Rikardo Arregi Diaz De Heredia.
HIRUDIA

Eztabaidarena

2018ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Inork ez dezala esan Juan Luis Zabalak eta Maialen Berasategik hementxe bertan plazaraturiko arazoei muzin egin diedala hirutasun ez oso santu honetako nire txandan; horrela, batzuek azaldu duten kezka, eztabaidarik ez dagoela alegia, lasaitzen saiatuko naiz apur bat bederen. Egia da gaur egun beste garai batean zegoen berotasuna epeldu egin dela eta hil ala biziko kontu haiek, medikuntzaren aurrerapenei esker, gaixotasun gutxi gorabehera kroniko baina ez larriegiak direla orain. Edo beharbada lehen baino larriagoak dira, baina, pentsamolde postmodernoaren erruz, erlatiboagoak. Bestalde, ahantzi egiten da, nire ustez, noizbehinka agertzen direla eztabaida oso oinarrizkoak sortarazten dituzten liburu eta egileak (Joseba Gabilondo edo Iban Zaldua etorri zaizkit gogora bat-batean), baina euskal literaturaren establishment txiki sendoak (zeren euskal literaturan establishment bat baitago) nahiago du kasu gehiegirik ez egin, eskuak garbitu eta hurrengo Durangora pasa.

Era berean, nekosoa izan daiteke aspaldiko eztabaida batzuk berpiztea, ez garai hartan ondorioztatukoa behin-betiko dogma aldaezina delako, baizik eta gurean adanismorako joera handia dugunez, adinean sartzen ari garenoi ahoa zabaltzen zaigulako nahi gabe eztabaida bera, hitz berberekin, jarrera berberekin, pentsakera berberekin errepikatzen ikusten dugunean. Gainera, gorago aipatu dudan bezala, teoria postmodernoak dena errazteko (edo zailtzeko, batek daki) etorri ziren: kanon eta arau zahar estuak atzean utzi eta dena ondo dagoela, dena dela baliotsua aldarrikatu zenetik. Herrigintzan buru-belarri sartu nahi duzula? Aurrera. Autofikzio narzisista dela zurea? Primeran. Eleberri beltz sozialarekin amets egiten duzula? Arazorik ez. Sintaxia desegin eta puntuazioaren zamarekin bukatu? Zergatik ez. Gaztelaniaz idatzi gura duzula euskal literatura? Jakina. Arthur Rimbaud-en Il faut être absolument moderne hartatik «erlatiboki posmoderno izan behar dugu» lasaigarrira egin dugu jauzia. Erlatiboki, noski.

Gainera, zertarako denbora galdu eztabaida korapilatsuetan teoria postmodernoak ere zaharkiturik utzi dituen merkatua ororen gainetik dagoenean? Merkatua da literaturaren jainko bakarra: saldu ala ez saldu, that is the question.

Ironiak eta zinismoak gordeko ditut eta serio jarriko naiz. Demagun, laburbiltzeko, bi parametro dudala liburu baten aurrean: estetikoa, hau da, nola dagoen idatzita, estiloa, nahi baduzue; eta etikoa, liburuak dakarren ideologia edo mundu ikuskera. Idazkera txarra eta nirearekin zerikusirik ez duen mundu ikuskera dituen liburu bat berehala alboratuko nuke, penarik gabe, ez nuke ezta irekiko ere. Idazkera bikaina eta nirearekin bat datorren ideologia dituen liburua irakurriko nuke, oso gustura eta beharbada apur bat beldurtuta perfekzio erabatekoaren aurrean. Idazkera txarra baina ideologia gustukoa dituen liburuarekin arazoak izango nituzke: orrialde batzuk irakurri, gainerakoen gainean begiak pausatu, esaldi gogoangarri baten bat bilatu eta bukatu gabekoen multzora bidaliko nuke lasai asko. Idazkera primerakoa eta mundu ikuskera antagonikoa duen liburua bukatu nuke, bai, apur bat amorraturik, zein ongi idazten duen nazkante honek pentsatu bitartean. Baina mundu honetan gauzak ez dira, zorionez, hain garbiak: idazkera guztiz bikainaren eta idazkera guztiz txarraren artean hamaika ñabardura daude, hamaika estilo, hamaika modu poema bat egiteko, istorio bat sortzeko, ipuin bat edo eleberri bat idazteko; mundu ikuskerari dagokionez, ergel totala izango nintzateke pentsatuko banu nirea bezalakorik ez dagoela, eta adostasun-desadostasunetan ñabardurak ere infiniturantz zabaltzen dira beti. Horregatik liburuz liburu hitz egitea, eztabaidatzea nahiago baduzue, atsegin dut, dauden ikuspuntu guztiak, eztabaida guztiak, kritiko guztiak (sic) eta teoria guztiak (baita postmodernoak ere) kontuan harturik. Altxorrak oharkabean pasa dira askotan, eta bai, eztabaida publikoak lasai eta espanturikgabe egiteko zailtasunak ditugu, zergatik ukatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.