Behin baino gehiagotan aipatua izan dugu zutabe honetan literaturaren funts nagusienagaitzari ihardukitzea eta gogor aurre egitea zela, gaitza izan dadin gizabanako edo egitura boteredunek sortu giza sistemen zuzengabekeria, edo, modu existentzialago batean, izan dadin bizitzaren iragankortasuna bera. Kolegioko programa ofizialek gomendatzen diete literatura frantsesa irakasten duten irakasleei «obra lirikoak» aztertu ondoren «literatura engaiatua» lantzea ikasleekin, hots bigarren mundu gerla denboran eta ondoko urteetan plazaratu ziren «erresistentziazko» narrazio eta olerkiak. Ez dut biziki ongi ulertzen, egia erran, nolaz ezberdindu daitezkeen lirismoa eta engaiamenduaren nozioak, beren ni-tik idazten dutenek gehienetan bizitzaren alde ilunak konprenitzen saiatu nahi dutelako, eta «engaiatu» deitu obrak berez ni berezi batengandik datozelako.
Har adibidez bigarren mundu gerla garaiko «erresistentziazko» frantses literatura hori: poeta liriko ezezagun bezain miresgarriak aurkituko dituzue. Berrikitan deskubritu ditut horietako bi, biak Austriako Mathausen kontzentrazio zelaian iraganak, Jean Cayrol (1911-2005) eta Violette Maurice (1919-2008). Nahi nuke partekatu hemen zuekin haien poemen barnakortasuna.
Jean Cayrol Bordelekoa zen, liburuzaina. Erresistentzia sare batean sartua zela eta, salatua izan zen, eta hiru urtez egon Mathausenen, 1942tik 1945eraino. Bortizkeria basati izugarrien lekuko izan zen han, asmaezinezkoak. Baina bere lagunekin, ahal bezala iharduki zion jasan ezinari: bildu zituen hosto, ikatz, zurmindura, oihal eta gisa horretako tresnak idazten segi ahal izateko. Bere kideek jakin zuten olerkari handia zela, eta bere lanean sustengatu zuten: mementu egokienetan inguratzen zuten, eta hola gorderik idatzi zituen garai hartako testuak, tarrapataka, berrirakurri ahal izan gabe. Berantago plazaratu zituen Alerte aux ombres (Itzal abisu) deitu bilduman. Otoitzak dirudite poema horiek, bertsetetan idatziak direlako, baina ez dira nehori zuzenduak. Gizakiak abandonatutako paisaia suntsituak dituzte erakusten, zientzia-fikziozko filmetan agertzen diren bezalakoak, etengabeko haize gaizto batek bultzatzen dituela harriak eta begetazioaren hondarrak. Hona hemen liburu horretako lehen bi bertsetak:
«Itsasoko haizeak ufatzen zuen erresuma abandonatu
hartan,
zoinen ateak zabaltzen ziren uhin bakoitzean
baratze lasterrak erakutsiz,
palazioak lehertzen ziren betiereko apar azpian
itzalik gabeko erresuma hortan
itsasoko haizearenpean.
Oroitzen ote zira hurbiltzen ginenean karrika hain eztiez
etxe abereak bezala;
xori batek segitzen zintuen urtaro zoriontsua bailitzan.
Oroitzen ote zira egunsenti bitxi eta ospetsuaz
ur gainean zebilana lanbroan espos andere zapia bezala,
ene maitea, urrats ankerduna bidexketan
ene maitea jadanik osoki gauez jantzirik»
Violette Maurice, berriz, Saint-Etiennekoa zen. Erresistentzian sartua hura ere, Ravensbruckera igorria 1943an, eta Mathausenera 1944an. Harek ere segitu zuen idazten kontzentrazio zelaietan, eta gerla ondoan plazaratu zituen lekukotasun eta olerki bildumak. Huna adibidez Egarri poemaren zati bat:
«Baina ezagutuko ote duzu etxea
Eta zure baitan hazten zihoan zorionaren gustua
Argiz beteriko fruitu mamitsua bezala
Eta ez ote zara egarri eta ez ote zara hoztua izanen»
Testu horiek irakurriz, eta ene barnea zonbateraino harrotzen duen oharturik, erran niezaieke ene ikasleei: literaturak ez du funtsik ni-aren bidez gaitzaren aurka eta askatasun zoriontsuaren alde engaiatzeaz bertzerik.

HIRUDIA
Gaitzaren aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu