Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

JM Gobillard et Fils, Hautvillersko altxorra

2018ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Independente izatea erabaki zuen Gervais Gobillard nekazariak 1933an, eta, aurreztuta zeukan diru apurra erabiliz, mahasti batzuk erosi zituen bere emaztearen herrian, Hautvilleresen (Champagne, Frantzia); bi hektarea erosi zituen, hain zuzen ere. Xanpainaren munduan garatu nahi zuen enologo ibilbidea.

Baina arazo bat zegoen une hartan Champagnen egiten ziren ardoetan: ez zen erraza arrakasta izatea, maison komertzialek eta handiek baino ez zuten lortzen arrakasta, eta Gervais bezalako mahastizain txikiek arazo eta oztopo izugarriak izaten zituzten;asko eta asko pobrezian erortzen ziren. Gervais Gobillard, baina, hortxe mantendu zen, irmo, nekeari aukerarik eman gabe, eta urte askotan gogor lan egin ondoren, marka propioa lortu eta merkatuan egonkortzen hasi zen.

Ardoarenganako eta mahastienganako pasioa erakutsi eta kutsatu zion Jean-Marie semeari.

Gero, xanpaina demokratizatu egin zen, lurrak birlandatu egin zituzten, eta, ondorioz, landare premia asko handitu zen.

Mende hasieran mahasti guztiak suntsitu zituen filoxeraren parasitoa beti dago presente, eta mahatsondoak oin amerikarren gainean izan behar dira landatuak, intsektuarekiko erresistenteak baitira.

Champagne erdi-erdian dago Hautvillers, Epernaytik bost kilometrora, mahastiak Marne ibarrari so, eta ikuspegi harrigarriak, zoragarriak bezain dotoreak dituzte. Hautvillers oso famatua egin zen bere garaian, hantxe baitzegoen Dom Perignon fraide beneditarra bizi zen abadetxea. Garai hartan, 1681ean, fraideak xanpaina asmatu zuen unean, Hautvillers inguruko herririk famatuena bilakatuzen.

JM Gobillard et Fils etxeak 30 hektarea landatzen ditu, denak ere bereak, batez ere, Hautvillersko Premier Cru mashastietan. Beste 125 hektarea hartzen dituzten mahastietatik ere jasotzen dute mahatsa, hainbat mahastizainekin dituzten akordioei esker, betiere eskarmentua eta kalitatea irizpide hartuta.

Zoritxarrez, 1982an, Jean-Mariek istripua izan zuen, eta ezin izan zen arrakastaz askorik gozatu, hil egin baitzen.

Haren lau seme-alabek, Philippe, Jean-François, Thierry eta Sandrinek —13 urte baino ez zituen garai hartan—, hartu zuten erreleboa, gurasoek transmititutako lanarekiko etikari, ardurari eta senidetasunari jarraituz.

Ia berrogei urte geroago, haien balioak mantendu egiten dira.

Pasioa, dinamismoa eta lana ondo egitea dira hazten jarraitzen duen maison horren ezaugarriak. Mahastia bezain ondo zaintzen dute inguru komertziala ere, prozesu bakoitza kontrolatuz eta Champagneko tradizioa erabat errespetatuz. Mahats bilketa beti egiten dute eskuz, eta mahats aukeraketa oso zehatza da.

Gero, ardoak XVIII. mendeko lurpeko upategietan gordetzen dituzte, euren ontze bide luzea ezin egokiago burutzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.