Michel Temer Brasilgo jarduneko presidenteak Jair Bolsonaro presidentetzarako hauteskundeen irabazlea hartu zuen atzo Planalto jauregian, Brasilian. Irribarretsu agertu ziren biak kameren aitzinean, botere trantsizioaren hasiera sinbolizatzeko helburua zuen bileran —Bolsonarok urtarrilaren 1ean hartuko kargua—. Solas eta keinu abegikorrak egin zizkioten elkarri. «Hurrengo urtean berriz eskatuko diogu harrera egin diezagula, Brasilek ezin baitu alde batera utzi presidentetzatik igaro direnen ezagutza», adierazi zuen Bolsonarok Temerri buruz, elkarrekin egin zuten agerraldian. Temerrek, berriz, eskaintza bat egin zion: agintaldia bukatu aitzinetik ere Kongresuan elkarlanean hastea «bidean diren proiektuekin», eta nazioarteko bidaietara jarduneko presidentearekin joatea, hil honetan Argentinan eginen duten G20koen bilerara barne.
Bileraren aitzinetik Temerrek jakinarazia zuen pentsioen erreformari lehentasuna emateko eskatuko ziola Bolsonarori, eta Bolsonarok berak hauteskundeen ondoren adierazia du hala izanen dela. Temerren bi urteko agintaldiko helburu nagusietako bat izan da erreforma hori; bertzeak bertze, erretiroa hartzeko adina gibelatu nahi zuen, eta kotizatzeko gutxieneko urteak luzatu, pentsioetarako diru gutxiago jartzeko. Ezkerreko alderdiek sutsuki egin zuten erreforma horren aurka, eta Temerrek ez zuen egitea lortu. Orain, Paulo Guedes arduratuko da auziaz, Bolsonarok auzi ekonomikoetarako «superministro» izendatuko duen ekonomista neoliberala.
Lan Ministeriorik ez
Bolsonarok atzo berretsi zuen neurria izan zen Lan Ministerioa kenduko duela. «Bertze ministerio batean» sartuko duela erran zuen. Itxura guztien arabera, Guedesen kontrolpean geldituko da hori ere.
Planaltora bisita egin bezperan, Bolsonarok Diputatuen Ganberan lehenbiziko hitzaldia egin zuen presidente hautatu dutenetik. 1988ko Konstituzioa oroitzeko ekitaldian izan zen, eta, diktadurari egindako gorazarreak alde batera utzita, konstituzioa «defendatu» eginen duela bakarrik erran zuen. Hori bai, jainkoari etengabe egin zion erreferentzia. «Brasil guztiaren gainetik, jainkoa guztiaren gainetik», erranda bukatu zuen hitzaldia.
Temerrek kargua utzi aitzinetik hasi nahi du elkarlanean Bolsonarorekin
Brasilgo jarduneko presidenteak G20koen bilerara elkarrekin joatea eskaini dio bozen irabazleari, Planalton egin duten lehen bileran

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu