Bertze hizkera bat sare sozialetan

Gazteek sare sozialetan erabiltzen duten hizkera ezberdina da bertze eremu batzuetan erabiltzen dutenarekin alderatuta. Ezaugarri bereziak ditu mintzaera horrek; alta, ez da bat eta bakarra. Tokian tokiko euskarak eragin nabarmena du, eta hizkuntza ezberdinen interferentziak etengabeak dira.

Gaztetxo batzuk, Whatsapp sare soziala erabiltzen ikasgelan. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2019ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Aldatzen ari da gizartea, eta, horrekin batera, baita komunikatzeko manerak ere. Sare sozialek aldatu egin dute orain arteko komunikazio moldea. Hamar gaztetik bederatzik erabiltzen dituzte sare sozialak, eta komunikaziorako tresna hagitz garrantzitsua dira gaur egun. Idatzizko komunikazioa da sare sozialetakoa, baina informaltasun handikoa. Bertze hizkera molde bat sortzen ari da, beraz: gainerako esparruetan ez dagoen hizkuntza molde bat. Euskararen kasuan ere sortu da hizkera hori.

Sare sozialetan erabili ohi duten euskara moldeari mintzidatzia esaten dio Elixabete Perez Gaztelu Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikerlariak: «Txatetako elkarrizketetan idatzi egiten dugu, bistan da, baina idazkera hori mintzoaren ispilua da neurri batean. Ez da hizketaren transkripzio bat, baina bada ahozkoaren keinu edo imitatu nahi bat». Deustuko Unibertsitateko Komunikazioko ikertaldeko kidea da Perez Gaztelu, eta gazteen hizkerari buruzko ikerketa bat egin du Esther Zulaika Ijurkorekin batera: Adierazgarritasun zantzuak euskal gazteen txatetan.

Ikerketa hori egiteko, aztergai hartu dituzte 14-25 urteko 47 gazte euskaldun alfabetatuk Tuenti eta Whatsapp sare sozialetan izandako elkarrizketak. Ondorio bat atera dute nabarmen: «Gazteen hizkera ez da bakarra, bat eta bera. Erakutsia dago gazteek ere gaitasuna dutela unean uneko egoerari egokitzen zaion hizkera erabiltzeko. Gazteen hizkeraz singularrean hitz egitea baino egokiagoa da hizkerez, aldaera funtzionalez hitz egitea». Bertze joera bat ere sumatu dute ikerketan: «Hiztunek, txatetan, ahoz erabili ohi dituzten hitz esapide adierazgarriak erabiltzen dituzte».

Perez Gazteluk azaldu duenez, txatetako euskara mintzidatziak baditu gainerako hizkuntzek ere badauzkaten ezaugarri batzuk: «Hitzak laburtzea, fonetismora hurbiltzea, letra larriak erabiltzea esajerazioa, azpimarratzea edo garrasia adierazteko...». Horiez gain, ohikoa da kode aldaketak egitea eta hizkuntzak nahastea. Perez Gazteluk ohartarazi du hizkuntzak nahasteko ohitura aspaldikoa dela, ez dela txaten ondorioz hasi, eta ez du kezkaz bizi.

Hizkuntzak nahastea

Jon Fernandez kazetariak ere hizkuntzen arteko interferentziak aurkitu ditu txatetako elkarrizketetan. Ondarroako nerabeen hizkuntza ohiturak sare sozialetan ikerlana aurkeztu berri du. Ondarroako (Bizkaia) 16 eta 18 urte bitarteko gazteek sare sozialetan erabiltzen duten euskara aztertu du. Denera 224 txat elkarrizketa aztertu ditu. Elkarrizketa gehienetan zentraltasun eta erreferentzialtasun handia dauka euskarak, baina etengabeak dira bertze hizkuntzen interferentziak ere. Perez Gazteluk bezala, nabarmendu du ez dela euskararen auzia bakarrik, gainerako hizkuntzetan ere badela fenomeno hori.

Fernandezek aztertutako gazteen %85 euskaraz edo nagusiki euskaraz aritzen dira sare sozialetan. Kazetariaren hitzetan, Ondarroako kaleetan hizkuntza hegemonikoa euskara izateak eragina du gazte horiek sare sozialetan dituzten ohituretan: «Arau sozial horrek badu indarra sare sozialetan ere. Neurri batean, kaleko arau soziala sare sozialetan ere bihurtzen da arau sozial». Interferentziak ez dira euskararen eta gaztelaniaren artekoak bakarrik. Ondarroan jasotako bi adibide eman ditu Fernandezek:«Maiten house na» (Maiteren etxean nago) eta «zelako mozkor kiute» (zelako mozkor polita).

Haren arabera, interferentziak erabiltzea «aurrekoekin urratzeko eta nortasuna izateko» ikur moduko bat da: «Aurreko belaunaldiekiko hausturaz gain, euren arteko kolektibitate nortasun bat adierazten du». Haustura hori egiteko, ordea, ezinbestekoa da arauaren berri izatea. «Araua urratzeko, araua ere ezagutu behar duzu. Hizkuntzaren ezagutza behar da, eta gero hizkuntza hori urratu egiten da adinak dakarren urratze nahi hori adierazteko». Antzeko gogoeta egin du Perez Gazteluk ere: «Txatetako hizkera antiestandarra eta antinormatiboa izan daiteke; gaztetasunaren seinalea ere bada pixka bat arautuaren kontra altxatzea».

Deustuko Unibertsitateko irakasleak ikerketan ondorioztatu duenez, gazteek txatetan aurkitzen dute idatzizko beste komunikazio esparru batzuetan ez duten askatasuna «adierazgarritasunez bizi-bizi» komunikatzeko. Bitarteko bat baino gehiago erabiltzen dute horretarako: lexikoan, hitz adierazkorrak dira nagusi, amultsuak eta goxoak, eta, neurri txikiagoan, biraoak. Hitzak errepikatzea ere anitzetan baliatzen dute. Nabarmena da, gainera, hitzak laburtzeko joera: zm (zer moduz), mx (muxua), msdz (mesedez)... Ezaugarri morfologikoei dagokienez, atzizki txikigarriak erabili ohi dituzte hartzailearekiko estimua adierazteko. Ortografia arauei ihes egiten diete txatetan: mintzatzen diren moduan idazten dute. Aldagai horiei dagokienez, antzeko ondorioak atera ditu Fernandezek ere.

Herriko hizkera nagusi

Txatetako solasaldietan bada hedatuta dagoen beste joera bat: tokian tokiko hizkerak erabiltzea. Deustuko Unibertsitateko irakaslearen hitzetan, talde izaera ematearekin dago lotua hori, eta gaztetasuna erakustearekin. Ezaugarri hori nabarmendu du Fernandezek ere. Ikerketan ikusi du Ondarroako gazteen artean herriko hizkera dela nagusi, eta ia elkarrizketa guztiak erregistro informalean egiten dituztela. Euskara batua erabili ez arren, estandarraren aldaera batzuk azaltzen dira elkarrizketetan; Fernandezen iritziz, ziur aski hezkuntzaren bidez jasotakoak dira. Izan ere, nahiz eta txatetako jardunean tokiko hizkera izan nagusi, euskara batua bi funtziorekin lotzen dute Ondarroako gazteek. Batzuetan, komunikazioa errazteko tresna gisa hartzen dute, euskara ikasten ari direnekin komunikatzeko; beste batzuetan, ironiarako edo umorerako erabiltzen dute euskara batua, herriko hizkeran ari direnean esaldi solteak euskara estandarrean idatzita.

Txatetako hizkera moldean euskalkiak hainbertze nabarmentzearekin lotuta, badu kezka bat Perez Gazteluk: «Benetakoa eta autentikoa leku berezietako hizkera bada, zalantzan jartzen ari gara eskolan ikasi duten euskal hiztunek aldaera hori normaltasunez erabiltzea». Uste du pedagogia egin behar dela gai horri buruz: «Norberak bereari uko egin gabe, bestearen euskara ere estimatu beharko genuke».

Txata, eremu askea

Adina ere faktore garrantzitsua da txatean erabiltzen den hizkera aztertzeko orduan. 18 eta 24 urte bitarteko gazteak ikertu ditu Perez Gazteluk, eta iruditzen zaio beharrezkoa dela adinean goiti egin ahala txatetako hizkera ikertzen jarraitzea. Idazkeraren zenbait ezaugarrik adinarekin zerikusia izan dezaketelakoan dago: «Askotan gertatzen da gazte izateagatik bakarrik islatzen direla ezaugarri jakin batzuk. Beste batzuek, agian, iraungo dute, eta zabaldu eta hizkuntzaren eragile izan daitezke». Uste du zer ikertua badagoela. Fernandezek, hain justu, espero ez zituen datuak aurkitu ditu: «Adin horretako gazteek herritik kanpokoekin apenas dute txat talderik. Ez nuen espero. Pentsatzen dut adinean gora egin eta herritik irten ahala beste errealitate linguistiko batzuk ezagutuko dituztela». Fernandezi iruditzen zaio adinarekin gazteek sareetan darabilten euskara moldea aldatu egingo dela.

Sareko euskara idatzia euskarak irabazitako hirugarren eremu edo kode bat da, Perez Gazteluk nabarmendu duenez: «Ez naiz atrebitzen esatera txata denentzako lekua dela, baina esan dezaket eremu askeago bat dela, zuzentasunak ez duela askorik inporta, eta hanka sartzen baduzu ere lasaiago aritu zaitezkeela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.