SERIEA. Errefuxiatuak (III). Ibilbide aldaketak

Babes premiak irekitzen du bidea

Adrian Garcia.
2016ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
EBk eta Turkiak eginikoitunak Greziako bidea itxi die iheslariei, baina ez du baretu haien estutasuna. Nazioarteko erakundeek ohartarazi dute beste ibilbide batzuk hasi direla erabiltzen, askoz ere arriskutsuagoak.

Ate bat ixtean, beste batzuk irekitzen dira ezinbestean.Iheslarien bideak harresiz, mugetako kontrolez eta beste hamaika oztopoz bete dira azken urteetan, baina horiek ez dute haien ibilbidea eten, babesa bilatzeko premia gainditu dezakeen trabarik ez baita. Oxigenoz beteriko puxika batekin irudika daiteke iheslarien itolarria eta Europarako bideak ixteko agintarien obsesioa. Alde batean presio eginez gero, puxikaren beste aldea puzten da, baina aireak beti egiten du lekua. Neurri murriztaileek are arriskutsuagoa egiten dute iheslarien jarduna, baina ez dituzte atzera eginarazten. Puxika lehertzeko arriskua, ordea, beti dago present.

Austriak eta inguruko beste bederatzi herrialdek moztu zuten lehenik Balkanetako bidea. Martxoan Mazedoniak ezarri zuen tapoia Greziarekiko mugan, eta herrialdean pilatuta daude ordutik dozenaka milaka errefuxiatu—40.000 gobernuaren arabera—. Hilabete horretan eman zion Europak azken errematea Ekialde Hurbileko gerretatik asiloa eske Europara jotzen zutenen bide nagusiari, Turkiarekin ituna eginda.Afrika iparraldeko beste herrialdeekin egin gisan, EB Europako Batasunak zaindari lanak egiteko erosi du Turkia.

UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera, Europara asilo bila jotzen duten %87k Greziatik egiten dute bidaia. Baina Egeo itsasoko bidea itxita, bide arriskutsuagoak hartzeko beste erremediorik ez dute errefuxiatuek. Libia da askoren alternatiba, gerra egoeran itota egon arren orain bost urtetik.

Libiako zeharkaldiak

UNHCRen datuek erakusten dutenez, Libiatik Italiarako zeharkaldia egiten dute gero eta iheslari gehiagok. «Arrantza saioa hasi da, eta, aurtengo martxoan, iazkoarekin alderatuz, zeharkaldiak hirukoiztu egin dira», adierazi du UNHCRko Leo Dobbsek. «Egeoko atea itxita, litekeena da zenbaki horiek gora egitea». Apirilean jende gehiago iritsi zen Italiara—9.149 lagun—, Greziara baino—3.650—, lehen aldiz 2015eko maiatzetik.

Izan ere, Libiatik Europarako zeharkaldia ez da berria; Europak Libiako giza trafikatzaileen aurka «irmo jardutea» hitzeman zuen iaz, 800 lagun baino gehiago Mediterraneoan ito zirenean. Baina EBk eta gerrak zatitutako Libiako gobernuek ez dute asmatu giza trafiko sare horien aurka egiten.

NBEk uste du 100.000 iheslari daudela Libiako mendebaldeko kostaldeko herri eta hirietan, Europarako jauzia egiteko zain. Eguraldia izan da zeharkaldia egiteko orain arteko traba, eta sasoi epelagoek giza trafikatzaileak ontzi gehiago bidaltzera bultza ditzakete. Giza eskubideen aldeko erakundeek salatu dute Libiako miliziek giza trafikoarekin etekinak ateratzen dituztela, eta baldintza gizagabeetan atxikitzen dituztela errefuxiatuak atxilotze zentroetan.Libiako NBEko misioak ere txosten batean jakinarazia du milaka errefuxiatu atxilotuak dituztela herrialdean, eta tortura eta tratu txarrak sufritzen dituztela.

Migrant Report erakundea izan da Libiako zentro horiek salatu dituen lehenengotarikoa. Zawiya hiriko atxiloketa zentroan gertatutakoa erakunde horren bidez jakin da: apirilean 200 bat iheslarik zentrotik ihes egin zuten, eta zaindariek arma automatikoekin tiro eginda saiatu ziren ihesaldia zapuzten. Lau iheslari hil zituzten, eta beste hogei bat zauritu.

Joan den astean Mediterraneoan egindako erreskatea da bide alternatiboak erabiltzen hasiak diren beste adibide bat; Italiako larrialdi zerbitzuek bi ontzitan zihoazen 900 bat lagun erreskatatu zituzten Siziliatik gertu, Italian. Bidaiari gehienak Siriatik ihes egindakoak ziren, eta Irakeko herritar batzuk ere bazeuden. UNHCRen arabera, urtebete baino gehiagoan ez zen Ekialde Hurbiletik Italiara horren talde handirik iritsi. Egiptotik itsasoratu ziren ontzi horiek.

Greziako giza krisia

Brusela jakitun da bide bat ixtean beste batzuk irekiko direla derrigorrean, eta EB-Turkia ituna sinatu zutenetik agindu die 28ei bide berri horiek zapuzteko. Italia eta Espainia jarri dituzte alertan, Europaren hegoaldeko beste ateak.

Horrez gain, Grezian harrapatutako 40.000 lagunei so dago Europa. Izan ere, EB-Turkia itunak ez du aurreikusten bertako giza krisia konpontzeko neurririk, eta, Balkanetako bidea itxita, beste batzuk har ditzakete aurrera egiteko. Albanian arreta jarria du EBk, Greziatik haraoinez igaro, eta Otranto itsasartea gurutzatuta Italiara iritsi daitezkeelakoan.

Iparraldeko bideaz ere ohartarazi dute agintariek, nahiz eta oraingoz oso gutxi izan bide horierabiltzen dutenak. Batik bat Siriarrek erabili dute bide hori, lehendabizi Errusiarako bisa eta hegaldia ordainduta. Behin Errusiara iritsita, ipar Europatik sartzen saiatzen dira; aurtengo lehenengo hilabeteetan Finlandiara mila errefuxiatu inguru sartu dira Errusiaren menpeko Laponiatik. Norvegiak urte amaieran itxi zuen Errusiarekiko muga.

Gehiago dira, halere, hegoalderantz jotzen dutenak Europara iristeko saihesbideen bila. Magrebeko herrialdeek ateak itxi ondotik, siriar askok Saharaz hegoaldeko herrialdeetara hegan egin dute, basamortua gurutzatutaMelillara eta Ceutara—Marokon dauden Espainiaren menpeko hirietara— ailegatzeko.

UNHCRen arabera, 340 siriar daude Nuakxoten, Mauritaniako hiriburuan. Beste erakundeek 3.000 direla diote, gehienek errefuxiatu gisa izena ematen ez dutelako. Sebastien Laroze Mauritaniako UNHCRko ordezkariaren ustetan, aurrerantzean gero eta gehiagok hartuko dute Saharako bidea, Europako trabek bultzatuta. Ez Mediterraneoak ez eta basamortuak ere ez baitute iheslarien babes premia itzaliko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.