Aitor Renteria.
Konponbideari begira. Baionako Bake Foruma

Prozesua bururaino joanen dela berretsi du Baionako Bake Forumak

2014ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Baionako Bake Forumak bake prozesua bururaino eramateko engaiamendua berretsi du. Foro Sozialak egindako gomendioetan sakondu ondoren, haien gauzapen praktikoa landu du. Jean Pierre Massias Baionako Unibertsitateko irakasleak egin zuen egunaren sintesia eta, horretan, atzo egindako urratsa nabarmendu zuen: «Zer egin aipatu ez, nola egin aipatzen hasi gara, eta oinarri garrantzitsua da hori». Bake Bideak eta Lokarrik antolatutako jardunaldiak parte hartzearen aldetik ere erronka gainditu du: 400 toki ditu aretoak eta mukuru betea zegoen; jendea eskaileretan jarrita egon zen.

Parte hartzaileen artean, nazioarteko eragileez gain, kolore guztietako alderdien ordezkaritza zegoen. Laura Mintegi EH Bildukoa, EH Baiko Peio Etxeberri Aintzart, Sortuko Xabi Larralde eta Amaia Izko, eta EAJko Joseba Aurrekoetxea, bertzeak bertze. Frederique Espagnac senatari eta PSko bozeramailea, Sylviane Alaux eta Colette Capdevielle diputatuek osatu zuten sozialisten ordezkaritza, Frantxua Maitia Akitaniako kontseilariarekin eta Kotte Ezenarro Kontseilu Nagusiko presidenteordearekin batera. Jean Jacques Lasserre senatari zentrista eta UMPko Max Brisson ere presente izan ziren. Garapen Kontseiluko ordezkariak bertan izan ziren, CFDT, CGT, ELA, ELB eta LAB sindikatuetako ordezkariekin batera.

«Prozesu guztietan kontrako jarrerak sor daitezke, bana ez dira alde guztien bazterrera uzten dituzten aldarriak garrantzitsuak, baizik eta prozesuaren beraren izaeraren onartzea, konponbideari zilegitasuna ematen diona», laburbildu zuen Massiasek. Frantzia eta Espainiaren blokeo egoerak, traba izateaz gain, eragileak urrunago joatera behartzen dituela ondorioztatu zuen. Egoera horretan kokatu zuen Foro Sozialaren gomendioen garrantzia. Gomendio guztiak abian ezarrita prozesua geldiezina bihurtzen dela azpimarratu zuen. Gizarte zibila aitzinatzen den neurrian, estatuentzat egoera jasangaitza bihurtzen dela eta behartuak izanen direla, nahi edo ez, bake prozesuan parte hartzera.

Duela lau urteko egoerari so eginez, egin diren urratsen garrantzia begi bistakoa dela azaldu zuen. 2011ko Aieteko Adierazpenari erantzunez, ETAk armak behin betiko uztea, engaiatzea armen baliogabetzean, adibidez. Eta presoen eta iheslarien kolektiboek, bakoitza dagokion neurrian, konponbidean eragile izateko erakutsitako prestasuna. Azpimarratu zuen ere duela urte batzuk ez bezala Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak bat egin duela gatazkaren konponbiderako ikuspegiarekin, eta garrantzitsua izan zela haren presentzia Espainiako Justiziak deklaratzera deitu zituelarik nazioarteko egiaztatzaileak.

«Aldebatekotasuna prozesua indartzeko bidea da, eta horren adibide argia da lehendakariaren parte hartzea. Gainditzen doaz elkarrenganako susmoak, eta erakusten digu gero eta gehiago izanen garela, gero eta indartsuagoak».

Aldi berean, kontrako urratsak egon badaudela adierazi zuen. Adibide gisa, Espainiako biktimen elkarte batzuek nazioartera jotzea eskatuz ETAren ekintzak gizateriaren aurkako ekintzatzat hartzea.

Sakoneko eraldatzea

Bake prozesu batek sakoneko eraldaketak eragiten dituela gogoratu zuen Massiasek. Gomendioek ikuspegi orokor bat plazaratzen dutela azpimarratu zuen, gizartea aldatuz. «Errepresiotik integraziora pasatzen gara, armagabetzera, amnesiatik partekatutako memoriara, atalez atal osatzen den aldaketak eraldatze osora eramanen gaitu».

36ko gerra ere aipatu zuen, ondoren izandako trantsizioa aipatuz. Trantsizio hark ez zuen lortu borroka armatua bukatzea Euskal Herrian. Horrek pairatzen duen gatazka politikoa politizaturik ageri da. «Bortizkeria politikoak gaur arte iraun du, trantsizio politikoa abian ezarri zenetik hainbeste urtera, eta horrek erakusten du gatazkaren oinarrian arrazoi politikoak daudela eta horren konponbidea bermatzeko lanabes politikoak behar direla».

Konponbidearen aldeko dinamikak indarrak metatuko ditu eta ezberdinen arteko topaguneak eraiki. Bake prozesuaren ildoan indarrak metatu eta biderkatuz joanen direla, gizartea bera prozesuaren jabe bihurtzen den heinean. Konponbiderako muin bat egon ordez, anitz izanen direla azaldu zuen, bakoitza bere esparruan eta bere ezaugarrietatik eraginez. Gero eta gehiago izanen dira bake prozesuan engaiatuko diren eragileak. «Aniztasun horri egokitu beharko dugu, eta indar horiek federatzeko gai izan beharko dugu».

Kanpoko ereduek laguntza ekar dezakete Euskal Herriko gatazka gainditzeko, eta, gisa berean, bertako ereduak balioko du mundu zabalekoak konpontzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.