G7koen goi bilera

Liburutegitik gotorlekura

Politika ekonomikoak koordinatzeko bilera informal gisa jaio zen G7ko taldea, baina formalismo handiko eta mami gutxiko errituala bihurtu da urteekin. Desberdintasunen aurkako borroka izango da Miarritzeko bileraren gaia
G7koen azken bilera, 2018ko ekainean, Quebecen.
G7koen azken bilera, 2018ko ekainean, Quebecen. CLEMENS BILLAN / EFE

Iker Aranburu -

2019ko abuztuak 17
Liburutegi batean hasi, eta poliziek gotortutako hoteletan bukatu. Bilera informalekin hasi, eta forma asko eta mami gutxi duten bilerekin bukatu. Politikak koordinatzeko topaleku zen hasieran, eta desenkontruen erakusleiho bihurtu da G7koen bilera. Urteroko erritual bat bilakatu da: batetik, argazkilarien aurrean irribarretsu agertu nahi duten agintariak, munduaren on beharrez ari direla sinetsarazi nahian; bestetik, munduko gaitzak haiei leporatzen dizkieten manifestariak; eta bien artean ahalik eta kontaktu gutxien izatea bermatzen duten segurtasun indarretako milaka kide.

«Zaborretara bota G7ko taldea. Alferrikakoa da, eta garaiz kanpokoa. G7a hilzorian dagoen instituzio bat da, eta hala izan da azken hamar urteetan». Hitz gogor horiek ez ditu globalizazioaren aurkako mugimenduko norbaitek esan, ezta militante antikapitalista batek ere. Mainstream-aren zentro-ezkerrean dagoen zutabegile batek esan ditu, Larry Elliot Londresko The Guardian egunkariko zutabegileak.

Ez da bakarra. «Goi bilera amaitzea ez litzateke galera handia izango gizateriarentzat», ziurtatu du Deutsche Welle hedabide publiko alemaniarrak, eta lan hori hartzeko eskatu die Angela Merkeli eta Emmanuel Macroni.

Kritikak ez dira berri-berriak, baina gaurkotasunik ez dute galdu. Areago, azken urteek pentsamolde hori sendotzeko baizik ez dute balio izan, G7ko taldearen azken goi bileren emaitzak hutsaren hurrengoak izan baitira. Atez kanpoko emaitzak, noski, ate barruan esandako eta adostutako batzuk ez baitira inoiz zabaldu.

Esanguratsua da, esaterako, G7koen 2017ko maiatzeko bileraren ondoren, agintariek adostu zuten manifestu luzea, Taorminan (Sizilia, Italia). Orduan pil-pilean zeuden gaien zerrendatze huts bat izan zen, eta horiek konpontzeko bildutakoek erakutsitako borondate eskasaren eta gaitasun txikiaren erakusle. Siriako gerra bukatu behar zela zioten, baina gerra horrek jarraitu egiten du, eta G7koek ez dute zeregin handia han; NBEk Libian duen misioa indartu behar dela esan zuten, eta NBEk eta haiek sostengatzen duten gobernuak gero eta lurralde gutxiago kontrolatzen du; komunikatuak nabarmendu egin zuen Errusiak duela Ukrainako gatazkaren ardura, eta izoztuta jarraitzen du orduz gero. Gai ekonomikoagoetan, are zailagoa da bilerak ezer ekarri zuenik sinetsaraztea, orokorkeriak nagusi izan baitziren: jarduera ekonomikoa sustatu behar dela, prezioen egonkortasuna bermatu behar dela, genero arrakala txikitu behar dela, eta herrialdeei lagundu behar zaiela emigrazioa ekartzen duten faktoreak txikitzen.

Ezin esan daiteke beti horrela izan zenik, G7koen bileretatik atera baitira erabaki esanguratsuak. 1985ean, esaterako, Ronald Reagan AEBetako presidenteak egindako presioak balio izan zuen handik hilabete gutxira G7ko taldeko beste kideek dolarraren balio txikiago bat onartzeko, hartara AEBen merkataritza defizita txikitu zedin.

Horrelako adostasunik ez da espero Miarritzen. Arrazoi nagusiak Donald Trump du izena. AEBetako oraingo presidenteak ez du denbora asko galdu nahi alde askotako akordioen bila edo besteen iritzia entzuten. Bere kasara jokatzea erabaki du, eta hitz gogorrak eta iraingarriak izan ditu mahaiaren inguruan edukiko dituenekin.

Lapurdiko hirian, aspaldiko partez, Trumpek aurpegi adeitsu bat aurkituko du: Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroarena. Europako Batasunetik ateraz gero Londresek merkataritza itunak egiteko askatasuna berreskuratuko duela esatea izan da Johnsonen argudioetako bat brexit-a babesteko. Inorekin egitekotan, akordioa AEBekin egin nahiko du Johsonek, eta, pentsatzekoa denez, Miarritzeko bilera erabiliko du Trumpekiko gertutasuna adierazteko.

Lau lehen, hogei orain

1970eko hamarkadan sortu zuten G7koen taldea, hasiera batean parte hartzaileak lau baizik izan ez ziren arren: Ameriketako Estatu Batuak, Alemania Mendebaldea, Erresuma Batua eta Frantzia. Hurrengo urteetan batu zitzaizkien Italia, Japonia eta Kanada, guzti-guztiak Washingtonen orbitan dantzan ari ziren herrialdeak. Politika ekonomikoak koordinatzea zen hasierako helburua, 1973ko petrolioaren bat-bateko garestitzeak Mendebaldeko ekonomiari eman zion zartakoari erantzuteko bideak bilatzea.

Aliatuak izateaz gain, bazuten herrialde horiek beste ezaugarri bat: munduko ekonomietan handienak ziren. Hasiera batean, munduko barne produktu gordinaren %70 ordezkatzen zuten, eta gainontzeko herrialdeak, haien ondoan, nano ekonomikoak ziren.

Baina 40 urte luze ez dira alferrik pasatu, eta gaur egun munduko BPGan duten pisua %50era jaitsi da, eta jaisten jarraituko du, munduko herrialde populatuenek azken hamarkadetan izan duten bilakaera ekonomiko handiaren ondoren.

G7koak ere ohartu ziren beren eragiteko gaitasuna txikitzen ari zela, edo Macronek iaz NBEn esan zuen bezala, «aspaldi joan zela herrialde aberatsek beren kabuz mundua defini zezaketen garaia». Txina, India, Brasil eta halakoak bazterrean uzteak zentzurik ez zuela ikusita, G20ko taldea bultzatu zuten 1999. urtean; munduko hiru biztanletik bi eta BPGaren %85 biltzen ditu.

G7koen bileretara ere gonbidatzen dituzte beste herrialde batzuk. Miarritzen izango dira Narendra Modi Indiako lehen ministroa, Sebastian Piñera Txileko presidentea, Scott Morrison Australiako presidentea, eta Afrikako zazpi gobernuburu. Mahai gainean izango duten gaia «desberdintasunen aurkako borroka» da, generoak, jatorriak, ingurumenak eta teknologiak eragindakoak. Afrikarekin «berdinen arteko elkarlana» bultzatzea ere izango dute helburu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Iker Aranburu

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna