Koldo Almandoz.
Donostiako 61. Zinemaldia. Plano subjektiboa

Gabardinak

2013ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Eta eskerrak aurtengoan ez duen euririk egin. Amaierara arte behintzat. Garaiz kanpoko euri jasek txoriengan duten eraginarengatik diot, ez Zinemaldi inguruan ibiltzen garen erlamandoengatik. Dirudienez udaberri eta uda euritsuaren eraginez txoriek ezin izan dituzte beren kumeetako asko aurrera atera. Zizare eta intsektuak harrapatzeko aukerak gutxitzeaz gain, lumak busti eta hegan egiteko gaitasuna ere murriztu egiten zaie. Txorientzat behintzat Zinemaldikoa primerako astea izan da.

Honez gero nik ez dut zer esanik. Inguruko artikuluetan irakurriko dituzue maskor eta sari kontuak. Azken astebete pasatxoan aipatu gabe utzi ditudan irudi eta notatxoaklabur-labur:

Alex de la Iglesia eta Bang anderea Bretxako merkatu inguruan beren saltxitxa zakurrarekinpasioan. Bere pertsonaietako bat zirudien zinemagile bilbotarrak.

Prentsaurrekoetan galdera egin edo txapa sartzeko altxatzen direnak, zin egingo nuke gero Okendoko pantaila handian beren buruak ikusteko egiten dutela.

Nagisha Oshimaren filmografia bitxiaren ale batzuk deskubritzeko aukeragatik soilik merezi zuen Zinemaldiak.

Aurten Zinemaldiak kreditazio jabeei oparitu dien poltsak alde batean zinemaldiko irudia zeraman eta bestean jantzi marka baten publizitatea. Bata edo bestea erakusteko aukerak definitzen du poltsaren jabea.

Hugh Jackman presoen ikurrarekin. X patruila-ren abentura irudimentsua iruditu bazaigu ere, ez dezagun gure burua hain merke engainatu. Gaur Loiolako auzoan ospatzen den perretxiko festako ikurra eman izan baliote, australiarrak berdin berdin hartuko luke.

Zinemira. Ez naiz sekula izan sail honen jarraitzaile sutsua. Zinemak ez luke hizkuntza edo jatorriagatik sailkatua izan behar. Orain arte beti ikusi dut sail hau Zinemaldiak ordaindu beharreko peaje baten moduan. Baina Zinemirako pelikulen aniztasun eta ezberdintasuna ikusita, itxura gero eta hobea ikusten diot. Oso epe laburreanMade in Spain (beste peaje bat) sailak baino pisu gehiago izatea lortu du.

Txoriei hegoaldera abiatzeko unea iristen ari zaie.

Eta niri, duela pare bat hilabete erosi nuen gabardina eder bat estreinatzekoa. Hiria, Jean Pierre Melvilleren pelikuletako eszenatokibihurtuta ikusi nahi dut. Gabardinak nonnahi.

Amaitu da Zinemaldia. Amaitu da uda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.