tien Shango mendietan barna segurtasunez hegan egitea zor dizut, eta nire aurreneko zortzimilakoa, eta hemen Jainkosa Turkesaren magalean egotea...». Gutun hori eta bestelako kontakizun batzuk bildu ditu Gorka Quevedo kazetariak Izarren hautsa liburuan. Iaz argitaratu zuen lana, «Xabier Ormazabal zenaren oroimenari bizirik eusteko».

Xabier Ormazabalen kemenaren berri Felipe Uriarteren bidez izan zuen Ramon Olasagasti kazetari eta idazleak, eta Mendiminez liburuan kapitulu bat eskaini zion Ormazabali: «Xabier ezagutu nuenean argi ikusi nuen Uriartek aipatutako indar hura. Gaztea zen Ormazabal, eta grina handia zeukan proiektu guztiak azken bururaino eramateko. Hainbat kiroletan aritu zen, baina mendia probatu zuenean argi ikusi zuen hura zela bere bidea. Ibilbide motza egin zuen, baina oso oparoa».

Euskal Herriko mendietatik Pirinioetara egin zuen Ormazabalek; Alpeetara eta Andeetara gero. Pamir eta Thien San mendilerroetan egin zuen hurrengo urratsa, eta, hain zuzen ere, mendikate horietan sortu zen diaporamari izena eta izana ematen dion proiektua: Elurretako Lehoinabarra. Antzinako Sobiet Batasuneko 7.000 metrotik gorako bost tontorrak igotzea zen helburua —Lenin, Khan Tengri, Korzhenevskaia, Ismail Samani (Komunismo) eta Jengish Txokusu (Pobeda)—.

«Proiektua ez zen makala. Mendilerro gogorrak, bakartiak eta urrunak baitziren mutil gazte batentzat», azaldu du Andoni Ormazabalek. Xabier Ormazabalek hiru urte behar izan zituen proiektua burutzeko. 2003an lortu zuen Elurretako Lehoinabar titulua, 23 urterekin, eta bera izan zen balentria lortu zuen munduko mendizale gazteena. Egindako lanaren erakusgarri, Joxe Takolo beka eskuratu zuen Ormazabalek urte hartan.

2004an iritsi zitzaion munduko mendikate garaienera joateko aukera Xabier Ormazabali: Himalaiara. Irailaren 27an zapaldu zuen lehen zortzimilakoa: Shisha Pangma (8.046 m). «Shishan dena ondo ateratzen bada, Cho Oyura joaten saiatuko naiz gero», esan omen zuen. Esan eta egin. Shishako arrakastaren ondotik, urte berean jo zuen txikitatik begiz jota zeukan Jainkosa Turkesara. «Xabierrek beti nahi zuen gehiago. Mendiak binaka egiteko ohitura zeukan, eta mendi batean zegoenean, hurrengo mendia bakarrik ez, hurrengoaren hurrengoa ere buruan zeukan jada», azaldu du Andoni Ormazabal anaiak.

Hala joan zen Cho Oyura. Bidean, Gokyon, Alex Txikon mendizale eta lagunarekin egin zuen topo Ormazabalek, tontorrera iritsita etxera bueltan zetorren lemoarra. Hirugarren kanpalekuko denda bertan utzi zutela jakinarazi zion Txikonek Ormazabali, behar izanez gero. Elkar agurtu eta zoriondu ostean, nork bere bidea hartu zuen.

Eguraldi makurra izan zuen Cho Oyun Ormazabalek. Inguruko espedizio gehienek atzera egin zuten, baina urretxuarrak ez zuen etsi nahi eta urriaren 13an atera zen bigarren kanpalekutik gailurrera bidean. 2.000 metroko desnibela gaindituta, 11:30ean gailurrean zen lehoinabarra.

Gailurrean betetako ametsa elur zuritan galdu zen beherakoan. Iparraldeko mendizale batzuek Cho Oyuko korridore batean ikusi omen zuten, arratsalde amaieran; hirugarren kanpalekutik gertu; hain zuzen ere, Txikonek denda utzi zuen lekutik gertu. Hura izan zen bizirik ikusi zuten azken aldia. Elur, haize eta behe lainoak dena estali zuen, eta orduan galdu zuten lehoinabarraren arrastoa. Ekaitza baretu zenean, 7.800 metroan aurkitu zuten Xabier Ormazabalen gorpua. Lan gogorra eta luzea izanagatik, gorpua atera eta etxera ekartzea lortu zuen familiak. Familiak eta lagunek Goierriko maldetan oroituko dute mendizalea; lehoinabarraren arrastoa, baina, munduko mendi garaienetan geldituko da betiko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.