Euskal letren nazioartekotzeak 25 urte ( eta IV). Erakundetzea

Asfaltatu gabeko hitzak

Bakanak eta bakarkakoak izan dira orain arte euskal idazleek nazioartera egindako bideak, eta, bidea errazteko saio interesgarri batzuk izan diren arren, sistemikotasunik gabekoak izan dira egitasmorik gehienak.

Egun idazle gutxi batzuk dira nazioartera heldu direnak, eta idazle gehiagori bidea erraztea da orain erakundeen erronka (Irudian, Alicia Martin artistaren pieza bat). MARISOL RAMIREZ / ARP.
Inigo Astiz
2013ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Badaude bide batzuk, baina asfaltoa falta zaie. Harria. Irudi horrek laburbil dezake euskal literaturak nazioartera egin duen ibilbidea Obabakoak kaleratu eta 25 urtera. Atxagaz gain, bakanak dira oraindik ere kanpoan oihartzuna jaso duten egileak, eta, gainera, bakarka egin dute gehienek bidea. Baina izan dira oinarri batzuk ezartzeko saioak. Hor dago 1984az geroztik idazle galiziar, kataluniar eta euskaldunak batzen dituen Galeusca egitasmoa. Hor, 2004an sortutako Renoko Unibertsitatearen Euskal Literatura saila. Hor, urte berean eratutako Euskal Pen Kluba. Hor, Alemaniako Pahl Rugenstein argitaletxeak euskal literaturari eskainitako saila. Hor, harri solte batzuk. Eta badira hiru urte Eusko Jaurlaritzak Etxepare Institutua martxan jarri zuela. Beste harri koskor bat. Baina ikusi egin behar orain, harri horiek gai izango diren zubi bilakatzeko.

«0-tik abiatzen gara, eta ez bada zerotik, 0'1-etik. Erakundetzea ez da oso ongi antolatu, eta oso baliabide xumeak izan ditu orain arte hemen. Eztabaidagarria izan daiteke, noski, ekimen batzuk ala besteak egokiak diren, baina lehen ez zegoen ezer, eta egiten dena beti izango da positiboa horregatik». Iban Zaldua idazlearen hitzetan, hori da irudi orokorra: ia desertikoa da paisaia, baina kimu batzuekin. Eta Etxepareren agerpena da berak beste guztien artean nabarmentzen duena. Dioenez, hori da orain arte jarri den harririk sendoena. «Izan dira hainbat ekimen lehenago ere, baina hori da orain arteko ahaleginik indartsuena. Hori da, laguntza instituzional gisa orain arteko gauzarik eraginkorrena».

Euskal kultura eta euskara nazioartean zabaltzea. Hori da Etxepareren misio orokorra eta, beraz, ez du soilik literatura lantzen, baina, halere, pisu nabarmena du alor horrek bere egitekoen artean. Eta orain arte egituratutako egitasmorik taxuzkoena da, baita bere ibilbide motzean nabarmen behera egin badu ere. 3 milioi euroko aurrekontuarekin hasi zuen ibilbidea, baina 1,9 milioi izango ditu aurten. Murrizketengatik. Eta dirusail horretatik emango ditu itzulpenak egiteko laguntzak, eta idazleei hitzaldiak ematera joan ahal izateko bidaiak ordaintzeko dirua, esaterako. Baina baditu kritikak ere. Izan ere, kanpora jo beharrik gabe, bada etxe barruan konpondu beharreko zulorik ikusten duenik, eta bada erakundea onartzen ez duen idazlerik ere.

Gaztelerarena da bestea. Euskara sustatzea da, izan ere, instituaren egiteko nagusia, baina baita Bizkaiako, Arabako eta Gipuzkoako sortzaileak ere. Euskaraz aritzen direnak, zein gazteleraz aritzen direnak. Eta horregatik kritika. Gazteleraz sortzen duen jendeak badituelako laguntza eskainiko dien bestelako erakunde batzuk ere. Baina euskararen alde lerratzen da nabarmen balantza halakoetan, Mari Jose Olaziregi erakundeko Euskara Sustatu eta Hedatzeko zuzendariaren hitzetan. Eta datu batekin egin zion aurre kritikari, orain hilabete pare bat BERRIAri eskainitako elkarrizketan: «Iaz 24 liburu babestu genituen. Horietatik jatorriz gaztelaniaz sortutakoa bakarra zen».

Etxetik hasten den arazoa

Eta agerikoa da diskriminazio positiboa, abian jarri berri duten liburuak itzultzeko laguntzen deialdian ere. Bete beharreko baldintzetan dago aldea. Jatorri geografikorik ez da zehazten euskaratik beste hizkuntzetara itzuli beharreko liburuen kasuan. Baina egileak Bizkaia, Araba edo Gipuzkoakoa izan behar duela jartzen du gazteleratik egin beharreko itzulpenen kasuan.

Arazoaren parte bat etxean dagoela dio Urtzi Urrutikoetxea idazle eta kazetariak. Eta paradoxikoki, kanpoan egindako bidaietan ohartu dela horretaz. Euskal Pen Klubeko lehendakaria ere bada Urrutikoetxea, eta erakunde jakinez baino gehiago, hizkuntzaren egoera orokorrarekin lotuta dago bere kezka. «Bakearen aldeko idazleen bilkuran egon nintzen orain gutxi Eslovenian. Eta gure herrialdearen antzekoa da neurriz hura. 20.000 kilometro karratu, eta 2 milioi biztanle inguru. Gertatzen dena da han hizkuntza hegemonikoa dela esloveniera, eta estatuak babestu egiten du hizkuntza. Islandian ere egon nintzen, eta han ere antzera. 300.000 biztanle dituzte, 300.000 hiztun, baina han ere hegemonikoa da hizkuntza. Denek dakite hizkuntza hori, eta hizkuntza horretan kontsumitzen dute literatura. Eta hori da aldea». Horra, Urrutikoetxearen ustez, literatura eta haren nazioartekotzea indar dezakeen beste faktore bat.

Exotismoaren dilema

Hirugarren saioa du oraingoa Pen Klubak Euskal Herrian. 1951n egin zuten lehena, 36ko gerra osteko erbeste giroan, baina ez zuen luze iraun. Eta antzera gertatu zen 80ko hamarkada bukaeran sortutako bigarren klubarekin ere. Sortu, eta denbora gutxira desagertu zen. Hirugarrena da, beraz, orain Urrutikoetxeak zuzentzen duen Pen Kluba. Besteak beste, erbestean diren idazleak laguntzea, eta adierazpen askatasunaren aurkako erasoak salatzea dira elkartearen asmo nagusiak. Eta horiek dira hedabideetan oihartzunik handiena jasotzen dutenak, baina badute itzulpenei buruzko batzorde bat ere. Hizkuntza eskubideen sailaren barruan dago, eta Kataluniako PEN Klubak gidatzen du hori. Eta, haren bidez, hainbat euskal idazle lagundu dituzte kanpoan, hitzaldiak eta saioak ematera. Kultur trukerako tresna ere badela, alegia. Eta, dioenez, oso harrera beroa izan dute halakoetan. «Gure hizkuntzaren berezitasunagatik gertatzen da hori maiz. Eta hori izaten da eztabaida: exotismo horri zukua atera, ala ahalik eta normalena agertzen saiatu». Zehaztapen bat ere egiten du gero. «Gure lan tresna beti izaten da ingelesa, eta gure helburua izan da espainieratik urrun aritzea».

Ez da egiteko erraza. Pisu handia du Madrilek, izan ere. Handik pasatu ohi dira gazteleraz bestelako hizkuntzetarako itzulpenak, eta zaildu egiten du horrek Ipar Euskal Herriko idazleentzako bidea, adibidez. Areago: bide horretan, maiz, desagertu egiten da baita jatorrizko lanaren hizkuntzari buruzko erreferentzia ere, eta gaztelerazko bertsioari baino ez zaio egiten aipamena. Behin baino gehiagotan gertatu da hori. Baina ugalduz doaz bestelako esperientziak ere. Tranchida argitaletxeak Edorta Jimenezen hiru liburu ditu, adibidez, bilduman. Azken fusila (L'ultimo fucile), Baleen Berbaroa (La voce dele ballene), eta Sukar Ustelaren urtea (Il nemico a bordo). Baita Joseba Sarrionandiaren Narrazioak liburua ere. Hor dago Alemaniak Pahl Rugensteinek euskal literaturari eskainitako saila, eta euskaratik japonierara itzuli du Nami Kanekok Kirmen Uriberen Bilbao-New York- Bilbao.

Cervantesen albo onurak

Posizio pragmatikoaren alde lerratzen da Zaldua. Horregatik mintzo da Madrildik hel daitezkeen aukerak baliatzearen alde. Ez dira asko izaten Espainiako Cervantes Institutuak euskal idazleei eskaintzen dizkien laguntzak, baina badira batzuk, eta Zalduak egina du bidaiaren bat haiei esker. «Batzuetan halako zehar onurak lortzen dira halakoei esker, dena ez baita izango zehar kaltea». Bere «exotismo kuota» betetzeko antolatzen omen ditu halakoak Cervantesek, baina aukera hor dagoela dio, eta balia daitekeela. Okerrago dutela Ipar Euskal Herriko idazleek. «Parisek ez ditu euskaldunak horretarako erabiltzen, kupo exotikoa betetzeko baditu Afrikan kolonia izandako lurraldeak».

Idazlearen hitzetan, halere, beti dago tentsioa sorkuntzaren eta erakundetzearen artean. Bakarrik aritzen da sortzailea, eta taldetzea dakar erakundeak. Eta kontrapisu lana egin dezakete horregatik erakundeek. Leundu dezake sortzaileen autopropaganda eta zabaltze esklusiborako joera. «Euskal idazle bat kanpora doanean aipatzen dituen euskal idazle bakarrak hilda daudenak izaten dira, edo ezinbesteko erreferentzia bilakatu direnak bestela». Umoretik jarraitzen du azalpenarekin. «Merkatu literario globalaren eremua oso lehiakorra da, eta gurea bezalako literatura txiki batek kuota mugatua dauka. Horregatik, Highlander filmean esaten zen bezala, 'bat baino ezin da geratu'». Baina ez ditu ukatzen erakundetzearen arriskuak ere. «Edozein erakundetzeren arriskuak». Adiskidekeria, fosilizazioa... Baikorra da, halere: «Joera daukat sinesteko kalitateak irabazten duela, eta esportagarri dena esportatuko dela».

Eta hor erakundeen erronka. Obabakoak kaleratu eta 25 urtera zaila dirudi idazle bakan batzuen nazioartekotzea bultzatzetik, nazioartekotzeko bidea sendotzerako jauziak. Baina hor da koska.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.