Kataluniako Parlamentuaren osoko bilkurak astelehen goizean bozkatu ahal izango du Kataluniako Errepublika independentea sortzen hastea eta Espainiarekin «deskonexioa» gauzatzea defenditzen dituen adierazpen proposamena. Junts Pel Sik eta CUPek adostutako haustura adierazpenaren eta Kataluniako Parlamentuko mahaiak hura tramitatzeko erabili duen prozeduraren kontra Ciutadansek, PPk eta PSCk aurkeztutako babes helegiteak tramiterako onartu zituen atzo Espainiako Auzitegi Konstituzionalak; baina ezetsi egin zuen eztabaida bera eragozteko kautelazko neurririk hartzea, C'sek eta PPk hala egiteko eskatu arren.
Aho batez hartu dute magistratuek hiru alderdi unionisten babes helegiteak tramiterako onartzeko erabakia. Parlamentuko mahaiak haustura adierazpenari bidea emateko baliatu duen prozedurak —PPk talde parlamentarioa artean osatzeke zuela egin zuten Bozeramaileen Batzordea— diputatuen eskubideak urratu dituela salatu zuten C's, PP eta PSCk. Kataluniako Parlamentuak astelehenean egitekoa duen osoko bilkura kautelaz bertan behera uzteko Ciutadans eta PPren eskaera, berriz, aho batez ezetsi dute magistratuek. «Parlamentua debate politikoaren egoitza naturala» dela argudiatu du Konstituzionalak, eta «oraindik onartu gabe dagoen eta azken edukia ezagutzen ez den ebazpen bati kontrol konstituzionala ezartzeak» babes helegitearen beraren funtzioa gainditu egiten duela arrazoitu du Konstituzionalak.
Goizean lau orduko bilera izan zuten Konstituzionaleko magistratuek, eta bazkaltzeko etena egin zutenerako jakinarazi zuten auzitegiko iturriek babes helegiteak tramiterako onartu zituztela. Parlamentuko eztabaida saioa eragozteko aukerari buruz, berriz, erabateko adostasunik ez zegoela filtratu zuten hasiera batean, baina segidan eskaera aho batez ezetsi zutela jakinarazi zuten.
Kataluniako Parlamentuak astelehenean haustura adierazpena onartuko balu —Junts Pel Sik eta CUPek gehiengoa dute, 72 boto 135 eserlekuko ganberan—, Espainiako Gobernuak «ahalik eta lasterren» Auzitegi Konstituzionalean horren kontrako helegitea aurkeztuko duela esan zuen atzo Mariano Rajoyk. Eta, kasu horretan, magistratuek helegitea onartzearekin bat automatikoki bertan behera geratuko litzateke adierazpena. Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenak ez dituztela aintzat hartuko nabarmentzen du JPSk eta CUPek adostutako adierazpen proposamenak.
Eztabaida ez dute eragotziko
C's, PSC eta PPren helegiteak onartu ditu Konstituzionalak, baina kautelazko neurririk ez du hartu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu