Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Gaur, berriz ere, Durango Ardo Saltsan!

2018ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Azken urteotan erreferente bilakatu den Durango Ardo Saltsan-en, ardo eta delicatessen feria egingo dute gaur Durangon (Bizkaia). 2008an egin zuten lehen edizioa, eta, etenik ez duenez izan, aurtengoa hamaikagarrena izango da. Gogotsu lanean aritu ondoren aurten ere erronkari aurre eginez, hainbat berritasun eskainiko dizkie bertara bilduko diren ardo eta gastronomia zaleei.

Hasierako urteekin konparatuz, azken urteotan feria nahiko egonkortuta dagoela esan daiteke, eta hasierako helburuak ahaztu gabe: kalitatea eta pedagogia. Alde batetik, izango diren produktuen kalitatea; bestetik, eta bertaratzen direnak gastronomian zein enologian —edo ardozaletasunean— bustitzeko eta hezteko helburua.

80 bat upategi eta 200 ardotik gora dastatzeko aukera egongo da. Jakiei erreparatuz, ketuak (hegaluzea, izokina, foie…), urdaiazpiko iberikoa, Asturiasko Eoko ostrak, hainbat tokitako gaztak... izango dira. Baina aurtengo izarra arroza izango da, hain zuzen. Saltsan katerineko buru Iñaki Uriberen eskutik, bisitariak parada izango du hainbat eratan prestatutako arrozaz gozatzeko. Eta, azken urteotan bezala, miniaturazko sukaldaritza ere izango da, hori ere Iñaki Uriberen eskutik.

Egun osoan, goizeko hamaiketatik arratsaldeko zortziak arte inongo etenik gabe, zabalik egongo da aretoa; bisitariak hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera izango du.

Ardo dastaketei dagokienez, hiru izango dira: goizean, Ximenez Spinolak merkaturatuko duen berritasuna ezagutzeko aukera izango dugu, Cosecha izeneko ardoa ezagutuko baitugu; late harvest edo mendema berantiarra moduan sailka daiteke.

Arratsaldez, bi ardo dastaketa bikain izango dira: bata Tierra, Agricola de Labastidaren ardo zuriak (Tierra 2017, La abuela Visi 2015, La Greña 2014, Tierra Fidel 2013 eta Cifras); ardo bikainak eta haien artean erabat desberdinak. Gero, eguna bikain amaitzeko, Agusti Torello Mata upategiko apardun zoragarriak dastatuko dira: bi zuriak, eta bat gorria; Brut nature Gran Reserva 2011, Rosat Trepat 2015 gorria, eta, amaitzeko, Gran Reserva Brut Nature Barrica 2012.

Baina, dastaketez gain, aurten bi hitzalditxo ere izango dira, biak ala biak oso interesgarriak: bata, Alacanteko Celler de la Muntanyaren eskutik (Herrialde Katalanak). Mikromahastien inguruan egiten ari diren proiektua erakutsiko dute; oso interesgarria eta erromantikoa, esango nuke. Bestea Crusoe Treasuren eskutik erakutsiko dute: upategia Plentzian dago, badian, hain zuzen ere. Ardoak urpean, itsasoan, hogei metroko sakoneran ontzen, gordetzen dituzte... Bitxia, ezta?

Aurten ere gozatzeko aukera paregabea izango da Durango Ardo Saltsan azokan!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.