Angel Aldarondo.
Donostiako 61. Zinemaldia. Analisia

Zenbait buru

2013ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Aurten ere ez da ezuste handirik izan Sail Ofizialeko palmaresean, eta badirudi Todd Haynesek zuzendutako epaimahaiak iritzi nagusiarekin ia bat egin duela, sari nagusia salbuespen. Film onenari Urrezko Maskorra, Venezuelako Pelo malo film xumeak irabazi du. Ongi egina dagoen pelikula da, baina agian handi samar datorkio saria. Fernando Eimbckek zuzendari onenaren saria jaso du Club Sandwich filmari esker. Hau da aurtengo Sail Ofizialean gutxien gustatu zaidan pelikula, hain zuzen, egilearen exhibizionismo hutsa delako, forma edukiaren gainetik. Hala ere, nire kinielako faboritoa zen, epaimahaien postureo kuota betetzeko balio duen film bat dela aurreikusten zen.

Gidoi onenarekin adostasuna nagusi. Bertrand Tavernierren Quai d'Orsay filmaren hitz azkar eta zorrotzek irabazi dute. Nahiz eta gidoia zapalegia izan, ondo merezitako saria da. Aurreikusten zen beste bat emakumezko aktore onenarena da: Marian Alvarezek La herida filmean egindako lan bikaina saritu dute. Etorkizun oparoko emakumea, dudarik gabe.

Gizonezkoen kasuan, Jim Broadbent aktoreak irabazi du Zilarrezko Maskorra, Le Week-end filmean egindako lan txukun eta kutunarekin. La Herida-k beste sari garrantzitsu bat eraman du etxera, epaimahaiaren sari berezia. Honekin gure zinemari aitortza txiki bat da, beste lankideen artean, harro egon daiteke Koldo Zuazua ekoizle donostiarra bere ahalegin eta begi onarekin. Argazki zuzendaritza onenaren sariak ere ez nau batere harritu, Canibal filmean Pau Estevek primeran landutako koadroek irabazi baitute. Sail Ofizialetik kanpo sari bat aipatzearren, euskal film onenaren Irizar saria Asier ETA biok-i eman diote, prentsa leizearen gozamenerako.

Ikusitakoak ikusita, oro har asebete egin nau aurtengo palmaresak. Zinemaldiaren Sail Ofizial kontserbadore eta eztabaidagarria ez da iazko maila izugarrira iritsi, baina nahiko duina izan dela ezin ukatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.