Patxi Zubizarreta.
HIRUDIA

JALGI: erroak, hegoak, eroak

2016ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Jaiotzarekin etorri zitzaion heriotza Francisco Javier Irazoki poeta lesakarraren anaiari, eta zorigaitzez aingerutan hil zen haur errukarria; aitak, orduan, hilobi gisako bat prestatu zuen baserri alboko pikondo baten azpian, eta amonak hantxe lurperatu zuen haurra, zapata kutxatxo batean. Haur denboran, poeta pikondo horretara igotzen zen, fruituak noiz helduko. Eta uda amaieran edo udazken hasieran, pikuak heldutakoan, poetak astiro jaten zuen fruitua: pikuak anaiaren mintzoa ziren, pipitak anaiaren hitzak ziren; eta astiro mastekatzen zituen, mutiko zenduak lur barnetik bidalitako hitzez eta mezuez hobeki jabetzeko.

Kirmen Uribe poetak ere, duela zenbait urte, pikondo hegalari baten istorio harrigarria kontatu zigun berripaper honexetan: antza, Bilboko haur batzuek asteburua Mungian igaro ohi zuten, eta jolaslekurik gogokoena pikondo zaharra omen zuten; kontua da noizbait ere arbola gaixotu, eta erraietatik erauzi behar izan zutela; umeek larrea hutsik ikusi zutenean, aitari galdegin zioten, eta honi erantzun magiko bat bururatu zitzaion: «Gogoan hartu du likarekin txoriak harrapatzen dituen gizona, nola likarekin zuhaitzen adarretara itsatsita geratzen diren txoriak. Haurrei esan die aste barruan likarekin ehizan ibili direla baserrian. Eta pikondoan jarritako lika horrenbeste zela ezen ehunka txori geratu zirela itsatsirik pikondoan. Baina milaka txori zirenez, arbolak berak ere hegan egin duela txori eta guzti, eta begiratzeko bestela larreko zuloari, nola txoriek zuhaitza erraietatik atera duten».

Jean Giono idazleak ere halakoxe gaia erabili zuen Zuhaitzak landatzen zituen gizona narrazioan: gizona eremu lehor eta elkor batean noraezean ibili zen Alpe mendiak Proventzan barneratzen diren ingurumarian, harik eta basamortuko ispilukeria zirudien artzain xume bat agertu zitzaion arte; honek etxolara eraman zuelarik, zorro batetik ezkur pila mahai gainera zabaldu, eta, onenak bereizirik, ehun ale mardul eta eder bildu zituen; gero, atzera itzuli ziren mendi mortura, eta burdinazko makila bat harturik, lurrean zulo bat egin, ezkur alea sartu, hura lurrez estali, eta halaxe jardun zuen ehun haritz landatu arte; zenbait urteren buruan, idazlea Proventzara itzuli zenerako artzainak ehun mila ezkur lurperatuak zituen, ehun mila haritz landatuak; eta, haritzekin batera, pagoak eta urkiak: zientoka, milaka; eta haizeak ere lagundu egin ziok haziak eramaten, berdetasuna zabaltzen; egunak egunari, urteak urteari, bi mundu gerra lazgarri igaro ziren, eta idazlea irrikaz itzuli zen artzainarengana, baina paisaia ezagutzen ez…; Elzéard Bouffier aguretua zegoen, baina arbolek halako tapiz berdea osatua zuten; eta garai bateko herri abandonatuan 28 pertsona bizi ziren, haietako hiru basozain; lorategiak zeuzkaten, lurra lantzen zuten eta iturri berrituari, pol-pol, ur fresko baino freskoagoa zerion.

Aiaraldea euskal kulturaren plaza ibiltaria bihurtu duten JALGI ekimeneko partaideek —antolatzaile, eragile, pentsalari, artista, erakunde…— ongi errotutako tradizioaren alderdirik erakargarrienak partekatu eta transmititu nahi dituzte, baina kulturari hegoak erantsi dizkiote, oraingoan eskualde honetan hegalda eta zabaldu dadin, dasta dezagun; baina hau guztia ezinezkoa litzateke ero punturik gabe, halako eroaldiak beharrezkoak baititugu ezezagutza eta ezjakintasunaren basamortua oasi eta plazer iturri bihurtuko badugu. Aurten eta aurrerantzean, hemen eta han.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.