Iker Iraola Arretxe.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. BOZGORA

Birusaren eraginaren zain

2020ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Hasierako beldurrak gauzatu eta, azkenean, kanpainaren bukaeran hartu du indarra COVID-19ak. Ohiko hauteskunde batzuetan pentsaezina litzateke kanpainari buruzko albisteak bigarren mailan gelditzea, baina hala gertatzen ari da, nabarmen, kanpainaren azken txanpan. Goierriko fokuak indarra hartu du, eta begiradak bertarantz zuzendu dira. Egoera horrek eragin handia izango du bozketa egunean Gipuzkoako eskualdean, eta zalantza bera mahaigaineratu zaigu guztioi: noraino iritsiko da, EAE osoko igandeko bozetan, gaixotasunaren agerraldi indartsu berriaren eragina? Izan ere, inkesten aurreikuspenak egonkorregiak dira pandemia baten erdian egoteko.

COVID-19aren aurreko jarrera bereizgarria izan da EAJren eta EH Bilduren artean. Jeltzaleek, bigarren planoan gelditutako PSErekin batera, krisia kudeatzeko protagonismoa zuten Eusko Jaurlaritzatik. Alabaina, krisiari aurre egiteko Espainiako Gobernutik abian jarritako zentralizazioak haien aukerak mugatu zituen. Nolabait, Madrilek baino jarrera malguago baten aldeko apustua egin zuten jeltzaleek, arlo ekonomikoan batez ere. EH Bilduk, ordea, krisiaren hastapenetatik EAJrekiko lehia planteatu zuen, hauteskundeak atzeratzea defendatuz eta birusari aurre egiteko neurri zorrotzagoen alde eginez. Garrantzitsua da bi alderdiak agertu direla eredu desberdin banaren ikur gisa, PSE eta Elkarrekin Podemos Espainiako Gobernuaren ildoaren azpian gelditzen ziren bitartean.

Orain, fokua Ordizian dago, eta bertako alkatea EH Bildukoa da. Berriz ditugu mahai gainean bi ereduak; eta bi alderdientzat, EAJrentzat nahiz EH Bildurentzat, mesedegarria izan daiteke polarizazio hori.

Bazirudien kanpaina amaitzeko, koronabirusaren ordez, erabakitzeko eskubidea jarriko zela lehen lerroan. Kanpainaren ardatza, argi eta garbi, ezkerra-eskuina izan den arren, amaieran EH Bilduk subiranotasuna ekarri nahi izan du erdigunera. Maddalen Iriartek adierazi du «EAJko jendearen botoak» jasoko dituztela, erabakitzeko eskubidearen alde egiten dutelako; eta Arnaldo Otegik «abertzaleen arteko batasunik nahi ez izatea» leporatu die jeltzaleei, Telesforo Monzonen etxe aurrean. EAJren erantzuna argia izan da: «Independentzia gai zaharkitua da». Legegintzaldi honetan, abertzaletasunaren bi ildoek estatus politikoari buruzko akordioa sinatu arren, adostasun horrek ez du biderik egin.

Birusa gainean dugu. Bihar hautagaien eguneko planez hitz egingo litzateke ohiko hauteskunde batzuetan. Baina horren ordez, COVID-19az eta botoa modu seguruan emateko aukerez ariko gara. Ez zen normala hilabeteak etxe barruan eman ondoren, igandekoak ohiko hauteskunde batzuk izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.